Bosgarren izan nahi du

Real Madril, Valentzia eta Baskoniaren artean, Gasteizko taldearen aldeko hautua egin du Bilbo Basketek

Andoni Urbistondo.
2011ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zazpigarren dago, baina bosgarren izan nahi du. Hori lortzea, ordea, ez dago bere baitan bakarrik. Bilbo Basketek geratzen diren bi partidak irabazi behar ditu, eta Fuenlabradak eta Kanaria Handiak bietakoren batek edo biek galtzea, bi horien aurkako puntu aldea galdua dutelako bizkaitarrek. Samurragoa dirudi gaur Menorcari irabazteak, hilzorian baitago talde hori. Zailagoa da Madrilen hilaren 15ean Estudiantesen aurka jokatuko dena, hark jokoan ezer gutxi izango badu ere.

Bilbo Basketek kanporaketetako azken laurdenetan zein aurkari nahi duen hauta dezake, baina hautaketa hori gaiztotuta dagoenean, zaila da hautatzeko aukera hori ona edo txarra den zehaztea. Aukerak honako hauek direlako: Real Madril, Valentzia edo Baskonia. Oso zaila, zailagoa eta zaila. Zein aukeratu, baina? Fotis Katsikaris entrenatzaileak garbi du, atarikoan egindako adierazpenen harira. «Bosgarren postua nahi dugu, zazpigarrena baino hobea delako». Greziarrak ez zuen argitu helburu horrek Baskoniaren aurkako neurketa jokatzea duen bigarren asmo gisa, baina litekeena da hala izatea. Izan ere, gaur-gaurkoz Baskoniak Real Madril eta Valentzia baino ahulagoa dirudi, eta Katsikarisek ere badaki hori.

Kalkulu eta aukerako gurutzaketen inguruan lasaitasuna eskatu zuen entrenatzaileak: «Geratzen zaizkigun biak irabazten baditugu, 21 garaipeneko langa iritsiko dugu, eta horrek gauzak oso ondo egin ditugula esan nahi du». Katsikarisek garaipen erdiak Bilbotik urrun lortu dituztela gogoratu zuen, bederatzi hain zuzen ere, «eta horrek konfiantza ematen diola taldeari kanporaketako azken partida kanpoan izanda ere».

Menorca, mailari eutsi nahian

Menorcaren aurkakoa irabazita dagoela iradoki zioten kazetariek, eta haserretu egin zen apur bat Katsikaris: «Errespetua merezi dute talde guztiek. Menorca mailari eusteko borrokan murgilduta dago, eta, aukera duen heinean, ez da belaunikatuko. Manresari irabazi zion orain dela astebete, eta guri ere irabaz diezaguke. Fuenlabradaren adibidea presente daukagu: gehiegizko konfiantzarik ez». Menorca, ordea, erabat hondoratuta irits liteke partidara. Manresak geratzen zaizkion bi partidak galdu behar ditu, eta berak, geratzen zaizkion biak irabazi. Manresak atzo jokatu behar zuen, Estudiantesen aurka, 21:00etan, eta kataluniarren garaipenak Menorca maila galtzera kondenatuko du ezinbestean.

Ezeren okerrik ez bada, Bilbo Basket Menorca baino askoz gehiago da, eta Fuenlabradak eta Kanaria Handiak dituzten norgehiagoka zailak baliatu nahi ditu, sailkapenean haiei aurrea hartu eta presioa haiek izan dezaten. Valladoliden jokatuko du Fuenlabradak, Gaztelakoak zortzigarren postua lortzeko aukera dutela. Kanaria Handiak ere partida zaila dauka, Valentzia hartuko baitu Las Palmasen.

Katsikarisek azken asteetan taldeak gaizki egindako gauzei irtenbidea bilatzeko erabili nahi lituzke azken bi partidak: «Errebotean izan ditugun gorabeherak, adibidez. Horiek gainditzen ez baditugu, batere aukerarik gabe geratuko gara kanporaketetako lehen langan».

BILBO BASKET-MENORCA

Txapelketa. ACB ligako33. jardunaldia.

Bizkaia Bilbo Basket. Jackson, Fischer, Blums, Paco Vazquez, Vasileiadis, Warren, Mumbru, Hervelle, Banic, Mavroeidis eta Hernandez-Sonseca.

Menorca. Ciorciari, Servera, Limonad, Sanders, Cuthbert Victor, Diego Sanchez, Jakim Donaldson, Urko Otegi, Radenovic eta Caio Torres.

Sailkapena. Bilbo Basket 7. postuan dago: 19-13; Menorca azkena da: 7-25.

Lekua. Miribilla kiroldegia (8.500 ikusle).

Ordua. 20:00 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.