Izar baten moduan iritsi zen Realera duela bi urte, baina haren inguruko aurreikuspenak ez dira bete. Bi sasoi, partida gutxi, eta ezer erakusteko aukerarik ez. Aurreko denboraldian, hamazazpi aldiz zelairatu zuen Philippe Montanierrek ligan, baina beti azken minutuetan. Hondarribiako aurrelariak ez zuen behin ere asmatu atearen aurrean. Ahazteko moduko sasoia, beraz. «Ez dut aurreko denboraldikoa errepikatzerik nahi», azaldu zuen aurrelariak atzo. «Jokatu» egin nahi du.
Horretarako doa Osasunara, «pozik». Urtebetez arituko da Iruñeko taldean, Realak utzita. Atzo sinatu zuten akordioa bi taldeek eta jokalariak, Donostian. Jose Luis Mendilibarrek eskatutako fitxaketa da, taldearen aurrealdea osatzeko. Entrenatzaileak aurretik ere izan du bere aginduetaraLlorente, Eibarren —2004-2005ko denboraldian— eta Valladoliden—2006-2007ko eta 2007-2008ko sasoietan—. Gustuko duen aurrelaria da, eta Osasunako jokora egokitzen dena: borrokalaria eta azkarra.
Valladoliden oso ondo aritu zen, baita gerora Vila-realen ere. 2007. eta 2010. urteen bitartean, bi talde horietan 97 partida jokatu zituen Lehen Mailan, eta 29 gol sartu. Gero, Realak fitxatu zuen, igotzea lortu zuenean. Donostian, baina, bi denboralditan 35 partida jokatu zituen, eta soilik 5 gol sartu.
Fitxaketa horrekin, talde gorritxoak Dejan Lekic eta Ibrahima Balde aurrelariek utzitako lekua bete du. Orain, Juan Francisco Martinez Nino, Kike Sola eta Manu Onwurekin lehiatuko da Llorente, hamaikakoan postu bat lortzeko.
Hondarribiako aurrelariak ez daki aurreko sasoian baino «gehiago edo gutxiago» jokatuko duen, baina «jokatzea» du helburu, eta horretarako «borrokatzeko asmoz» iritsiko da Osasunara. Badaki Realean geratuta ez zuela «aukera askorik» izango, Montanierrek aurreko sasoia amaitzean jakinarazi ziolako. «Eskertzen diot hain garbi esan izana». Egoera horretan, baina, uste du Iruñeko taldean aritzea «aukera ezin hobea» dela, «gehien motibatzen» duen eskaintza.
Realean, entrenatzaileak ez zuen kontuan hartzen, baina azaldu zuen talde gorritxoan egoera guztiz ezberdina izango dela: «Mendilibarrek taldean nahi nau». Gainera, «betidanik gustatu» zaion estadio batean jokatuko du: «Jendeak asko animatzen du, jokalarion gainean dago». Horregatik, hurrengo sasoian «gustura» egongo dela uste du aurrelari gipuzkoarrak.
Realean aukera gutxi izan dituen arren, denboraldi-aurrea «ilusioz gainezka» hasi zuen Llorentek. Donostiako taldean geratu nahi zuen, eta leku bat izateko borrokatu. «Ez naiz aritu ero moduan beste talde batzuetara deika», argitu zuen aurrelariak. Hala ere, eskaintza batzuk jaso zituen, eta horietako bat Osasunarena izan zen. «Alde guztientzat albiste ona dela uste dut, baina, batez ere, niretzat», azaldu zuen.
Gaur bertan, Herbehereetara
Onartu zuen «barruan zerbait» duela ez duelako izan Realean sasoi on bat egiteko aukerarik. Denboraldia amaitzean itzuliko da Donostiara, kontratua duelako talde txuri-urdinarekin. Osasunan «sasoi on bat» egiten badu, «indar handiagoarekin» bueltatuko dela ziurtatu zuen. Realean gera zitekeen sasoi honetan ere, baina uste du «alferrik» zela.
Urtebetez ariko da Iruñeko taldean, baina ezingo ditu jokatu Realaren eta Osasunaren arteko norgehiagokak. Taldeak fitxatutako bosgarren jokalaria izan da. Aurreko laurak Fernando Macedo Nano, Sisinio Gonzalez Sisi, Alejandro Arribas eta Emiliano Armenteros izan dira. Llorentek gaur bidaiatuko du Herbehereetara, gorritxoen egonaldira batzeko. Osasunarekin estreinako partida jokatzekoaukera izan dezake taldeak bertan jokatuko dituen azken bi lagunartekoetan: Groningenen aurka (gaur) eta Heracles Almeloren aurka (etzi).
«Borrokatzeko asmoz»
Joseba Llorente utzita ariko da Osasunan, hurrengo sasoian; «jokatzea» du helburu aurrelari gipuzkoarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu