«Partida gogor eta borrokatuen falta sumatu dut. Ez da egon neurketa epikorik. Oso azkar joan dira ia denak. Saltsa falta izan zaio». Aurtengo Lehen Mailako Lau eta Erdiko Txapelketaz ari da Jon Alberdi pilotari profesional ohia (Azpeitia, Gipuzkoa, 1999). Gauza bera uste dute pilotazale gehienek.
Datuek uste hori indartu besterik ez dute egiten. Alde handia egon da emaitzetan: batez beste hamar tantorena. Hamabost partidetatik zortzitan galdu duen pilotariak ez ditu egin hamabi tanto.
Pilotakadak eta iraupena dira norgehiagoka baten gogortasunaren adierazle, eta horien datuak ere apalak dira: 213 pilotakada jo dituzte partidako, eta, etenaldiak barne, neurketek batez beste 49 minutu iraun dute.
Hiru modalitateetatik lau eta erdian jokatzen da bizien: tantoak eta partidak laburragoak dira. Halere, aurtengoa ezohikoa izaten ari da. Alberdik argi du horren arrazoia: «Material asko dabil, eta pilotari asko ari dira pilotari abiadura ematen behetik gora doala, kontrarioak sufriarazteko. Horren ondorioz, ez gabiltza ikusten ari angelu bila egiten dituzten pilotakadak. Argi geratu da: zenbat eta abiadura handiagoa eman pilotari, orduan eta balio handiagoa du».
Zifrak
213Pilotakadak partidako. Lehen Mailako lau eta erdikoan jokatu dituzten hamabost partidetan batez beste 213 pilotakada jo dituzte. Partidek, berriz, batez beste 49 minutu iraun dute.
12Galtzaileen tantoak. Galdu duten pilotariek hamabi tanto egin dituzke partidako, hau da, batez beste hamar tantoren aldea egon da partidetan.
%22Tantoak sakez. 508 tanto egin dituzte hamabost partidetan, eta 113 izan dira sakez: %22. Asko egin dira ere sake-errematez.
Sakea erabakigarria da banakako modalitateetan, eta halaxe izaten ari da: 113 tanto egin dituzte sakez, partidako ia zortzi. Tantoen %22 lortu dira lehen pilotakadari esker; ia laurden bat. Horiei, gainera, sake-errematean egindakoak gehitu behar zaizkie; asko dira. Alberdi harrituta dago. «Ez dut gogoratzen halakorik; pilotariak inoiz baino min handiagoa ari dira egiten sakez. Oso bizi eta egoki sakatzen ari dira: zazpigarren koadro pasatxora, eta 115 kilometro orduko abiaduran. Zaila da pilota eramaten, eta, gainera, pilotari denek aurrera egiten dutenez, eraman bakarrik ez, pilota kendu ere egin behar duzu. Bestela, hortxe bukatzen dizute tantoa».
Horren adibide jarri du Aitor Elordik eta Jon Ander Peñak final-laurdenetako ligaxkan Bilbon jokatu zuten partida. Harmailatik ikusi zuen. «22-21 irabazi zuen Elordik, eta emaitza ikusita pentsa daiteke oso partida gogorra izan zela fisikoki, baina ez zen horrela izan. Elordik zortzi tanto egin zituen sakez, eta Peñak, sei. Horiez gain, biek hainbat tanto egin zituzten sake-errematean. Txapelketan partida bakarra egon da luze-luzea eta gogor-gogorra, ordubete eta laurdenekoa: Lasok eta Peio Etxeberriak jokatu zutena. Besteetan, gehienetan sakeak triskantza eragin du, eta oso azkar joan dira».
Altuna, koska bat gainetik
Hala, ziztu bizian iritsi dira finalerdiak. Asteburuan jokatuko dituzte: larunbatean, Erik Jaka eta Peio Etxeberria arituko dira Iruñean, Labriten (17:15, ETB1), eta, igandean, Jokin Altunak eta Unai Lasok jokatuko dute Eibarren (Gipuzkoa), Astelenan (17:00, ETB1).
Alberdiren ustez, Peio Etxeberria da faborito Jakaren aurka. «Labrit ez da aproposena sake-errematerako: pilota nahiko erregular ateratzen da ezkerparetatik, eta denbora pixka bat gehiago duzu errestatzeko. Horrek Peiori egiten dio mesede. Eibarren balitz, Erikek aukera gehiago izango luke».
«Material asko dabil, eta pilotari asko ari dira pilotari abiadura ematen behetik gora doala»
JON ALBERDI Pilotari profesional ohia
Goraipatu egin du Aspeko aurrelaria. «Elordiri oso ondo jokatuta irabazi zion, eta Lasori, oso partida gogorra jokatuta. Neurketa hori izan da txapelketako onena, gogorrena, eta ikusi zen ondo prestatuta dagoela. Aukeran datorkio lau eta erdikoa: oso ondo errestatzen du, fisikoki oso gogorra da, ezker indartsua du, eta abiadura handia ematen dio pilotari». Jakari buruz, berriz, azpimarratu du «ondo» errestatzen duela, eta hura dela «pilotaririk eraginkorrena» lehen koadroan pilota hartzen duenean. «Pilotakada gutxiko partida nahiko du».
Argi du ere nor den faborito beste finalerdian: Altuna III.a. «Zabaletaren aurka binaka jokatzen duenean ez beste, Jokin beti da faborito. Jokin erakusten ari da pilota horren bizi dabilen garai honetan hura dela une oro pilota kontrolpean duen bakarra». Txapelatik gertu ikusten du. «Hark ematen du segurtasun handiena finalerdiak jokatuko dituzten lau pilotarien artean. Nik ez dut aspaldian ezagutu hura bezalakorik: binaka, ia beti jokatzen du abantaila emanez; ez du Zabaletarekin jokatzen. Hala ere, asteburuero aritzen da ondo, eta, txapelketak eta torneoak iristen direnean, beti dago finalean, eta askotan irabazi egiten du. Ikusgarria da».
Hala ere, uste du Lasok «estu» har dezakeela. «Unai oso ondo ari da. Peioren aurka galdu arren, sekulako partida egin zuen, eta sasoiko dagoela erakutsi. Gero, presiopean jokatu zuen Elordiren aurka, eta oso ondo kudeatu zuen egoera: ezin hobeto sakatu zuen. Bete-betean iritsiko da finalerdira».