Atletismoa. Daeguko Munduko Txapelketa

Bolten baimenarekin

Munduko Txapelketa jokatuko da Daegun, bihartik irailaren 4a bitarteanUsain Boltek iragarri du ez duela munduko markarik hobetzeko asmorik, eta irabaztearekin «konformatzen» dela

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Marka da txapelketa batean mundu osoko 2.000 atletak parte hartzea eta arreta guztia atleta bakar batek bereganatzea. Baina, hain da luzea Usain Bolten itzala, edonor itzalpean utz dezake; edonor axolagabetasunera kondenatu. Hori bai, ezin da ukatu jamaikarrak merezita irabazi duela tamainako garrantzia eta ospea, egundoko astindua eman baitio atletismoari azken hiru urteetan.

Hainbat atleta handiren erretiroak eta dopin eskandaluek umezurtz utzi zuten atletismoa izarrei dagokienez. Atleta bikainak egon bazeuden, baina aurrekoek zuten distira falta zuten. Boltek, baina, distiraz bete du atletismoa 2008tik hona. Tarte horretan, hirutan ondu du 100 metroko munduko marka —9,72tik 9,58ra eraman du—, eta bitan 200 metrokoa —19,32tik 19,19ra eraman du—.

2008an eta 2009an egin zituen marka horiek, bat ez beste denak urteko proba nagusietan: Pekingo Olinpiar Jokoetan eta Berlingo Munduko Txapelketan. Iaz, ordea, atseden hartu zuen. 2010a txapelketa garrantzitsurik gabeko urtea zela argudiatu zuen beharrezkoa baino gehiago ez egiteko. Gehiegizko lasaitasun horrek ondorioa izan zuen: bi urteetan lehen aldiz aurkari batek hartu zion aurre 100 metrokoan: Tyson Gay estatubatuarrak, hain zuzen ere.

Baina 2011k badu lehiaketa garrantzitsurik: bihartik irailaren 4a arte Daegun (Hego Korea) jokatuko den Munduko Txapelketa. Eta horrek akuilu nahikoa izan beharko luke Boltentzat. Baina ez. Jamaikarra aurten ere ez dago prest beharrezkoa baino askoz gehiago egiteko. Denboraldi honetako lehiaketetan erakutsi du: 9,88 izan da bere marka onena 100 metrokoan —zazpi atletek egin dute berea baino marka hobea—, eta 19,86koa 200 metrokoan —azkarrena izan da—. Zalantzarik bazegoen, oso argi utzi du zeintzuk diren bere asmoak Hego Koreara abiatu aurretik. «Daegun ez da munduko markarik egongo. Berlinen lortutako tituluei eustea da nire helburua. Jendeak espero du nik marka on bat egitea, baina uste dut 9,70eko marka lortzearekin nahikoa litzatekeela». Harrokeriaz betetako adierazpenak dira, baina halakoa da Bolt, autoestimua soberan duen atleta.

Asafa Powell ez da ariko

Ustekabeko galanta litzateke Boltek 100 eta 200 metroko probetan urrezko domina ez irabaztea. Tayson Gay etxean geratu da min hartuta, eta Asafa Powellek atzo bertan jakinarazi zuen ez dela 100 metrokoan ariko. Powellena da aurtengo marka onena (9,78), eta bi jamaikarren arteko lehia espero zen Daegun, baina aduktoreetan duen lesiotik osatu ezinda jarraitzen du Powellek.

Zorionez, Bolt pistan ez dagoenean ere izango da ikuskizuna, gutxi baitira Daegun ariko ez diren atleta entzutetsuak. Badira proba batzuk non faborito argia dagoen: David Rudisha kenyarra 800 metrokoan, Betty Heidler alemaniarra mailu jaurtiketan —berak hobetu du aurten ondu diren munduko marka apurretako bat: 79,42 metro—, Jelena Isinbaieva errusiarra pertika jauzian—lehiara itzuli da urtebeteko erretiroa hartu ondoren—, Andreas Thorkildsen norvegiarra xabalina jaurtiketan...

Badira parekotasun handikoak ere: 110 metro hesidunetan David Oliver estatubatuarra, Xiang Liu txinatarra eta Dayron Robles kubatarra ariko dira; gizonezkoen 10.000 metrokoan,Kenenisa Bekele etiopiarra eta Mo Farah ingelesa —Somaliakoa jaiotzez—; emakumezkoen gorako jauzian, Anna Txitxerova errusiarra eta Blanka Vlasic kroaziarra; 5.000 metrokoan, Vivian Cheruiyot kenyarra eta Meseret Defar etiopiarra... horrela, hamaika lehia ikusgarri. Ez da harritzekoa, munduko onenak ariko baitira bihartik aurrera Daegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.