Futbola Afrika Kopa

Boli Kostaren miraria Afrika Kopa irabazteko

Anfitrioien selekzioa ia kanporatuta egon zen multzoko fasean, baina finalean markagailua irauli zuen Nigeriaren aurka (1-2), eta Afrika Kopa irabazi du.

Boli Kostako jokalariak Afrika Kopa ospatzen. AFCON
Boli Kostako jokalariak Afrika Kopa ospatzen. AFCON
pettan uralde
2024ko otsailaren 12a
12:44
Entzun

Boli Kostak hiru punturekin bukatu zuen multzoen fasea, eta beste multzoetan zer gertatuko zain geratu zen. Mirarizen, Ghanaren eta Zambiaren akatsek hurrengo faserako txartela eman zioten, nahiz eta horretan Jean-Louis Gasset entrenatzailea ez egon, lortutako emaitza eskasengatik kaleratu baitzuten lehen fasea amaitzera itxaron gabe. Emerse Fae jokalari ohiak, entrenatzaile postuan ia eskarmenturik gabe, taldearen ardura hartu zuen, eta miraria gauzatzea lortu zuen, Senegalen, Maliren eta Angolaren aurka hiru kanporaketa zail gainditu eta finalean egoteko, eta, azken-azkenean, irabazteko. Horrela, elefanteek hirugarren Afrikako Kopa eskuratu dute, 1992koaren eta 2015ekoaren ondoren.

Atzo jokatu zen Afrika Kopako finala, Boli Kostan, etxeko selekzioaren eta Nigeriaren artean. Etxean jokatu arren, Nigeria zen faborito, txapelketan erakutsitako mailagatik. Arrano berdeek bi gol baino ez zituzten jaso txapelketa osoan, euren defentsaren sendotasunaren erakusgarri, eta, aurrealdean Oshimenen presentziarekin, Nigeria aurkari beldurgarri bihurtzen du. Bi taldeen asmoak hasieratik argi geratu ziren: Boli Kostak baloia nahi zuen, eta irizpidez mugitzen zuen Nigeriaren aurka. Nigeria 5-4-1ean antolatuta, aurkariaren akatsak bultzatu eta aurrelarien abiadura kontraerasoan min egiteko aprobetxatzea espero zuten.

Nagusi izan arren, Boli Kostari kosta egin zitzaion aukerak sortzea. Lehen ordu erdian ez zuten atezaina urduritu. Hala ere, etxekoen nagusitasun ikaragarriaren aurrean, Nigeria izan zen aurrea hartu zuena, Troost-Ekong kapitainak burukada indartsu batekin errematatu zuen korner batean.

Erabateko nagusitasuna

Bigarren zatiak bide beretik jarraitu zuen. Boli Kostaren erabateko nagusitasuna Nigeriaren aurrean, bere atetik gero eta hurbilago defendatzen zuena. Etxekoen abaguneak bata bestearen atzetik zetozen. Eta, azkenean, iraunkortasunaren bidetik iritsi zen etxekoen gola. Kessie Bartzelonako jokalari ohiak sartu zuen, alboko falta batean bigarren zutoinean errematatuta. Berdinketak ez zuen Nigeriaren erreakzioa eragin; aitzitik, etxeko zaleen animoak berotu zituen, eta Boli Kostakoak arrisku gehiagorekin hasi ziren heltzen Nigeriaren atera.

Sebastien Hallerrek abisua eman zuen txilena ikusgarri batekin, eta handik bost minutura iritsi zen behin betiko gola. Adingra gazteak Hallerrentzat erdiratu zuen, ia oinaren puntaz errematatu, eta bigarren gola sartu zuen. Markagailuan euren burua atzetik ikusi zutenean iritsi zen nigeriarren erreakzioa. Buruz baino gehiago bihotzez saiatu ziren arranoak, erasoko postuetan jokalari asko pilatuta, eta Boli Kosta giltzapetzen ahalegindu ziren, baina elefanteek ondo defendatu zuten, eta ez zioten erasoari uko egin.

Garaipena ausardiaren saria izan zen. Emerse Fae entrenatzaileak merezita eramango ditu bizipen guztiak, txapelketaren erdian selekzio deprimitu baten ardura hartu behar izan baitzuen, eta aste gutxi batzuetan gogoa eta grina eman baitizkie bere jokalariei. Boli Kosta zenbait minutuz kanporatuta egon zen, teknikaria txapelketaren erdian kaleratu zuten, eta azkenean txapeldun izendatu da bere herrialdean. Batzuetan horrelako ederra izan daiteke futbola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.