Astebete baino gehiago igaro da Euskal Herrian harri jasotzeko txapeldun berria dagoenetik: Ainitze Zumetak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) altxatu zituen kilo gehien Mungiako plazan (Bizkaia), 5.412,5 zehazki, eta Karmele Gisasolaren lau urteko nagusitasuna amaitu zuen. Euskal Herriko lehen txapela du harri jasotzaile zarauztarrak, eta garbi utzi du datozen urteetan gehiagoren bila joango dela: «Uste dut hurrengo urterako zenbakiak hobetzeko kapaza izango naizela, ezer pasatzen ez bada».
Denboraldi bikaina egin du Zumetak: duela bi urte inguru hasi zen harriak jasotzen, eta jada lortu du Euskal Herriko txapeldun izatea, baita Uliako Harriaren errekorra egitea ere. «Oso ondo» ikusi du bere burua denboraldi honetan, eta uste du horren gakoa teknika hobetzea izan dela. Crossfit-etik eta indar munduko kiroletatik iritsi da zarauztarra harri jasotzaileen mundura, eta horrek ondo hasten lagundu ziola uste du. Teknikan zuen hutsunea indarrez betetzen zuela azaldu du: «Azkarrago husten nintzen. Aurtengo txapelketan, adibidez, errekorra egiteaz gain, hobeto amaitu dut».
Iaz, Karmele Gisasolak ordura arteko kilo gehien altxatu zituen, baina, aurten, Zumetak ia 350 kilo gehitu dizkio aurten. Hala ere, aurkari estua atera zaio: Estefania Etxebeste, 22 urteko nafarra. Are gehiago, eguneko lehen bi lanetan, harri zilindrikoarekin eta kubikoarekin, Zumetaren aurretik izan zen Etxebeste. 75 kiloko zilindroan Zumetak baino hiru altxaldi gehiago egin zituen Etxebestek. Hala ere, hori espero zuen Zumetak, aurrez ikusi baitzuen nafarra zilindroa altxatzen: «Alkizan ikusi nuen 75 kiloko harriarekin zeinen erraz moldatzen zen». Hala ere, ez zuen espero kuboan ere Etxebestek altxaldi bat gehiago egitea.
«Hasi nintzenean okerrena harri hori neukan [bola], baina egia da bi urtetan izugarri hobetu dudala, eta orain agian gusturena hori ibiltzen dut»
AINITZE ZUMETAHarri jasotzailea
Onartu du horrek presioa handitu ziola; bazekien bola Etxebestek baino gehiagotan altxatuko zuela, baina ez zekien zenbat aldiz gehiagotan igotzeko kapaza izango zen, aurkariak baino bost gehiago behar baitzituen. Zumetak erakustaldia egin zuen, Etxebestek baino hamar aldiz gehiago altxatuz. Gauzak hala, 5.412,5 kilo altxatu zituen Zumetak, 5.075 Etxebestek, eta 5.012,5 Gisasolak.
Zumetak, beraz, bolari esker lortu zuen txapela, baina onartu du harri jasotzea probatzen hasi zenean okerren zeraman harria zela: «Hasi nintzenean, okerrena harri hori neukan, baina egia da bi urtetan izugarri hobetu dudala, pila bat, eta orain agian gusturena hori ibiltzen dut».
Lehen txapela
Zumetak bere lehen txapela lortu du Euskal Herriko txapelketan. Gisasolak irabazi zituen azken lau txapelak —2019, 2021, 2022 eta 2023—, eta aurten ere maila ona eman du mallabitarrak, baina hirugarren postuarekin konformatu behar izan du. Hala ere, Gisasolak iazko kilo mordo bera altxatu du, eta kontuan izan behar da lesionatuta egon dela denboraldi honetan, Gisasolak lan ona egin duela uste du Zumetak: «Egia da nik lehia Estefaniarekin nuela, bera nire aurretik zihoala ikusten nuelako. Baina Karmelek berak iazko zenbaki berak lortu ditu, eta, lesionatuta egon dela kontuan hartuta, kristoren lana egin zuen».
Egunak pasatu dira Zumetak txapela jantzi zuenetik, eta, gustura geratu zela azaldu arren, oinak lurrean ditu: «Agian garrantzia handiagoa eman beharko nioke; momentuan oso gustura geratu nintzen, baina segituan pasatzen zait euforia hori». Ez da txapelketaren aurretik urduri jartzen diren horietakoa. Gainera, onartu du ez zuela irabazteko presiorik, eta horrek lagundu zion txalekoa jantzi arte «nahiko lasai» egoten.
«Lau entrenamendu-edo egin ditut bakarrik txapelketa honetarako. Entrenamendu oso gutxi dira jakiteko zenbateraino aguantatzen duen gorputzak»
AINITZE ZUMETAHarri jasotzailea
Bestalde, «entrenamendu gutxi» egin zituen txapelketaren aurretik, eta onartu du batzuk «oso ondo» joan zirela, eta beste batzuk, «oso gaizki»; beraz, ez zekien ondo zer espero txapelketan: «Lau entrenamendu edo egin ditut bakarrik txapelketa honetarako. Entrenamendu oso gutxi dira jakiteko zenbateraino aguantatzen duen gorputzak».
Indartzen ari den kirola
Harri jasotzea, indarra nagusi den beste kirol asko bezala, gizonen kontua izan da duela ez horrenbeste arte. Baina emakume asko erakusten ari dira haiek ere kilo asko altxatzeko gai direla, baita haien artean lehiatzeko ere. Eta horren adibide da aurtengo Euskal Herriko harri-jasotze txapelketan inoizko parte hartzerik handiena izan dela. Gero eta garaile gehiago daude, gainera, eta elkarren arteko tartea geroz eta txikiagoa dela demostratzen dabiltza: lehia bizia dago elkarren artean.
5.412,5Altxatutako pisua, kilotan. Euskal Herriko harri-jasotze txapelketako errekorra egin zuen Zumetak Mungian: 5.412,5 kilo altxatu zituen.
Hori bera gertutik ikusten du Zumetak: «Gero eta neska gehiago gabiltza, eta urtetik urtera ikusten da zenbakiak asko ari garela hobetzen, bai pertsonalak eta bai txapelketenak». Txapelketez gain, erakustaldietan ere ikusi du emakumezkoen harri jasotzearen gorakada, «gero eta neska gehiago» ari baitira eskatzen.
Zumeta, Etxebeste, Gisasola eta antzeko figurak, gainera, hainbat neskarentzat erreferente bihurtzen ari direla uste du, eta gero eta neska gehiago ari dira izena ematen harri-jasotze ikastaroetan: «Gu ikustean, jendea animatu egiten da, eta, behin hasita, jendea gure maila berdinera iristen saiatzen da».