VALLADOLID 2. ATHLETIC 2

Boladaka, haizea bezala

Ordu laurdena betetzerako 2-0 aurretik jarri da Valladolid, baina De Marcosek (22. min.) eta Susaetak (50. min.) berdindu dute lehiaSeigarren postutik eta jaitsieratik zortzina puntura geratu da Athletic, behin-behinean

unai zubeldia
2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak: 1-0: Javi Guerrak (8. min.); 2-0: Buenok (15. min.); 2-1: De Marcosek (22. min.); 2-2: Susaetak (50. min.). Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak: Valladolideko Peñari; eta Athleticeko Aduriz eta Susaetari. Bestelakoak: 15.000 ikusle inguru Zorrilla Berrian.

Ekaitz giroa zegoen iragarrita Valladoliden, eta lehen minutuetan lehertu zen trumoia. Haizete handiarekin, oso giro arriskutsua zegoen atzelarientzat eta atezainentzat, eta Athleticek San Mamesen izan ohi dituen oldarraldi horietako batekin ekin zion Valladolidek partidari. Egurrean. Ondorioa? 15. minuturako 2-0 atzetik zen Athletic. Javi Guerrak sartu zuen 1-0ekoa, 8. minutuan, Rukavinari baloia eskuinera zabaldu, eta haren erdiraketa buruz sareetara bidalita. 15. minutuan, berriz, Adurizek jaurtiketa dotorea zutoinera bidali berritan, Javi Guerrak berak boleaz egin zuen errematea; Iraizozek urrundu, Larssonek erdiratu, eta Buenok sareetara bidali zuen baloia. Denboralea zegoen iragarrita iluntzerako, eta nahi baino lehenago iritsi zen trumoi giroa. Mila zaleren bultzadarekin, ordea, bilbotarrek piztuta amaitu zuten partida, eta hainbestean txukundu zuten egoera.

Adurizek zutoinera bidalitako jaurtiketa salbu, Susaetaren jaurtiketa ahul bat eta Adurizen penalti eskaera. Besterik ez zen gertatu lehen ordu laurdenean —Sereno atzelaria eta Aduriz, biak elkarri helduta zeuden 11. minutuan, baina adierazteko modukoa zen penaltia—. Atzo arte 40 gol jasota zeuden zuri-gorriak, eta bazirudien haizetea bezala, etengabea izango zela atzo iluntzeko gol erauntsia. Baina 2-0eko horrekin hasi zen Herrera jokoan sartzen eta taldea erasoan asmatzen. Pare bat kontraeraso onen ondoren, 22. minutuan iritsi zen Athleticen lehen gola, 2-1ekoa. San Josek eskuin hegalera zabaldu zuen baloia, Susaetak erdiratu, eta De Marcosek, eskuinez, barrura.

Desagertu egin zen Valladolid, eta, Herreraren aginduetara, hazi Athletic. Erdilariak jaurtiketa ona egin zuen area ertzetik 29. minutuan, eta pase sakon neurtua bidali zion Adurizi 31.ean. Estutzen ari ziren zuri-gorriak, Adurizek Valienteri ukondoarekin kolpe mingarria eman zion arte. Bizpahiru minutuan lurrean etzanda egon zen Valladolideko atzelaria, eta aldaketa eskatu behar izan zuen azkenean. Geldiune horrekin hartu zuten arnasa etxekoek, nahiz eta Susaetak urrutitik egindako erremate batekin amaitu zen lehen zatia.

Haize ufaden neurrira, boladaka aritu ziren bi taldeak, eta horrela hasi zen bigarren zatia ere. Lehen minutua betetrzerako zutoinera bidali zuen baloia Javi Guerrak, Larssonen erdiraketaren ondoren. Eta 50. minutuan berdinketaren gola lortu zuen Susaetak, korner batean. Ibai Gomezek atera zuen —Muniainen ordez zelairatu zen bigarren zatiaren hasieran—, Adurizen izterrera joan zen Ruedak urrundutako baloia, eta, nahigabeko pasea jasota, baloiari bultza besterik ez zion egin behar izan eibartarrak. 2-2. Zailena eginda zegoen.

Ruedaren penalti argia

Nahastu egin zen partida berdinketarekin, eta aurrelarien abiadurarekin arriskua sortzen hasi zen Valladolid. Berdinketaren golean bezala, ordea, Athleticek egin zuen min gehien, beste estrategia jokaldi batean. Ibai Gomezek indartsu erdiratu zuen, eta Aurtenetxek, buruz, zutoinaren kanpoaldera bidali zuen errematea. Zentimetro gutxi behar zituen baloiak goxo-goxo sareetara joateko. 2-3koa izango zen.

Hori bai, minutu gutxi geroago etxekoek eduki zuten eskura hirugarrena. Ia ezinezkoa zen baloia kontrolatu zuen Buenok, eta area barrutik gutxigatik bidali zuen Omarrek errematea kanpora. Eduki zuten Susaetak eta Ibai Gomezek 2-3koa eskura; baloia eskuarekin ukituta, penalti argia egin zuen Ruedak 82. minutuan. Irabazteko modukoa zen partida. Baina 2-0 galtzen hasita, ez da txarra puntua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.