Entrenamendua hasi aurretik egin dio kasu BERRIAri, Illunben. Elastiko eta galtza termikoak daramatza jantzita Kortaberriak (Donostia, 1982).«A zer-nolako hotza egiten duen! Fuenlabradan ez nuen halakorik ezagutu. Behin termometroa jarri eta zazpi gradu genituen. Eskuak gogortu egiten dira». Etxera itzultzearen prezioa da, eta GBCk dirua aurrezteko entrenamendu saioetan berogailua ez piztea erabaki duela. «Krisia da». Euskara berreskuratzen ari da, baina nahiago izan du gaztelaniaz erantzun.
Azken hamar partidetatik bederatzi galdu dituzue. Bolada txarra nola bizi duzue taldearen barruan?
Ez dira izan lehen itzuliko emaitzak, baina tira, zergatik pasatu den ere jakin behar da. Hainbat eratara azter daiteke; une txarrak egon direla badakigu, eta partidaren batean ez garela lehiatu; agian, hori egotz diezagukete, baina beste partida guztietan aurpegia eman dugu. Hemendik aurrera, halere, apurka min harturikoa berreskuratzen joango gara. Egutegia ere egokiagoa da, eta jendeari berriz ere konfiantza transmititzea espero dugu.
Alarmismorik gabe, beraz?
Bai, niri taldeak txertatzen dit konfiantza hori. Zaleak ez du eguneroko lana ikusten. Jokalariok, aldiz, bai, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Horretaz gain, gauzak hobeto egin behar ditugu, defentsa puntu hori berreskuratu... Galdu dugula iruditzen zait. Hor lesionatuek eragin dute, eta agian beherakada fisiko txiki batek. Guk ez dago zalantzarik.
Hain talde motzarekin, bi edo hori lesio eragozpen handia dira.
Lehen itzulian ez genuen halako arazorik izan, denboraldi-aurreko lehen egunetik eta multzo osoa izatea garrantzitsua da. Horrek maila oso altuan jokatzea ahalbidetu zigun liga hasieran.
Sito Alonsoren plana hori zen. Taldea oso goiz elkartu eta sasoi hasieran garaipenak pilatu.
Bai, ziur asko bai. Horrek oraingo egoera sortzen du, Kopatik partida batera egon ginen, eta orain, jendeak galtzen ikusten gaitu. Balantzea, dena den, ona da.
Beteranoen lana al da orain taldea piztea?
Ez dago aholku-emaile askorik talde honetan. Denok elkarrekin goaz, baita gazteenek ere. Denok dakigu zein tankerako partida bolada datorren orain.
Hilabete batean asko duzue jokoan. Murtzia, Obradoiro, Tenerife... Gaur irabazi edo galdu kontua asko aldatzen da.
Hori egia da. Lehen itzulietan ezusteko gehiago egoten dira, baina orain hasten dira taldeak eltzea babesten. Orain hasten da interesgarriena, aurkari zuzenak. Murtzia atzean utzi dezakegu, edo berpiztu. Hiru garaipen eta puntu aldea lortuz gero... Hau da gure liga, egutegi politagoa da.
AEBetako jokalariek ere, ezta? Taldean oso sartuta dirudite.
Talde honetako gakoetako bat da. Ez da bere zenbakiak egitera etorri den jendea, lan egitera etorri dena baizik, taldearen alde egitera. Jason Robinsonekin harrituta nago, nik ez dut oroitzen AEBetako jokalari hain zintzo eta langile bat. Gure bertute handietako bat.
Defentsa da GBCrenarma nagusia,eta norbaitek lan iluna egiten badu, hori zu zara.
Sitok eskatu zidan gauzetako bat izan zen. Azken urteetan rol hori egokitu zait. Taldekideei zerbait eskaintzen saiatze naiz. Hozka egin ezean taldeari ez diot ezer eskaintzen, baina egia da laguntza asko jasotzen dudala.
Ia ez duzu uztaira begiratzen.
Ez dut aitzakiarik horretarako.Inoiz ez naiz izan asko jaurtitzekoa. Eman dizkiot buelta batzuk gaiari, pixka bat sueltoago jokatzea. Beti lehenetsi dut pasea jaurtiketaren aurretik.
Zer moduz etxera itzulera?
Zoragarria da, lasaitasun handia. Egutegiari begira ez egon behar izatea liga noiz bukatzen den noiz ditudan egun pare bat Donostiara itzultzeko... Etxean erraztasun asko ditut, familia, lagunak, Kontxatik paseatzea...
Hiriari kostatzen ari zaio Ilunbera igotzea.
Ez da saskibaloi hiria izan inoiz, futbolzalea da gehiago, eta Reala gainera aro ona bizitzen ari da.Igo berritan taldea ondo zegoen, Reala ez... Baina tira, ezin kexatu. Guztiok nahiko genuke astero betetzea baina Ilunbe handia da. Gaska handiagoxeago bat beharko genuke. Dena den zaletasun handia duen jendea badago,bidaiatu egiten duela. Garai hauetan meritu handia du horrek.
Jon Kortaberria. Gipuzkoa Basketeko jokalaria
«Bolada txarrak ez du zalantzarik txikiena ere sortu jokalariongan»
Azken hamar partidetatik bederatzi galdu arren, ez dago urduri. Taldea horretarako prest zegoen, eta orain hasiko da GBCren liga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu