Ez lehenengo aldiz, eta, ziurrenik, ezta azkenekoz ere. Hamaikagarrenez, gidoi bertsua duen pelikula ikustea egokitu zaie gaur Mendizorrotzako jarraitzaileei. Besteak beste, irabazteko merituak egin arren, galdu egin baitu Alavesek, Bartzelonaren aurka (1-3). Harmailak goraino beteak zirelarik, partida duina jokatu du Luis Garcia Plazaren taldeak, eta gutxienez puntu bat eskuratzeko moduko lana osatu du. Erritmo eta intentsitate izugarria oinarri hartuta, hustu egin dira etxeko jokalariak, baina ez dute aski izan Bartzelona ahaltsua garaitzeko. Lauzpabost aukera on izan dituzte, baina soilik behin asmatu dute ate aurrean, eta hortxe egon da aldea. Izan ere, Alavesen areara gerturatu bakoitzean gola sartu dute kataluniarrek. Kalitatea erabakigarri gertatu da, beraz. Hala, bolada ona amaitu zaie gasteiztarrei, ezin izan baitute laugarren garaipena jarraian lortu.
Ideiak oso garbi zituela zelairatu da Alaves lehen zatian. Erritmo itogarria ezarri du lehen minututik, eta horri aurre egin ezinda ibili da Bartzelona. Presioa goi-goian egin du etxeko taldeak, eta baloi ugari berreskuratu ditu. Bere zelaian preso edukiarazi du Xavi Hernandezen taldea. Ondorioz, gol aukera bat baino gehiago izan ditu Alavesek, baina ez du asmatu. Bada, lehen ordu laurdena igarota parekatzen hasi dira kontuak. Oinetan gehiago izan du baloia Bartzelonak, eta eroso sentitu da aurkariaren zelaian jokatuta. Gero eta hobeto sentitzen hasi dira kataluniarrak, eta 22. minutuan jaso dute saria. Gundoganen pasea baliatuta, maisuki egin du 0-1ekoa Lewandowskik.
Golaren ondoren, testuinguru egokia izan du Bartzelonak nahi zuen jokoa egiteko, eta minutu erosoak izan ditu gerora. Baloia batetik bestera mugitu du etengabe, eta lasterka ibili beste erremediorik ez dute izan etxekoek. Halere, sakontasunik gabe ibili dira kataluniarrak. Alaves bera ere ez zegoen hain deseroso egoera horretan, eta pixkanaka egoera iraultzen hasi da. Berriro ere presioa oinarri hartuta, behin eta berriz hurbildu da aurkariaren atera, eta 35.ean sekulako aukera huts egin du Guridik. Luis Riojaren erdiraketa buruz errematatu du azpeitiarrak, eta Iñaki Peña atezainak atepetik atera dio baloia.
Itxaropenaren gola
Bigarren zatiari berdintsu ekin diote bi taldeek, eta epaileak txistua jo orduko izan du lehen gol aukera garbia Alavesek. Luis Riojak kanpora bidali du baloia atezainaren aurrean bakarrik zela. Bada, hurrengo jokaldian iritsi da 0-2koa, kontraeraso moduko batean. Jokaldi polita osatu ondotik, gol ederra sartu du Gundoganek. Mendizorrotzako jarraitzaileak kolpe baten isildu dira golaren ondorioz, baina, ustekabean, hortik minutu batera itxaropenaren gola egin du Samuk. Alex Solak jokaldi distiratsua egin du eskuin hegaletik, eta haren erdiraketa ez du alferrik galdu aurrelariak. Jokalariak ez ezik, zaleak ere piztu dira ederki, baina minuturik zailenetan eskarmentua erakutsi du Bartzelonak. Lehentasuna eman dio baloia oinetan izateari, eta pixkanaka apalduz joan da etxekoen freskotasuna, nekearen ondorioz.
Berriz ere intentsitatea ezartzeko asmoz, aldaketak goiz xamar egin ditu Alavesek, baina justu orduantxe iritsi da 1-3koa, Victor Roquek egina. Kolpe latza izan da gola etxekoentzat, eta horri buelta eman ezinda ibili dira gerora. Bartzelona hamar jokalarirekin geratu izana ere ez da pizgarri izan Luis Garcia Plazaren taldearentzat. Eta, azkenean, luze egin zaio lehia.