Iraia Iturregi. Athleticeko entrenatzailea

«Bizpahiru urte barru, multzo honek gauza handiak egin ahal izango ditu»

Azken bi garaipenek «konfiantza» emango diote taldeari, Iturregiren ustez. «Oso pozik» dago multzoarekin. «Lanerako eta hobetzeko prestutasuna eta gaitasuna du, eta konfiantza handia egunerokoan egiten dugun lanean», nabarmendu du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
Lezama
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Entrenatzaile baten izaera haren taldean islatzen dela esan ohi da. Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzaileari (Bilbo, 1985) hasieratik antzematen zaio barrutik bizi dituela futbola eta bere ogibidea, eta zer esanik ez Athletic. Entrenamendua amaitu berritan, pasioz mintzatu da hiruren inguruan.

Gustura egongo zarete lortutako azken bi garaipenen ostean, ezta?

Bai. Uste dut garrantzitsua zela taldearentzat, eta konfiantza emango diola.

Zer diozu denboraldi hasieraren inguruan?

Bagenekien denboraldi hasiera gogorra izango zela, aurreko denboraldian goiko postuetan egon ziren talde guztien aurka jokatu behar baikenuen. Gainera, inoiz izan dugun talderik gazteena daukagu. Azken hiru denboraldietan lehen taldera igo diren hamabost jokalari ditugu. Era berean, epe horretan bost jokalari garrantzitsu joan dira, eta beste hainbatek futbola utzi dute. Taldeak denbora behar du aldaketa horietara egokitzeko, bai multzo moduan, baita bakarka ere.

Hamar puntu bildu dituzue jokatutako zortzi partidetan. Esperotakoa al da?

Entrenatzaile moduan, beti espero duzu gehiago. Baina bagenekien posible zela egoera honetan egotea. Agian, Alavesen aurkako berdinketa izan da gehien mindu gaituena.

Jokoari dagokionez, zer hausnarketa egiten duzu?

Alavesen aurkako lehen zatian eta Atletico Madrilen aurkako bigarrenean emandako irudia izan ezik, taldeari ezin diot ezer leporatu. Ondo lehiatu da, eta irabaztera joan da beti.

Alavesen eta Atletico Madrilen kontrako bi zati horietatik, zer ez zitzaizun gustatu?

Alavesen aurka, partida hura ezinbestean irabazi behar zen presioarekin irten zen taldea. Hala, paseetan eta kontroletan huts egiten hasi zen hasieran, eta behera egin zuen. Arazoa ez da huts egitea, baizik eta horri aurre egiteko modua. Eta, kasu honetan, ez zuen asmatu, presioarengatik. Atsedenaldian, lortu genuen horri buelta ematea. Atletico Madrilen aurkako bigarren zatian, berriz, bigarren gola sartu zigutenean, partida irabazteko aukera zegoela sinesteari utzi zion taldeak. Eta, lehen zatian, ikusi zen posible zela. Pena izan zen.

Taldearen gaztetasunak eragina du horretan?

Baliteke. Baina hamaikako horretan bazeuden esperientzia zuten jokalariak : Peke [Ainhize Barea], Mariasun Quiñones, Nekane [Diez]... Gazteen kasuan, zerbait berria bizitzen ari dira. Bigarren Mailan, erraz irteten ziren jokoaren egoera batzuetatik, eta Lehen Mailan ez. Zergatik? Bigarren Mailan beren adineko jokalariak zituztelako aurrean. Hori barneratzen eta kudeatzen jakin eta ikasi behar da, eta bestelako bide batzuk topatu egoera horiei aurre egiteko. Gu ahalegintzen gara horretan laguntzen, baina egoera horiek zelaian bizitzeak lagunduko die gehien.

Orain arte, zer da taldetik gehien gustatu zaizuna?

Eguneroko lanean duen konfiantza, eta lanerako eta hobetzeko prestutasuna eta gaitasuna.

Eta joko aldetik?

Erakutsi duen nortasuna, bai baloiarekin, bai baloirik gabe. Horri lotuta, asko gustatu zait presio egiteko duen modua: beldurrik gabe, intentsitate handiz...

Iruditzen zaizu benetako belaunaldi aldaketa denboraldi honetan gertatu dela?

Azken bizpahiru denboraldietan joan diren eta erretiroa hartu duten jokalariak kontuan hartzen baditugu, ia hamaikako oso bat osa dezakegu. Gainera, epe horretan, denboraldi bakoitzean bost bat jokalari igo dira bigarren taldetik. Hori asko da, normalean bizpahiru izaten baitziren. Aldaketa hori sasoi honetan nabaritu dugu gehien, ez baita esperientziadun jokalaririk etorri hori orekatzeko. Baina ni oso pozik nago taldearekin. Talentu handiko jokalari gazteak ditugu, eta gure erronka da, batetik, haiekin pazientzia izatea, eta, bestetik, ahalik eta azkarren errendimendua erakuts dezaten lortzea.

Hainbeste jokalari gazterekin, aldatu egin al da taldea?

Bai. Jokalari gazte horietako asko oso alaiak dira. Freskotasun handia ikusten dut taldean. Hori helduagoak direnek duten esperientziarekin orekatu behar da, gazteenei oinak lurrean izaten laguntzeko. Uste dut lortu dugula, eta aldagelan giro itzela dagoela. Ikusten da asko disfrutatzen dutela egunerokoan, eta hori oso garrantzitsua da.

Taldearen eraldaketaren erritmoarekin gustura al zaude?

Entrenatzaile moduan, gustatuko litzaidake jokalari gazte horiek erabat egokituta egotea, eta ikustea gaitasuna dugula Bartzelona eta Real Madrilen pareko taldeen kontra irabazteko. Baina oinak lurrean ditugu, eta normaltzat hartu behar dugu gertatzen ari dena.

Eta zenbat denbora beharko duzue aldaketa prozesu hori erabat gauzatzeko?

Ezin dugu esan, talde oso gaztea dugulako, denboraldi hau trantsiziozkoa denik. Ez dut gustuko mezu hori. Izan ere, nahiz eta badakigun jokalari horien egokitzapen prozesuak denbora behar duela, sinetsita nago epe horiek laburtu ditzakegula gauzak ondo eginez gero. Hori lortzen badugu, eta daukagun multzoari eusten badiogu, talde honek gauza politak egin ahal izango ditu bizpahiru urte barru. Amezagaren eta Ortegaren adibidea jarriko dut. 17 urte dituzte soilik, baina lehen taldearen dinamikan daude. Hiru partida baino ez dituzte jokatu Lehen Mailan. Hala jarraitzen badute, esperientzia handia izango dute bi denboraldi barru. 19 urterekin, 50 partida inguru izango dituzte jokatuta Lehen Mailan. Gainera, baditugu jada beste hainbat gazte kopuru hori daramatenak, eta, bi urte barru, 100 inguru jokatu izango dituzte. Hori sekulakoa da. Horrekin batera, taldearen maila igoko luketen bizpahiru euskal jokalari ekartzea lortuko bagenu, iruditzen zait zerbait handia egin genezakeela.

Espainiako Ligako hiru maila nagusietan taldea duzuen klub bakarra zarete. Horrek lagunduko du, ezta?

Bai. Egia da bigarren eta hirugarren taldea zailtasunak izaten ari direla. Baina kontuan izan behar da bi talde horiek ia berriak direla, jokalari asko igo baitira mailaz. Baina, emaitzak txarrak izan arren, ikaskuntza handia dajokalari horientzat. Egoera horretatik ere pasatu behar dute ikaskuntza prozesu horretan.

Oihane Hernandez, Oihane Valdezate, Irene Ogiza, Ane Azkona... dira jada 50 partida inguru daramatzaten jokalarietako batzuk. Prozesu horretan funtsezkoak izango dira?

Bai, protagonista izateko eskatu behar zaie orain. Badira jokalari batzuk bigarren lerroan eroso egon direnak eta dena emanda aritu direnak. Orain, jokalari horiek egon behar dute lehen lerroan, eta ikusiko dugu nola egokitzen diren egoera horretara. Exijentzia eta presio horrekin jokatzen ikasi eta jakin behar dute. Gu horretan ari gatzaizkie laguntzen.

Lanketa hori, tekniko-taktikoa ez ezik, psikologikoa ere izango da, ezta?

Bai. Asko hitz egiten dut haiekin, eta sarritan galdetzen diet nola daramaten protagonista izan behar hori. Helburua da bideak bilatzea haien rolean eroso senti daitezen. Izan ere, ikusten dut barneratuta daukatela lehen lerroan egon behar dutela, eta ahalegintzen direla horretan. Baina puntu bat falta zaie oraindik. Lan eginez lortuko dute.

Eta gero, eskarmentudun jokalariak daude: Marta Unzue, Quiñones, Itsaso Uriarte, Nekane, Garazi Murua…

Bai, eta horiei eskatzen diegu igar dadila zer-nolako eskarmentua daukaten, bai zelaian, eta baita zelaitik kanpo ere. Ezin dira ezkutatu.

Beteranoak alde batera utzita, beste jokalari guztiak zure aginduetara egon ziren harrobian. Baten batek harritu zaitu?

Hala da, batzuk gaztetxoen mailatik. Konfiantza banuen gorenera iritsiko zirela, banekielako zein maila zuten. Alde horretatik, ez naute harritu. Baina Ortegaren eta Amezagaren egokitze prozesua, adibidez, oso-oso azkar joan da, eta horrek bai, harritu nau. Izugarrizko nortasuna dute, eta ez zaie inporta erantzukizuna hartzea. Ez dira ezkutatzen, eta, huts egin arren, baloia eskatzen dute beti. Ausardia dute taldekide helduagoei agindu eta zuzenketak egiteko ere. Baina ezin dugu erantzukizun osoa haiengan jarri: ez litzateke bidezkoa hori egitea. Izan ere, lehen taldera egokitu dira, baina Lehen Mailara egokitzeko prozesuan daude oraindik ere.

Uste duzu zaleek eta klubak pazientzia izango dutela prozesu honetan?

Ez naiz inor pazientzia eskatzeko. Ez dago nire esku. Lana ahalik eta ondoen egiten ahalegintzen ari naiz, eta transmititzen duen eta ondo lehiatzen den multzo bat osatzen.

Nola lortu jokalari gazte horiek Athleticen geratzea? Arriskurik ikusten duzu joateko?

Arriskua badago, azken hiru denboralditan ikusi baitugu bost jokalari oso garrantzitsu galdu ditugula. Baina guk egunerokoan erakutsi behar diegu hemen proiektu on bat dagoela, eta baldintzarik onenak dituztela handitzen segitzeko eta gauza politak lortzeko. Lezaman egindako berrikuntza lanak apustu horren isla dira, baita teknikarien profesionalizazioa eta teknikari gehiago izatea ere.

Aurreko denboraldian utzita egon ziren jokalarien lanaren inguruan, zer balantze egiten duzu? Izan ere, Bibiane Schulze eta Nerea Nevado, adibidez, jokatzen ari dira.

Nik bigarren taldean izan nuen Bibiane. Lesio asko izan zituen, eta ikusi genuen egokiena jokatzea zela. Valentziara joan zen, eta, han ere min hartuta egon arren, azkenerako dezente jokatu zuen. Hori oso ondo etorri zaio. Nevadok ere asko jokatu zuen Alavesen. Osopozik gaude egiten ari diren lanarekin.

Asko asebeteko zaitu prozesu hau jokalari horiekin egiteak, ezta?

Nik beti esaten dut tituluak irabaztea, bai jokalari eta bai entrenatzaile moduan, izugarria dela. Baina badira ikusten ez diren gauzak, titulu bat emango ez dizutenak, baina izugarri betetzen zaituenak:horietako bat jokalariak handitzen ikustea da. Sentitzea, gainera, oraindik ere hazteko eta hobetzeko tarte handia dutela. Egun, Bigarren Mailan nirekin txapeldun izan ziren hamabi jokalari daude lehen taldean. Hori izugarria da.

Nola erakarri talentua Lezamara?

Argi dago gero eta zailagoa dela. Orain dela urte batzuk, Athletic zen erreferente bakarra, eta euskal jokalari guztiek jokatu nahi zuten hemen. Orain, Alaves Lehen Mailara igo da; Realak, beste filosofia batekin, aurrerapauso bat eman du. Hor daude Osasuna eta Eibar ere. Euskal Herritik kanpo ari diren euskal jokalariak ekartzea ere zaila da, horietako asko ekonomikoki indartsuagoak diren taldeetan baitaude. Horren harira, zera egin behar dugu: hemen daukagun talentuari etekin handiagoa atera, eta kaptazioa bizkorrago egin.

Posible ikusten duzu denboraldi honetan Europan jokatzeko borrokan egotea?

Egun, hiru talde bakarrik sailkatzen dira Europarako, eta, errealistak izanda, ligan hiru talde baino gehiago daude guk baino potentzial handiagokoak. Baina ahalik eta gorenen amaitzeko borrokatuko gara.

Nola ikusten duzu liga, gaur-gaurkoz?

Uste dut gero eta gehiago kostatzen dela irabaztea. Lehen, gaizki lehiatuta ere, irabazi egiten zenituen zenbait partida. Orain, ez. Bestalde, izugarrizko aurrerapausoa eman da liga profesionalaren kontuarekin, baina, gero, zelai batzuetara joan, eta belar artifizialean jokatu behar duzu, eta hori ez zait batere gustatzen. Levante, adibidez, belar naturalean jokatzen aritu da sasoi osoan, eta, aurrekoan, artifizialean egin zuen. Horrek txapelketa baldintzatzen du. Gutxieneko baldintza batzuk ezarri beharko lirateke, eta betetzen ez dituen taldeak ezingo luke jokatu.

Zuzendaritza berria iritsi, eta Xabi Arrieta da orain idazkari teknikoa. Zer moduz harekin lanean?

Joseba Agirrek oso lan ona egin zuen azken urteetan; Xabi Arrietak oso ondo ezagutzen du emakumezkoen futbola, eta eskarmentu handia du. Eguneroko harremana dugu harekin, baita bigarren taldeko teknikariarekin ere.

Zuretzat nola doa denboraldia?

Ondo. Egunerokoa etengabeko ikasgaia da, eta etengabe aritu behar duzu hobetzen, gauza berriak probatzen... Jokalariengandik eta haiekin dudan harremanetik ere asko ikasten dut. Alde horretatik, pribilegiatua sentitzen naiz, hemen baliabide eta profesional onenak baititut ikasten eta handitzen segitzeko.

Presio handiagoa duzu orain?

Egoera oso zail batean hartu nuen kargua, eta hori izan zen ikasgairik onena. Ez zitzaidan besterik geratu. Jokalari gazteen inguruan esan dudan moduan, gora iristeko bidea oso bizkorra izan da, baina nire lanak ere fruituak eman behar ditu.

Eta zertan aldatu zara iritsi zinenetik?

Gauzak erlatibizatzen ikasi dut, lasaiago hartzen. Bestela, ezinezkoa da halako kargu batean egotea. Konponbidean jartzen dut arreta handiagoa jartzen dut, arazoan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.