Denboraldia hasteko astebete pasatxo besterik ez da falta, eta Realak oraindik ere ez du baikortasun mezu askorik zabaldu. Uste horretakoak dira behintzat Realeko hiru jokalari ohi: Joxerramon Eizmendi, Mikel Lasa eta Juanan Larrañaga. Hiruren iritziz, ilusioa eta itxaropena eduki behar dira sasoi ona egiteko, besteak beste, zuzendaritzak «jokalari onak» fitxatu dituelako; baina orain artekoa baino zerbait gehiago erakutsi beharko du David Moyesen taldeak liga ona egiteko. Besteak beste, zazpi lagunarteko jokatuta, bakarra irabazi baitu, eta soilik bi gol egin.
JOXERRAMON EIZMENDI Realeko jokalari eta entrenatzaile ohia
«Hainbeste diru gastatu ondoren, espero dut Reala Europan sartzea»
Denboraldi-aurreak momentuz besterik erakutsi badu ere, Real «on bat» ikusteko itxaropentsu eta gogotsu dago Joxerramon Eizmendi (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1960). «Asteburuak luze egiten dira futbolik gabe, eta desiratzen nago liga noiz hasiko. Anoetara joan eta Realarekin gozatzeko prest nago». Ordea, ba ote dago gozatzeko arrazoirik? «Fitxaketak kalitate onekoak dira. Reyes, Bruma eta Jonathasek beste puntu bat emango diote taldeari, eta ni baikorra naiz. Momentuz, taldeak arazoak ditu golak sartzeko aukerak sortzeko, baina jokalari onenek ez dute elkarrekin jokatu, eta hori kontuan hartzekoa da».
Helburuak aipatuta, Eizmendik argi du. «Hainbeste diru gastatuta, balentriaren bat lortuko ote du! Europarako sailkatzea espero dut». Baina ez hori bakarrik. Beste zerbait ere nahi du. «Moyesek harrobia alde batera ez uztea espero dut. Fitxaketak egitea ongi dago, baina jokalari gazte askok joan behar izan dute utzita, eta horrek pena ematen dit. Harrobian konfiantza gehiago eduki behar dugu».
MIKEL LASA Realeko jokalari ohia
«Nik Realari eskatuko diot kasta azaltzeko eta intentsitatez jokatzeko»
Eizmendik bezalaxe, Mikel Lasak (Legorreta, Gipuzkoa, 1971) ere ez du baikor izateko motibo handirik ikusi orain arte. Halere, «lasaitasuna» eskatu du. «Sasoi-aurrean ez dugu gauza berririk ikusi. Iragan sasoiko arazo berberak izan ditu taldeak. Gol falta, batez ere. Taldea erabat osatu gabe dago, eta konfiantza osoa daukat Jonathas eta Velarekin. Ea horiek konpontzen duten arazoa». Zuzendaritzak fitxaketekin behingoz asmatu duela pentsatzen du. «Jokalari onak dira Bruma eta Jonathas. Azken horrek Espainiako Liga ezagutzen du, eta hori garrantzitsua da. Egokitzeko denbora gutxiago beharko du».
Helburuak orain jartzea baino, «partidaz partida» joatea hobe izango dela uste du jokalari ohiak. «Nik Realari ez diot eskatuko Europarako sailkatzeko. Lortzen badu, askoz hobeto. Nik nahi dudana da neurketa guztietan kasta azaltzea eta intentsitatez jokatzea. Hortzak estutu behar dituzte jokalariek». Bada, horretarako, «taldea fisikoki oso ongi prestatuta ikusten dut. Ilusioz nago denboraldi berrirako».
JUANAN LARRAÑAGA Realeko jokalari ohia
«Velak funtzionatzen badu, Realak ere bai. Azkar osatu behar du»
Denboraldi-aurre guztietan ilusioa edukitzea normala dela uste du Juanan Larrañagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958). «Aurreko sasoian ere bagenuen, eta begira». Horregatik, lasai egon nahi du. «Liga hastera doa, baina uste dut David Moyes oraindik ere taldea ezagutzen ari dela. Lehenbizi, berak erabaki behar du zer nahi duen, eta, gero, jokatzen hasi». Izan ere, oso eskasa iruditzen zaio Larrañagari denboraldi-aurrean emandako itxura. «Jokoa txarra izan da, baina jokalariek minutuak pilatu dituzte, eta hori da garrantzitsuena. Gola falta izan du taldeak, baina ez dezagun alarma gorria piztu. Golak etorriko dira. Horretarako fitxatu dituzte Jonathas eta Bruma. Nik ez nuke beste inor fitxatuko».
Izan ere, «onena» etxean bertan dagoela uste du. «Vela da Realeko izarra. Hark funtzionatzen badu, Realak funtzionatuko du. Azkar osatu behar du». Bai fitxaketek, baita harrobiko jokalariek ere. «Fitxaketen kontua betikoa da, baina Realak ezin du ahaztu bizkarrezurra Zubietan daukala. Nik ez dut helbururik jarriko, baina bai desio bat. Espero dut harrobiko jende asko zelaian ikustea».
Bizkarrezurra, «etxean»
Hiru jokalari fitxatu ditu Realak lehen talderako: Diego Reyes, Bruma eta Jonathas. Joxerramon Eizmendi, Mikel Lasa eta Juanan Larrañaga Realeko jokalarien ustez, zaleen artean ilusioa eragiteko talde «ona» osatu dute, baina, helburuen gainetik, harrobia zaintzeak du garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu