Azken urtea oso gogorra izan da Victor Estebanentzat (Ezkarai, Errioxa, 1993) eta heldutasun handiz mintzo da. Beterano bat dirudi, eta badaki larunbatetik aurrera aukera oso ona izango duela. Aimar Olaizolaren ordez sartu dute Binakako Txapelketan, eta etzi jokatuko du finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko partida, Iruñean. Albisurekin ariko da, Elezkano-Rezustaren aurka.
Olaizola II.a ordezka al daiteke?
Aimar [Olaizola] ordezkaezina da. Baikoren asmoa bikote oso indartsu bat egitea zen, eta Olaizola-Albisu txapeldun izateko bidean zeuden. Aimarrena pena handia izan da. Nik miretsi egiten dut, eta merezi zuen finalerdietan egotea. Errealistak izanda, adinean gora doa, eta aukera ederra zen harentzat. Baina, tira, niri egokitu zait hura ordezkatzea, eta nik nire onena emango dut. Albisuk eta biok gure onena ematen badugu aukerak izango ditugu.
Egoera hau zer da zuretzat? Saria? Erantzukizuna? Zama?
Sari bat balitz bezala hartu dut. Aukera bat irits zedin desiratzen nengoen. Enpresak deitzen ninduenerako sasoi onean egotea zen nire helburua, eta hala izan dela uste dut. Egoera suertatu da, eta sasoiko nago. Nik ez dut presiorik sumatzen; badakit Baikoren bikote bakarra garela, baina nik gozatzeko aukeratzat hartzen dut.
Aukerarik onenak, askotan, espero gabe iristen dira.
Gakoa sasoiko egotea da, iristen denerako. Nik fase batzuk izan ditut, eta, horietan, animo aldetik ez naiz ondo egon, baina beti borrokatu naiz hobetzeko; inoiz ez dut amore eman entrenatzen.
Txapelketan lau partida jokatu dituzu. Bi irabazi dituzu, eta hiru ondo jokatu... Datuek zure sasoi ona berresten dute.
Bai, lehen partidan, Bilbokoan, ez nintzen ondo ibili. Gauza gehiegi egin nahi izan nituen, eta presaka aritu nintzen. Besteetan, dena den, emaitzez haratago, jokoa nabarmenduko nuke. Irudi sendoa eman nuen, huts gutxi eginez, eta horrekin gelditzen naiz.
Zuk atera duzu gaia. Ausarta zara, baina huts asko egiten dituzu. Hor dago gakoa?
Zalantzarik gabe. Hobetzeko zure gabezia eta bertuteak ezagutu behar dituzu. Nik onartzen dut gabezia bat izan dudala hor, eta txapelketa eta torneoetan eskura nituen partida oso garrantzitsuek ihes egin didatela nire hutsen erruz. Hausnarketa egin dut horren inguruan, eta enpresak ere jakinarazi dit nahi duen Victor horrek huts gutxi egin behar dituela eta tantoak gehiago landu. Enpresak modu onean jakinarazi zidan, eta nik modu positiboan hartu dut. Gure gakoa hori izango da, Jon Anderrek eta biok huts gutxi egiten baditugu, edozein bikoteri aurre egiteko moduko pilotariak gara.
Albisu eta zu ikustean, zaleak hutsengan pentsatuko du. Nola zuzendu aurkitu al duzu?
Garrantzitsuena da, nire ustez, Jon Anderrekin jokatu ditudan partida hauetan bera oso ondo aritu dela, eta horrek konfiantza ematen dit niri. Jokoan sartzeko garaian pilotarik onena aukera dezaket, bera hor egongo dela badakidalako, bere kolpearekin, eta badakit aukera gehiago izango ditudala. Defentsan ere lan gehiago egiten ikasi dut; arriskatu beharrean, landu; ondo ulertu dut, eta horretan ari naiz. Helburua irabaztea da, eta, irabazten badigute, ez dadila izan guk partida oparitu diegulako.
Horrela jokatzeko ahal fisikoa behar da. Zailduagoa dirudizu.
Nire bilakaera fisikoa beti berantiarragoa izan da. Adin bereko pilotariekin alderatuta, gehiago kostatu izan zait. Baina azken urte honetan arlo fisikoan pausoa eman dut. Iaz Binakako Txapelketatik kanpo gelditu izanak, eta buruz burukoan partida bakarra jokatu izanak arlo fisikoa lantzeko denbora eman zidan.
Zuk aipatu duzu. Iaz txapelketatik kanpo utzi zintuzten zortzigarren jardunaldian kirol arrazoiengatik. Orain, nola gogoratzen duzu?
Orain perspektibarekin ikusten dut. Baina egia da gertatu zenean dena beltz ikusten nuela; zuloan zaudenean, zaila da ondorio positiboak ateratzea. Orain, aldiz, gauza onak ere ikusten dizkiot. Beste arlo batzuk landu ditut. Nik pilota oso serio hartzen dut, nire bizitza da, eta bizkarreko handiak hartu dituen pilotaria naiz; eskura nituen partida askok egin didate ihes. Horrek guztiak partidetara presio handiz joatea eragiten zidan, eta orain beste modu batera hartzen ditut. Hori da jaso dudan ikasgaia.
Lau eta erdiko ligaxkak, buruz buruko partidak... Kostatzen zaizu maila ematea.
Iaz lau eta erdiko finalerdietatik tanto batera gelditu nintzen. Albisurekin binakakoan jokatu nituen zazpi partidetatik bostetan 20 edo 21 tanto egin genituen,. Buruz burukoan, Retegiren aurka, 21-14 irabaziz joan nintzen... Garai horretan aro ezkor batean nengoen, eta mamuak agertu ziren. Baina tira, azken lau eta erdikoan, finalisten aurka bakarrik galdu nuen. Guztiak irakasten dizu, eta ligaxka hau niretzat master moduko bat da.
Kirol psikologoren bati laguntza eskatzea ez duzu pentsatu? Bost hilabete egon zinen garaipenik gabe.
Arlo hori ere landu dut. Nire prestatzaile fisikoak arlo hori lantzen du; laguntza eskatu dut, eta, alde horretatik, oso pozik nago. Etxean anaia ere badut; eskarmentu handia du, une gazi-gozoak bizi izan ditu, eta laguntza handikoa da. Aholku onak eman dizkit.
Zein da partida nagusietan finkatzeko falta zaizun koska?
Sendotasuna. Orain arte erakutsi dut, partidan sartuta eta zentratuta egon naizenean pilotari guztien aurka lehiatzeko gai naizela.
Baikoko laugarren aurrelaria izatea oso garesti dago: zu, Laso, Arteaga, Artola...
Egia da, eta agian horregatik ez naiz finkatu lehen mailan. Lehia horrek ez nau erlaxatzen utzi; beti erne egon naiz. Debutetik ezagutu dut lehia hori. Lehen, Elezkano ere bazegoen, eta gainetik Berasaluze. Lehia horrek mesede egin dit hobetzen jarraitzeko.
Elezkano aipatuta, etzi parean izango duzu. Hark eta Rezustak dute defentsarik onena?
Ez nuke hori nabarmenduko; elkar hobekien ezagutzen duen bikotea da. Elezkano Aspera joan zenetik, partida asko jokatu ditu Rezustarekin, eta horrekhaiek elkar ondo ezagutzea finkatu du. Denok dakigu zuloa eskuinean dutela, baina hain ondo moldatzen direla ezinezkoa dela zulo hori aurkitzea.
Egongo da pentsatuko duenik bikote ahulena zaretela.
Normala da. Ni ez naiz Olaizola. Olaizola-Albisu zen bikote indartsua, eta orain ordezko bat dago.
Finala pasatu zaizu burutik?
Ez, larunbatekoa bakarrik. Hori ere ikasi dut. Askotan partida bat jokatzen ari nintzela geroago zetorren horretan pentsatzen nuen, eta horrek kalte egiten zidan.
Victor Esteban. Baiko Pilotako pilotaria
«Bizkarreko asko hartu ditut, baina ikasgai handia dira»
Haren ibilbideko urte gogorrena pasa berritan, Victorrek aukera bikaina jaso du ezustekoan: binakakoaren finalerdiak jokatzea Olaizola II.aren ordez. Emaitzek baino gehiago, ondo aritzeak arduratzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu