Bizkaiak eta Gipuzkoa Batek jokatuko dute Bote Luzeko finala

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Bote Luzea txapelketak egun handia izango du etzi, Oiartzunen (Gipuzkoa, 17:30). Bizkaia iazko txapeldunak eta Gipuzkoa Bat taldeak III. txapelketako finala jokatuko dute, Beheko Plazan. Gero, Kontzejupean, Iñarrak eta Salaberriak buruz buru neurtuko dituzte indarrak. 20:00etan, Pilota Oiartzunen liburua aurkeztuko dute, udaletxeko areto nagusian, eta 21:00etarako afaria antolatu dute, Intxixu jatetxean.

Oiartzungo Txost elkarteak antolatu du aurtengo txapelketa, eta zortzi taldek hartu dute parte: Iparralde Bat,Bi, Hiru eta Lauk (Lapurdiko hiru talde eta Nafarroa Behereko bat); Nafarroak, Bizkaiak eta Gipuzkoa Bat eta Bik. Hurrengo urtean beste parte hartzaile bat egongo da, jakina baita Arabak ere taldea osatuko duela.

Ligaxka jokatu ondoren, iraileko azken asteburuan jokatu ziren finalerdiak. Bizkaiak Iparralde Bat kanporatu zuen, eta Gipuzkoa Batek, Gipuzkoa Bi —2016ko eta 2017ko txapeldunordea—. Ondorioz, aurtengoa finala berria izango da. Iaz, Bizkaiak 7-4 irabazi zuen Gipuzkoa Baten aurka, eta, 2016an, Lapurdi Batek 6-3 garaitu zuen Gipuzkoa Bi. Euskal selekzioa nazioartean lehiatzen hasi denetik asko hobetu da jokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.