Kanpoan dabil Laura Pardo Araskiko jokalari eta kapitain ohia (Gasteiz, 1989, eta telefonoz erantzun ditu galderak. Denboraldia amaitzearekin batera utzi du hainbeste maite duen saskibaloia. Edo utzi egin behar izan du.
Lanarekin ezin uztartu saskibaloia, eta utzi egin behar. Hori, elitean. Gordinegia ez al da?
Lanaren aldeko hautua egina neukan lehendik ere, biak ezin nituelako egin. Azken asteetan saskibaloiarekin uztartzea tokatu zait, hala ere, eta gaizki moldatu naiz, gogorra izan da: 16:00etan bazkaldu, 17:30ean entrenatzen ari nintzen... Hilabete batez egin daiteke hori, baina liga osoan eta zazpi hilabetez, ez. Datorren denboraldian ere antzera ibili beharko nuenez, ez zela bideragarria erabaki nuen.
Behartuta utzi behar izan duzu saskibaloia, hortaz.
Bai eta ez. Hautu bat egin behar nuen, bat edo bestea. Gorputzak ere nahikoa dela esan dit, eta horregatik ere utzi dut. Azkenean, saskibaloian bizi beharreko guztia bizi ahal izan dut. Sekulako esperientziak izan dira. Horregatik, behartua ez da izan erabakia. Bizitzako etapa bat bukatu da, eta beste bat hastera noa.
Saskibaloiko jokalari profesionala izan bazina, jokatzen segitzearen alde egingo zenuen?
Betiko kontua da azkenean. Ohorezko Maila ez da liga profesionala, batetik, eta sekulako exijentzia dago, bestetik. Ondorioz, horretan bakarrik aritu behar duzu, eta ezinezkoa da lanarekin uztartzea.
Badela zer egin oraindik emakumezkoen saskibaloian, eta kirolean, oro har.
Pausoak eman dira, baina gehiago falta dira. Tristea da, baina horietako gehienak emateko dirua behar da. Inbertsioa handiagoa balitz, aukera legoke, baina klub asko lotuta daude, ezin ezer eginda baliabideetan, instalazioetan eta abar. Eta hori guztia beharrezkoa da liga gehiago profesionalizatzeko.
Pauso bat eman da: gizartea hasi da emakumezkoen kirola jarraitzen.
Emakumezkoen kirola oro har gehiago ikusten da, baina inbertsio handiagoa behar da, hedabideen aldetik ez ezik, norbanakoen partetik ere bai, oraindik badelako gu ikusteko dirua ordaintzeko prest ez dagoen jende. Ea denborarekin gizonezkoen kirolaren parean jartzen garen, neurri batean behintzat.
Lana eta saskibaloia uztartzearen eraginez, nola moldatu zara kanpoko partidetara joateko?
Taldearekin batera joan naiz beti, baina behin nire zain egon zen autobusa, lanetik ateratzeko zain. Ferrolera [Galizia], 23:00etan iritsi ginen, oso berandu. Behin egin zuten niregatik. Oraingoa baino lehen ere uztartu behar izan nituen lana eta saskibaloia, eta, orduan, oporretako egunetatik hartzen nituen jaiegunak, kanpoan jokatzera bidaiatu ahal izateko.
Ibili zaren bezala ibilita, gauza bat dago garbi: saskibaloia maite duzu.
Txiki-txikitatik eraman ninduen aitak partidak ikustera, eta betidanik gustatu izan zait. Berandu hasi nintzen jokatzen, hala ere, ikastolan ez baitzegoen nesken talderik. 13 urterekin aurkitu nuen jokatzeko eta entrenatzeko leku bat. Hortik aurrera, beti egon naiz saskibaloian sartuta. Bizitzeko modu bat izan da niretzat. Beste edozeren aurretik jarri izan dut.
Amets bat bete duzula esan duzu.
Erabat. 13 urterekin hasi nintzenean, ez nuen pentsatzen honaino helduko nintzenik. Batez ere gogoangarria da ezagutu dudan jendearengatik eta bizi izandako esperientziengatik. Umea nintzenean hau biziko nuela esan izan bazidaten, dirua ordainduko nuen. Ez nuke egindako sakrifizio bat bera ere aldatuko.
Zeri egin diozu uko saskibaloian jokatzeagatik?
Lagunei. Larunbat gauetan, haiek kalera ateratzen ziren, eta ni, etxean, hurrengo egunean partida nuelako. Ikastolako ikasturte amaierako irteerei ere bai, txapelketak izaten nituelako. Gaztetan erreparo gehiago ematen zidan gauza horiek galtzea.
Saskibaloia bai, baina ikasketak ere bai: enpresaritza ikasketak egin zenituen. Burua bere lekuan, alegia.
Ez dakizu zer gertatuko zaizun kirolean. Lesio batek uztera behartzeko arriskua dago. Txikitatik garbi neukan ikasten segitu behar nuela, eta Araskin Ohorezko Mailan egindako bost denboraldietan ere ikasten jarraitu dut, etengabeko formazioan. Sekula ez da nahikoa izaten. Ez da jakiten bizitzak zenbat buelta emango dituen. Edozertarako prest egon behar da.
Azkar erakutsi zenuen edozertarako prest zeundela. Izan ere, 15 urterekin Madrilera joan zinen jokatzera, Canoera. Nolatan?
Araba taldean ari nintzen jokatzen, eta sanprudentzioetan txapelketa bat jokatu genuen. Canoe ere etorri zen jokatzera, eta entrenatzaileak ikusi egin ninduen jokatzen. Gustatu, nonbait, eta, uda horretan, hara joateko aukera eskaini zidaten, beka batekin. Ikasi egiten nuen, eta haiekin saskibaloiak jokatu. Hiru urtez ibili nintzen horrela.
Etxekoek bultzatu zintuzten joatera, ala zuk konbentzitu zenituen haiek?
Garbi esan zidaten zer atera zitekeen ondo, eta zer ez. Eta erabakia nire zela esan zidaten. Babestuko nindutela batera jo edo bestera jo. Kontua izan zen itzultzeko aukera nuela gaizki egonez gero, baina oso ondo egokitu nintzen.
Canoeren lehen taldean ere jokatu zenuen.
Bai. 16-17 urte izango nituen. Bigarren Mailan zeuden orduan. Haiekin entrenatzen nintzen, eta asko ikasi nuen.
Hiru urteren buruan, etxera itzuli zinen, Abaroara lehendabizi, eta Irlandesas taldera gero.
Canoen ezin izan nuen ikasi azken urtean, goiz eta arratsalde entrenatzen zirelako. Garbi neukan ikasten segitu nahi nuela, eta etxera itzuli nintzen ikasten segi ahal izateko.
Gero, nora, eta Irlandara.
Gradua bukatu eta gero, beka bat eman zidaten hara lanera joateko. Saskibaloiko talde bat aurkitu nuen, jokatu ahal izateko.
Zure ibilbideko azkeneko pusketa Araskin egin duzu. 2014an itzuli zinen, bi urte geroago mailaz igo zineten, eta gaur arte. Zer da Araski zuretzat?
Nire bizitzaren historiako parte da. Dena, azken batean [barrezka]. Kluba sortu zenetik nago bertan, eta saskibaloia dago hemen barruan. Klubarekin batera hazi nintzen.
Klubeko langile ere izan zara, jokalari izateaz gain.
Ikasteko lan praktikak egin nituen klubean, administrazioan.
Klub txikia izanik, beste arlo batzuetan ere arituko zinen ziurrenik.
Klub apala gara, eta ez dago dirurik arlo bakoitzean langile bat jartzeko. Beharrezkoa da, baina ezin da. Edozein lan egiten nuen. Egun batean Campus bateko gauzak jasotzera joan, adibidez, eta beste hainbat zeregin.
Nolako etorkizuna dauka Araskik?
Luzea eta kalitatezkoa izan dezala. Liga gero eta zailagoa ari da bihurtzen, hainbat talde aurrekontu handiak osatzen ari direlako. Araskirena, berriz, txikienetako bat da. Ea onenen artean jarraitzeko moduan garen. Pena emango zidan diruagatik onenen artetik atera behar izateak.
Harrobiko lan ona egiten duzue.
Bai. Talde asko dauzkagu, neska ugari.
Baskonia ere hasi da emakumezkoen taldearekin lanean. Zer iritzi duzu horretaz?
Askatasun guztia daukate nahi dutena egiteko. Ez du zertan liskarrik egon behar bi kluben artean. Gauzak ondo egiten badira, edozeinek izan dezake lekua hirian emakumezkoen taldeak ateratzeko. Araskik ezagutza dauka, esperientzia, eta Baskoniak dirua eta instalazio hobeak dauzka.
Harrobiko jokalariei zuzendu zinen agurrean: «Legatu bat da nire ibilbidea, ikus dezaten denak ez duela balio irabazteko, eta ikas dezaten saiatuz, sakrifikatuz eta hainbat balio landuz, edozein lekutara hel daitezkeela».
Haiek orain diren bezalakoa nintzen lehen, eta garrantzitsua da ikustea nola osatu dudan hogeiurteko ibilbidea: lanarekin, asko sakrifikatuz, orduak sartuz eta abar. Benetan gustatzen bazaie, aukera izan dezakete horretatik bizitzeko.
Zu hasi zinenean orain baino pazientzia handiagoa zegoen harrobiko jokalarien inguruan? Gurasoak eta...
Bai. Lasaiagoa zen lehen. Denek zekiten prozesu bat zela, eta haurrek bagenekien beteranoengandik ikasi behar genuela. Orain, umeek, eta batez ere gurasoek, dena irabazi nahi dute, beren alabak edo semeak hogei puntu sartzea partida guztietan eta abar. Oinak lurrean eduki behar dira, eta jakin egin behar da irabazi baino gehiago galtzen dugula bizitza honetan. Irabaztea bezain garrantzitsua da galdu ondorengo kudeaketa. Gauza asko ikasten dira galdutakoan, eta harrobian ere erakutsi egin behar da hori. Galtzea eta irabaztea emaitza baino gehiago da.
Entrenatzaile izateko ikasten ari zara, eta junior taldeari laguntzen. Hausnarketa hauek orain indartu zaizkizu, ala jokalari izandako urteetakoak ere badira?
Jokalari izan naizenean, egin izan ditut horrelako hausnarketak. Gero, entrenatzaile gisa, pentsamendu horiek gauzatzen saiatzen naiz, baina haurrek denbora behar dute ulertzeko. Jokatzen dugunean, denok gara lehiakorrak, eta irabaztera atera behar da, baina jakin egin behar da galdutakoan zer landu.
Nola lantzen da hori?
Bakoitzaren esku dago neurri handi batean, eta bi aukera daude: nork bere burua zigortzea akatsengatik, edo aztertzea zer egin den gaizki, hobetzeko.
Entrenatzaile profesional gisaikusten duzu zeure burua egunen batean?
Goizegi da hori jakiteko. Saskibaloian jarraituko dut, baina ez dakit nola, noiz eta non.
Bitartean, zure zaletasunekin gozatzeko denbora gehiago izango duzu. Hiru nabarmendu izan dituzu; aurrenekoa jolas parkeak dira. Zergatik?
Adrenalina askatzeko oso onak dira. Sartzerakoan bertigoa etortzen da, baina bukatzean, adrenalina bete-betean izaten da. Beti gustatu izan zait hori guztia bizitzea. Alemaniako bat izugarri gustatzen zait.
Bigarren zaletasuna: mahai jokoak. Autobuseko orduengatik?
Gustatzen zaigu kartetan jokatzea, bai. Bestela ere gustatzen zaizkit, baina estrategiak garatzeko oso egokiak direlako.
Eta hirugarrena: ihes gelak.
Berriagoa da hori. Logika asko landu behar da. Baita estrategia eta talde lana ere.
Buruari buelta asko ematekoa zarela ematen du.
Bai, horrelakoa naiz [barrezka].
Saskibaloian ez dago, bada, denbora asko pentsatzeko.
Berez, ez, baina gustatu izan zait jokoari zentzua ematea. Jokoa aztertzekoa izan naiz, unean-unean komeni dena taldeari eman ahal izateko.
Bidaiatzea ere asko gustatzen omen zaizu.
Ia denei bezala, uste dut. Ikasteko, gauza ederra da beste herrialdeak, hiriak eta kulturak ezagutzea. Betidanik izan dut gustuko. Baina ez naiz leku askotan izan, saskibaloiak denbora kendu didalako. Hala ere, aukera izan dudan bakoitzean, ospa egin izan dut.
Motxila hartu, eta leku batzuetara joateko irrikaz ei zaude.
Peru, Costa Rica eta AEBetako Mendebaldeko kostaldera joango nintzateke, baina orain ez daukat denborarik. Egiteko ditudan gauzen zerrendan utziko ditut.
Laura Pardo. Saskibaloi jokalari ohia
«Bizitzeko modu bat izan da saskibaloia niretzat»
Gero arte bat izan daiteke agurrik gabeko agur bat. Zaila behar du izan hogei urtez zure bizitzaren erdigune izan den zerbaiti adio esatea. Araskiko jokalari eta kapitain ohiak oraintxe utzi du saskibaloia; besteak beste, lanarekin uztartu ezinda. 13 urterekin hasi zen, eta 33 betetzear dela utzi du. Baina ez da agur bat, jarraitu nahi baitu; ez daki zertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu