Normal-normala ere ez da Bartzelonaren gisako talde batek belauneko lotailu gurutzatua hautsi berri duen jokalari bat fitxatzea. «Baina aurretik hitz eginda geneukala esan zidan entrenatzaileak, eta pertsonak zirela garrantzitsuenak; ez ninduela albo batera utziko». Ezohiko hitz horien goxotasunak baretu egin zuen Leire Landak belaunean zeukan mina (Irun, Gipuzkoa, 1986). Joan den denboraldiko azken partidan izan zen, Espainiako Kopako finalean. «Ilusio ikaragarriarekin joan ginen denok Ceutara». Eta Athleticek oso estu hartu zuen Bartzelona (1-1). Baina penaltietan etsi zuten zuri-gorriek. «Nire finala, ordea, 40. minutuan amaitu zen: belaunak, bat-batean, krak egin zidanean».
Irundarrak aitortu du «lasaitasun handia» eman ziola Xavi Llorensen mezuak. «Hitz eginda bai, baina artean kontratua lotu gabe geneukalako». Kopako finala jokatzen hasterako, Landak erabakita zeukan «aldaketa bat» behar zuela bere bizitzak. «Nomada samarra naiz izatez, eta, Athleticen igaro nituen bi urteak zoragarriak izan baziren ere, aldatzeko gogoa neukan». Beste hiri bat, beste talde bat, beste mediku batzuk, beste... «Gogorra izan zen hasiera, baina izugarri eskertu nituen Llorensen hitzak. Bultzada handia eman zidan errekuperazio lanerako». Horrelako lesio baten alderik zailena edo gogorrena zein den galdetuta, hala ere, sentsazioetara jo du irundarrak. «Dena zor diot Bartzelonari, momentu zailean egin zuelako nire alde». Baina, hain zuzen ere, hori izan da gogorrena. «Haiekin zorretan nengoen sentsazioa edukitzea. Eman dezakedan guztia emango dut zelaian».
Zazpi hilabete luzeko ezinaren ondoren, gipuzkoarra duela bi jardunaldi itzuli zen zelaietara, Santa Teresaren aurkako partidan. Joan den larunbatean, berriz, partida guztia jokatu zuen Sant Gabrielen aurka. Tartean, beste bi lagunarteko jokatu zituen Espainiako selekzioarekin. «Luzera begirako planak egiten nituen lehen». Baina azkar ikasi du gertueneko planak bakarrik egiten. «Egun batetik bestera ezerezean gera daitezkeelako denak. Futbolarekin gozatzea da orain helburua, ondo pasatzea; pozik bizitzea».
Landak oso umetan ikasi zuen bizitzari neurria hartzen. Halabeharrez ikasi ere. Minbizia atzeman zioten bederatzi urte zituela. Burkitten linfoma. «Hilabete inguru neraman gauero amari bizkarreko mina neukala esanez». Baina traumatologoak ez zion ezer aurkitu. «Gau batean, ordea, aitak kozkor handi bat ikusi zidan lepo inguruan, eta, medikuarengana joanda, berehala esan ziguten tumore bat neukala tripan; bizkarrekoa erreflexua zela».
Benetako kolpea izan zen hura. «Denbora asko igaro behar izan nuen ospitalean». Eta berehala hasi zen ondorioak nabaritzen: ilea galtzea. «Gogorra izan zen hasieran, baina askorik ere ez nintzen konturatzen. Txano kutun batekin konpondu nuen dena». Aitarekin Bartzelonaren partida bati begira jarri eta debuta egitera zihoan gazte burusoil bat ikusi zuen arte. «Ivan De la Peñaren lehen partida zen, eta Lehen Mailako jokalari bat ilerik gabe zegoela ikusita, bera bezalakoa izan nahi nuela pentsatu nuen». Esan eta egin. «Ordutik, miretsi egiten dut De la Peña». Kontuak zer diren, igandero harekin hizketaldia izaten du orain Bartzelonan. «Oraindik ere barrua mugitzen dit haren ondoan egoteak».
23 zenbakiari lotuta
Baita De la Peñari berari ere. «Nire gaixotasunaren berri izan zuenean, telefonoa lortu eta deitu egin zidan, asko hunkitu zela esanez». 23 zenbakiarekin jokatzen zuen Bartzelonako erdilari ohiak. «Eta nik ere edonora eramango dut 23 zenbakia. Ez naiz oso tatuaje zalea, baina hankan daukat jarrita betiko». Beldurrik ez dauka. «Baina errespetua bai; errespetu handia». Orain dela hiru urte jaso zuen senda-agiria. «Eta, hala ere, egunero gogoratzen naiz gaixotasunarekin».
«Egoera guztiei aurre egin dakiekeela». Horixe ikasi zuen Landak bederatzi urte zituela minbiziari aurre egin zionean. Eta hausnarketa berbera egin du zazpi hilabete zelaietatik kanpo egin berritan. «Bizitzak kolpe handiak ematen dizkizu tarteka, baina aurrera egiteko indarra behar da». Ligako titulua, Espainiako Kopa, Munduko Kopa... Kirol irrika asko dauzka Landak etorkizun hurbilean, baina, bizitzak eman dizkion kolpeekin, are irrika handiagoa sortzen dio beste batek: «Jendeari laguntzeak. Ez zait gustatzen jendea sufritzen ikustea; gaizki pasatzen dut».
Leire Landa
Bizitzari golak sartuz
Aurreko sasoiko azken partidan belauneko lotailu gurutzatua hautsi eta zazpi hilabetera, zelaietan da, berriz ere, Leire Landa Bartzelonako jokalaria. Ondo daki sufritzea zer den, minbiziari aurre egin ziolako bederatzi urte zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu