Jokin Lizeaga - Axi Muniain

Bizitzari beste begirune bat diote

Jokin Lizeagak eta Axi Muniainek istripu larria izan zuten zein bere kirolean ari zela. Hamar metroko sakonerako zulo batean erori zen mendi korrikalari urnietarra iaz, eta 30 metroko olatu batek irentsi egin zuen surflari zarauztarra 2016an. Biek aitortu dute horrek aldatu egin diela bizitzari heltzeko modua.

ahomentan168497.jpg
Unai Ugartemendia.
2019ko uztailaren 7a
09:04
Entzun

Zarautzen (Gipuzkoa) da hitzordua. Eguraldi aparta lagun, turistaz beterik dagokostaldeko herria, eta Axi Muniain ere lanpetuta dabil oso. Goizean, ia 50 ume inguru igaro dira haren ikastaroetatik. Jokin Lizeaga mendi korrikalariaren egunerokoa, berriz, oso ezberdina da. Hamabost hilabeteko geldialdian segitzen du oraindik. Ez zuten elkar ezagutzen, baina hasieratik konplizitate handiz jardun dira biak.

Bata bestearen kirolean ibilitakoak al zarete?

AXI MUNIAIN: Oso gutxi, ia batere ez. Entrenatzen ibiltzen naiz zerbait korrika-eta, gehienbat denboraldi-aurrean. Gogoan dut, dena dela, 18 urte nituenean, belarrian otitisa begiratzera joan eta medikuak nola esan zidan: «Edo surfa, edo entzumena!». Espezialistak debekatu egin nahi zidan surfean ibiltzea, kirol honen ondorioengatik. Amorruarekin, Herniora joan nintzen, elurretan, hil ala bizi. Gailurrera iritsi nintzenean, erabakia hartu nuen: surfean jarraituko nuela. Eta orain arte.

JOKIN LIZEAGA: Azken urteetan ez naiz ibili surfean. Orain hamabost urte, saiakera bat egin nuen hemen, Zarautzen. Makina bat buelta eman nuen zutik egoteko ahaleginean, baina handik denbora batera esan zidaten lehiaketetarako erabiltzen zen taula bat zela nik erabiltzen nuena, eta geroztik ez naiz saiatu ere egin.

Biek ezbehar larria izan duzue zuen kirolean ari zinetela. Olatu erraldoi batek irentsi egin zintuen zu, Muniain, 2016ko abenduan, Nazaren (Portugal). Zu, Lizeaga, 30 metroko sakonerako zulo batera erori zinen iazko apirilean, Europako Mendietako (Asturias, Espainia) lasterketa batean lehiatzen ari zinela. Aurretik izan al zenuten horrelako beste esperientzia traumatikorik?

A. M.: Hura bezain ezbehar larririk ez, egia esan. Azken udazken honetan, urrian, berriro ere tinpanoak hautsi nituen, eta horrek arazo bat sortu zidan. Arrastaka ibili naiz geroztik, eta arrauna ere debekatuta eduki dut negu guztian.

J.L.: 2015ean ere izan nuen larrialdi bat. Elurretan ginen, ikasleekin, Bisaurinen [2.670 metro, Huesca], eta erori egin nintzen. Sei hilabete pasatu nituen geldirik.

 

Surfa eta mendi lasterketak. Biak ere oso kirol ezberdinak dira. Zu, Muniain, olatu erraldoietan ibiltzen zara surfean, eta badakizu ondorioak larriak direla eroriz gero; zuk, Lizeaga, inoiz ez zenuen pentsatuko erorita horrelako ondorio larriak izango zenituenik.

A.M.: Sekula ez duzu hori pentsatzen, nahiz eta badakigun gerta daitekeela. Nik gogoan dut gainera zer zetorkidan irudi haiek ikusi eta oraindik ere ondorioak sufritzen hasi ez nintzenean. Oso aurreikuspen beltzak nituen, eta lehen kolpeak beldurra areagotzen du, gainera. Handik hasten dira mamuak ateratzen, eta ni azkar hasi nintzen pentsatzen ez nuela aukerarik izango ezta kontatzeko ere. Baina, bestalde, argi izan nuen zer egin behar nuen, eta protokoloa ahalik eta urrunena eraman nuen. Zortearen esku gelditu nintzen, eta ez nion kontra egin.

J.L.: Nire kirolak ez luke arriskutsua izan beharrik, traumatikoa agian bai, baina arriskutsua ez. Eskalada edo alpinismoa izan daitezke, baina mendian, eta, gainera, lasterketa batean, ez dut uste bizia arriskuan egon daitekeenik. Faktore ugari elkartu ziren, eta oso egoera lazgarria ekarri zuten.

Istripua eta ondorioak
Oraindik ere sufritzen ari al zarete istripuaren ondorioak?

J.L.: Ni oraindik ere lesionaturik nago, eta iruditzen zait lesio batzuk betiko izango ditudala. Lesio traumatologikoen aldetik, bizkarrezurrak eta orkatilak ematen didate arazo gehien, sorbalda ere hor dago... Eta, gero, lesio neurologikoak etorri ziren. Buruko nerbio optikoan ere arazoak ditut; %30eko zuntz galera bat izan dut bertan, eta oraindik ez dakigu gehiagora joango den edo ez. Istripua izan eta hamabost hilabete pasatu eta gero, oraindik ere gaixo agiriarekin nago. Guztiz suspertzea oso zaila izango da, baina espero dut bizitza normala egiteko moduan izatea.

A.M.: Nik ezetz esango nuke; ia bi urte dira istripua ian nuela. Egia da itzultzea gogorra egiten zaidala. Badakizu zertara zoazen, eta aurretik ere zer pasatutakoa zaren. Oso zaila egiten da balore berarekin itzultzea, baina iruditzen zait erosotasun puntu handi batekin nagoela.

 

Egun hartako amesgaiztoak izaten al dituzue oraindik ere, denbora pixka bat pasatu den arren?

A.M.: Bai; batik bat, leku berera itzultzen naizenean, eta baldintza berdinetan. Emozioak azaleratu egiten dira, eta bizi izandako esperientzia hain gogorra izanda, are gehiago. Hala ere, ametsetan ez zait azaleratzen, eta hori ere eskertzen dut. Bestelako amets txoroak izan ditut: esaterako, izugarrizko itsasoa izan eta ni kanpoan zigortuta, lotuta egotea, itsasora sartu ezinda.

Biak ala biak ere istripu larriak izan ziren. Muniain, zu konturatu zinen zer gertatzen ari zitzaizun. Zurea, berriz, Lizeaga, ezustean izan zen. Nola gogoratzen duzue une hura?

J.L.: Nik lekua ez nuen ezagutzen, eta erortzea ere ez nuen espero. Korrika nindoan lasterketa batean, eta, halako batean, lurrak irentsi egin ninduen. Ez da espero den une bat, eta erortzen ari nintzela jabetu nintzen metro asko zirela. Txirrista batean nindoala zirudien, eroriko libre batean. Oso luze egin zitzaidan, eta itsasoarekin amestu nuen, bertan azalduko nintzela edo. Segundo gutxi izango ziren, baina itsasora joateko bidaia luze baten antzekoa izan zen. Ura erortzen zen, elurra urtzen ari zen... Nolabait kokatzeko modua egin nuen, ura, bidaia, itsasora... Non nago? Gora begiratzen nuen, eta zulo txiki bat besterik ez nuen ikusten. Sorbalda apurtu nuela segituan konturatu nintzen. Zintzilik nuen besoa, eta bizia nola aurreztu pentsatzen hasi nintzen. Banekien bizia itzaltzea denbora kontua izango zela. Buruari galdezka hasi nintzen: zenbat iraungo dut egoera honetan? Ahalik eta energia handiena gordetzen saiatu nintzen. Zerbait jaten, gel bat eta barratxo pare bat banituen, eta bero mantentzen saiatu nintzen. Ez nuen batere itxaropenik bizirik irteteko. Mentalki nahiko argi nengoen, eta oihuka hasi nintzen. Banekien bide onetik nindoala korrika, eta korrikalari gehienek ere handik igaro behar zutela. Halako batean, berekoien antzera pentsatu nuen, eta besteren bat ere erori eta haren berotasunarekin gehiago iraun nezakeela ere pentsatu nuen, haien arropa, haien jana... Haiek erortzean, hilko balira ere, haien berotasuna izango nukeen agian beste ordu laurden edo hogei minutuan. Bizirik irauteko edozer gauza pentsatzen hasi nintzen. Dena beltz ikusten denean, horrelako gauzak ere pentsatzen dira.

Jokin Lizeaga korrikalaria

 

 

A.M.: Bertan zegoen jende guztia ezagutzen nuen, eta laguntza eman zidaten guztiak ere lagunak nituen, zorionez. Nazaren, uneko laguntza oso ona izan nuen, nahiz eta ospitaleak eta hurrengo laguntzak ez hain onak izan. Momentuko laguntza hori ezinbestekoa izaten da. Izugarrizko kolpea hartu nuen, eta gogoan dut arnasketarekin eta aireberritzearekin hasi nintzela berehala. Hori egin beharra nuen, kosta ahala kosta. Nire aukerak hori egitearen mende zeuden, eta orduan ez nintzela aterako pentsatu banu, han geldituko nintzen. Konortea erabat ez nuen inoiz galdu, baina olatu erraldoiak lehertu eta eztanda egin zuenean, neoprenoa hautsi eta bizkarrezur dena jo zidan. Tinpanoak lehertu, eta itzaltzeko aukera guztiak nituela pentsatu nuen. Ur azalera itzuli nintzenean ez nekien non zegoen ez goia ez behea. Txalekotik tiratu nuen, eta puztu egin zen, baina 25 gramoko botila ez zen hain ondo bete, presio kontuagatik. Bigarren kolpean, berriz, dena amaituko zela pentsatu nuen, goraka igotzen hasi nintzen arte. Besakadaren bat ere egin nuen, baina ez nekien ur azalera iritsiko nintzen edo ez, denbora neramalako zurrunbiloan sartuta. Ur azalera iritsi nintzenean, motorraren soinua entzun nuen, baina ez nekien zergatik entzuten nuen. Erreskateko motoak nire ondotik pasatu zirela esan zidaten, eta ia-ia nire gainetik ere ibili omen zirela.

Minutuak ordu ere bihurtuko ziren zuloan.

J.L.: Bai. Denbora batean inor ez zen agertu, hotza ere areagotuz zihoan, dardarka nengoen... Pixkanaka-pixkanaka eskalatzea erabaki nuen, eta, zorionez, sei metro inguru igotzea lortu nuen, esku bakar batez. Beste korrikalarien oinak ere ikusten hasi nintzen, eta haiek igarotzen zirenean oihuka hasi nintzen. Halako batean, korrikalari bat gelditu egin zen, eta ez joateko esaten nion, bertan bakarrik ez uzteko. Baina alde egin zuen. Anoa gunean nire berri emango zuela esan zidan, eta bakarrik utzi ninduen. Mundua erori zitzaidan berriro ere. Handik gutxira, besteren batzuk gelditu ziren, eta haiei besterik ez nien esaten: «Mesedez, ez nazazue hemen bakarrik utzi». Gero, bi ezagun gelditu ziren, eta haiekin bai, haiekin lasaitu nintzen. Hori bai, negar batean hasi nintzen. Bizirik jarraituko nuelako poztasunaren malkoak ziren haiek. Hiru ordu joan ziren zulotik atera ninduten arte.

"Zuloan nengoela, mesedez bakarrik ez uzteko esaten nien beste korrikalariei. Beldur nintzen ez ote ninduten bakarrik utziko"

Jokin Lizeaga

 

Astirik izan al zenuten ezbeharrak zer ondorio izango zituen pentsatzeko?

A.M.: Ur azalera gerturatu ahala, okerrenean pentsatzen hasten zara, baina, aldi berean, esperantzaren atea ere irekita eduki nahi izaten duzu. Oso nekatuta nengoen, eta banekien indar gutxi gelditzen zitzaidala, baina ez nuen geldirik egon nahi. Baina, beste alde batetik, ez nuen gehiegi nekatu nahi. Ez nuen ezer ikusten, ez nuen ezer entzuten... Lagunek esan zidaten begiak ere zuri-zuri nituela. Esku-ohe bat ere ekarri zidaten, baina ez nuen hara igotzeko indarrik. Nik behintzat, Jokinek ez bezala, adiskideak nituen inguruko guztiak, eta banekien haiek ez nindutela bakarrik utziko.

Esan zenuen adiskideengatik ez balitz agian ez zinela bizirik irtengo. Zer garrantzi izan zuten?

A.M.: Askok egiten didaten galdera bat da, baina inoiz ez dut jakin esaten, hain da erlatiboa... Baina gauza bat badakit: erabakigarriak izan ziren ni bizirik ateratzeko. Hiru olatu handi jan nituen, baina motorraren soinua entzuten nuen, Jokinek korrikalarien ahotsak bezala. Hala ere, hori ez dakit horrela zen, edo horrela izatea nahi nuen. Garbigailu baten barruan nindoan irudipena nuen, biraka eta biraka. Gela ilun baten barruan nengoela zirudien, eta ondoko gelan jendea hitz egiten ari zela. Halako batean, zerura begira jartzea lortu nuen, eta Jamie Mitchellek atera ninduen hondartzara. Lau hankan atera nintzen. Denak salbu ikusi nituenean, ume baten antzera, ni ere negarrez hasi nintzen. Berriro ere bizia salbatu nuela ikusi nuen. Ni ez naiz gabonzalea, baina, ospitalean nengoela, neska lagunari esaten nion etxera itzuli behar genuela. Etxeko guztiak eta lagun guztiak besarkatzeko beharra nuen, zenbat maite nituen esateko beharra.

Axi Muniain surflaria

 

 

Heriotzatik gertu
Hilko zinetela pentsatu al zenuten?

J.L.: Bai, argi eta garbi. Ez nuen beste irtenbiderik ikusten, eta dena onartzen hasi nintzen. Ez nuen minik sentitzen hori pentsatzeagatik; ziurrenik, tristatuko nintzen, baina onartu egin nuen. Familiarekin gogoratu nintzen, zein egoera tristean hilko nintzen, inori ezer esan gabe, inor agurtu gabe... Ez nuen argirik ikusten. Zailtasunak eta ezinak besterik ez nuen ikusten.

A.M.: Bai, eta ziur nago etsipen horrek prestatzen gaituela, gainera, aurrera egiteko. Azkenean, uste dut bakoitzaren beldurrak babesten duela gizakia, baina egoera hain larri ikusten duzunean, beste muga hori gainditu egiten da, eta uste dut hori aldekoa dela. Hor jada ez dago izu-ikararik; horren ondoren, ez dago ezer. Inoizko esperientziarik okerrena izan zen, baina bakea sentitzen nuen, eta horrek izutu egin ninduen.

 

Nola gogoratzen dituzue erreskatatu eta ondorengo uneak?

A.M.: Oso hotz eta ahul sentitzen nintzen. Ospitalean ere manta pila bat jarri zidaten, eta denbora asko kostatu zitzaidan berriro ere onera itzultzea. Psikologikoki, oso zoriontsu eta esker oneko sentitzen nintzen denekin.

J.L.: Gogoan dut izugarrizko hotza nuela; gerora esan zidatenez, gorputza 32 graduren ingurura jaitsi zitzaidan. Morfina ere sartu zidaten. Bestalde, ez dut batere gogoratzen ez helikopteroan egindako bidaia, ez ospitalean nola sartu ninduten. Hutsune handi bat dut alde horretatik oroimenean. Esnatu nintzenean, bikotekidea ikusi nuen, eta jateko zerbait eskatu nion. Izugarrizko gosea nuen. Ez dut gogoratzen jan nuen ere, baina emazteak esaten dit hamar opil jan nituela, harrapatutako guztiak.

Beldur al zineten medikuak zer esango zizuen?

J.L.: Minik ez neukan, kendua zidatelako. Hala ere, nik beste egonezin bat neukan, eta zera zen: sagardotegi bat hartuta geneukala korrikalari batzuen artean, eta hara joan nahi nuela [barrezka]. Denei eskerrak eman nahi nizkien, eta, hara joateko, senda-agiria eskatu nien medikuei. Banekien sorbalda hautsita neukala, baina minik ez nuen. Erizainari ez nion besterik esaten, «arratsaldean senda-agiria emango didazu, ezta? Sagardotegia dugu!». Handik ordu gutxira, berriro ere mina itzuli zen, birikak gaizki nituen, arnasa hartzeko arazoak, saihets-hezurrak ere gaizki, orkatila...

A.M.: Nik banuen kezka, baina banekien non nengoen, eta zer espero nezakeen mediku haiengandik. Desastre hutsa izan zen. Ez zidaten tenperatura hartu, izugarrizko tripako minarekin nengoen... Haiek, ordea, tripa ondo neukala esaten zidaten, eta nik berriro ere ondo begiratzeko esaten nien, ez nintzela gauza gutxirekin kexatzen diren horietakoa. Tinpanoak ere hautsita neuzkala esaten nien, baina begiratu ere ez zidaten egin. Aurretik esana zidaten noizbait istripuren bat izanez gero Alcobacara ez joateko, Lisboara baizik. Alcobacara hamar minutu daude, eta Lisboara, berriz, ordubete. Ezer ez zidaten egin, eta, gainera, 55 euroko faktura iritsi zitzaidan. Hura izan zen ikasgaia. Etxera itzuli nintzen arte ez nuen jakin zer nuen.

 

Hala ere, hurrengo egunean istripua izandako lekura itzuli zinen berriro.

A.M.: Bai, eta olatu bat ere hartu nuen. Senda-agiria hartu nuenean, lagunengana joan nahi nuen berriro ere. Betiko jatetxeetan elkartzen gara, eta han elkartu nahi nuen haiekin, ondo nengoela ospatzeko. Beldur nintzen, eta neure buruari zera galdetu nahi nion; oraindik ere jarraitu nahi duzu? Susmoa banuen tinpanoa apurtuta neukala, baina ez zen ziurra. Ibili ere egiten nintzen, baina ez beti bezala. Lagunei laguntzera joan nintzen motorrarekin, nahiz eta neska laguna izugarri haserretu zen. Azken unean, lagunari olatu batean jartzeko eskatu nion. Ilunpetan geunden, eta, aurreko eguneko izualdia izan eta gero, berriro ere olatuak harrapatu ninduen. Orduan pentsatu nuen: «Hi haiz, hi, babalorea! Zer behar huen gaur ere hau egiteko?». Sentipen onak izan nituen, halere, eta beldurrari jaten ez niola eman pentsatu nuen. Denborarekin, konturatu naiz hura izan zela terapiarik onena.

Axi Muniain eta Jokin Lizeaga
Zu, ordea, Lizeaga, handik ia urtebetera itzuli zinen zulora.

J.L.: Beharra sentitzen nuen. Berriro ere itzuli egin nahi nuen. Psikologoei ere esana nien berriro hara joan nahi nuela, eta haiek ez zidaten oztoporik jarri. Are gehiago, gomendatu ere egin zidaten hara berriro joatea. Gezurra badirudi ere, zuloari eskerrak eman nahi nizkion, zuloa nolakoa zen ikusi nahi nuen. Oso gogorra izan zen, denbora bat pasatu nuen bertan, eta nire terapia egin nuen. Bakeak egin nituen, nahiz eta berriro ere gauza okerrenetan pentsatzen hasi nintzen animalia batzuen burezurrak ikusi nituenean. Ez dakit lagundu didan, baina beharra nuen. Oraindik ere badut beldurra, ordura arte inoiz izan ez nuen bezalakoa: esaterako, mendian, leku ilunetan, askotan pentsatzen dut eroriz gero bizia gal daitekeela. Ez dakit inoiz berreskuratuko dudan beldurrik eza.

Baten batek eskatu al dizue zuen kirolera berriro ere ez itzultzeko?

J.L.: Bai, baina gehienbat kirol hau ezagutzen ez duen jendea izan da. Nire ustez, gurea ez da horrelako gauza bat pasatzeko moduko arriskua duen kirola. Nik ez diot eragozpenik ikusten. Egia da belauna apur dezakegula, baita lau hortz apurtu ere, baina horiek lesioak dira, eta besteak istripuak dira. Bi gauza oso ezberdin dira.

A.M.: Niri ez didate esan uzteko, baina kezka adierazi izan didate. Esan izan didate ea noiz arte jarraitu behar dudan mugetatik gertu. Nire kasuan, inork ez dit uzteko esan. Uste dut bi kirol oso ezberdin direla Jokinena eta nirea, eta gehiago esango dizut: itsasoan nola ibiltzen garen ikusita, oso istripu gutxi gertatzen dira. Olatu erraldoien esparruan, askotan zeharkatu izan ditugu mugak.

Istripua izan eta gero, aldatu zaizue izateko era?

A.M.: Bai, baina denbora pasatu da istripua izan nuenetik, eta, askotan, istripua izan eta hurrengo egunetan izan nuen sentsibilitate maila hartara itzuli nahi nuke. Eguneroko martxara itzultzean, dena ahazten da, baina ni saiatzen naiz berriro ere bizitza baloratzen, eta askotan errepikatzen diot neure buruari: «Axi, ez ahaztu han gertatutakoa!».

J.L.: Bai. Lehen ere, gauza xumeak asko baloratzen nituen, baina gaur egun askoz ere gehiago. Istripuak heriotza ere hor dagoela jakinarazi dit, eta horrek ere asko markatu nau. Ama hil zitzaidan arte, hilezkorra nintzela pentsatzen nuen. Baina gaur egun, amaren heriotza eta nire istripua izan eta gero, heriotza edonoiz etor daitekeela pentsatzen dut. Orain, gauza berezirik egin gabe, egunerokoak askoz ere gehiago gozatzen laguntzen dit, esaterako, familiarekin, ingurukoekin, egiten dudanarekin, gaurko bazkariarekin... Istripuak, halere, gauzen alderdi ona aurkitzen erakutsi dit.

"Ni saiatzen naiz berriro bizitza baloratzen. Askotan errepikatzen diot neure buruari: Axi, ez ahaztu han gertatutakoa!"

Axi Muniain

 

Hiru seme-alaba dituzu. Azaldu al diezu istripuan zer gertatu zitzaizun?

J.L.: Bai, kontatu diet, eta oso garbi dute zer gertatu zen. Jendeak ere askotan galdetu izan dit haien aurrean zerbait, eta badakite heriotzaz hitz egiten ari naizela askotan. Esaterako, orain bi egun, erdiko semeak gosaritan esan zidan oso triste zegoela zulora erori nintzelako. Ez genuen gaia atera, baina bere hausnarketak egiten ariko dira oraindik. Niri ere, askotan, gaiaz hitz egiteak lagundu dit.

Ez zarete hasiberriak, eta biak ere 40 urteren ingurura gerturatzen ari zarete. Urteekin, zer areagotzen da, beldurra ala errespetua?

A.M.: Errespetua, zalantzarik gabe. Esaterako, Jokinek lehen aipatu duena. Istripuak orain dela urte asko harrapatu izan balu, agian ez zituen gogoeta horiek egingo zuloan zegoenean, eta hori esperientziak egiten du.

J.L.: Nik ere berdin. Gazteagoa zarenean, inkontzienteagoa izaten zara, ez da arriskurik ikusten. Gaur egun, aldiz, gauzak beste modu batera ikusten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.