Larunbaterako espero zen erabakia, baina Josean Kerejetak Dusko Ivanovici azken aukera ematea erabaki zuen ostiral iluntzean, Olympiakosen aurkako porrot mingarriaren ostean. Azken aukera, Obradoiroren aurka. Garaipen on batek eta jarrera egokiak kontra zegoena irauli zezakeen, baina ez zen hala gertatu. Talde apal batek Baskonia hankapean ibili izana, jokalariak nora ezean jardun izana erabakigarria izan zen Kerejetak igande arratsaldean Ivanovic kargutik ken zezan.
«24 urte daramatzat taldea gidatzen, eta hau da unerik zailena. Dusko Ivanovic kargutik kentzea erabaki dugu, taldea gaizki dagoelako, oso itxura kaskarra ematen, eta hobetzeko tankera gutxirekin. Dusko Gasteizen izan den entrenatzailerik onena da, taldeari gehien eman diona, baina erabaki hau hartu behar zen. Taldeak bide aldaketa bat behar du», esan zuen presidenteak. Ivanovic bera mintzatu zen gero, eta esker oneko hitzak izan zituen: «Mila esker taldeari, zaleei eta hiri zoragarri honi. Ahaztuko ez ditudan hamar urte izango dira, eta beti eramango dut bihotzean Baskonia».
Isiluneak hitzak adina entzun ziren galdera eta galdera artean: «Gaizki nago; nola egotea nahi duzu?», esan zuen, zer moduz zegoen galdetu ziotenean. Kargutik kentzea ez omen zuen espero, «ez baitago emaitzekin ni baino arduratuago dagoenik. Hamar urte egin ditut hemen! Ni izan naiz egoera aldatzen saiatu den lehena, eta kolpe handia da niretzat». Azaroak 18, egun hori agertuko da hemeroteketan, baina Kerejeta eta Ivanovicen arteko dibortzioa ez da herenegungoa. Ezta hura kanporatzeko arrazoiak ere.
1. Kirol emaitzak
Entrenatzaile batek emaitzetan dauka bizibidea. Baskoniak bi liga eta hiru Kopa irabazi ditu Ivanovicen aginduetara, eta lauko hiru final jokatu. Hamar urtean nahikoa ote? Asko da sosez Europako, ACB ligako talde aberatsenak baino gutxiago den talde batentzat. Azken bi urteetan, ordea, maldan behera ibili da Gasteizko taldea, eta askoren ahotan, berandu iritsi da Kerejetaren erabakia. Aurreko sasoian Top 16tik at, eta Kopan eta Ligan finalerdietan agur. Aitzaki gisa, lesioak; batez ere, Maciej Lamperena. Sasoi honetan mila arazo izan ditu taldeak, eta Euroligan agur esatear da hasi bezain pronto.
2. 'Baskonia izaera'
Ivanovicek beti izan du aldeko aldagela eramateko izan duen diziplinak, exijentzia fisiko handiak. Baskoniara zetorrenak bazekien zer zegoen, baina trukean jokalari hobea egiten zen, eta Europako talde onenean. Baskonia izaera deitutakoa da, baliabidez eta talentuz apalagoa izanda ere, handien pare jardutea ekarri duen dohaina. Zer gertatu da azken urteetan? Bada, jokalari bakoitzak izaera jakin bat duela, eta grinatsu ez denari izaera hori kutsatzea ez dela erraza. Nemanja Bjelica eta Lamperen kasuak horren adibide. «Bakoitza bere amaren semeak gara, eta ezin gara aldatu. Hori bai, Baskoniarekin fitxatzea erabakitzen duenak ondo daki zer dagoen hemen. Ez esan, sinatu ondoren, entrenatzailea gogorra dela eta antzeko txorakeriak». Andres Nocionik esana igande gauean.
3. Joko taktika
Ez dira gutxi izan Ivanovicek taktikoki zer hobetua duela salatu dutenak. Ivanovicek etekin bikaina atera dio blokeoari eta jarraipen jokaldiari, besteak beste, hori egiteko gaitasuna izan duten jokalari asko izan dituelako. Bennett-Scola edo Prigioni-Splitter izan litezke bi adibide on. Zer behar da pick&roll-a ondo egiteko? Joko antolatzaile eta pibot on bat. Baskoniak, gaur, ez du ez bata, ez bestea, eta joan den sasoian, antolatzailea bakarrik: Prigioni.
4. Ezinikusiak
Hainbat iturriren arabera, Kerejeta eta Ivanovicen arteko harremana ez zen ona. Duela bi urte, Ivanovici kontraturik ez ziotela berrituko iragarri zen komunikabideetan. Kerejeta Pesic eta Pianigiani lotzen saiatu zen, baina sosak sobera ez, eta Ivanovicekin konformatu behar izan zuen. Bigarren plater gisa, baina dirutzaren truke, bere azken aukera zelako. Bi urteko kontratua, gainera. Askoren ahotan, Kerejetaren oker ikaragarria. Joan den udan, Ivanovic kargutik kentzen saiatu zen Lazkaokoa, baina ezezko biribila jaso zuen. Entrenatzailearena, eta bere ordezkariarena, Gorka Arrindarena. Kontratua bi urtekoa zela, eta harremana etetea erabakiz gero zakar guztia aterako zutela. Eskaera horrek bi aldeen arteko etena eragin zuen.
Bizitzaren legea
Josean Kerejetak bukatutzat eman du Dusko Ivanovicen zikloa, taldeak «itxura txarra» ematen zuelako eta «egunez egun okerrera» zihoalako. Erabakiak ezustean hartu du entrenatzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu