Amets Txurruka. Txirrindulari ohia

«Bizitza osorako gordeko dut euskal zaleen babesa»

Etorkizunaz luze hausnartu ondoren, eliteko txirrindularitza utzi du Txurrukak. Oztopo franko gainditu behar izan du, baina nahiago du une gozoak atxiki gogoan. Bideoa albistearen amaieran.

enaut agirrebengoa
Etxebarria
2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun

Erretiroa hartu du Amets Txurrukak, baina gezurra dirudi. Betiko gorpuzkera bera dauka; hezur eta azal dago. Gainera, bizikletan iritsi da hitzordura, eta saioa egitera joan da elkarrizketa bukatu bezain laster. Haatik, behin betiko esan dio agur txirrindularitza profesionalari. Orain, beste hainbat erronka ditu; nagusia, bederatzi hilabeteko alaba.

Ia hilabete pasatu da erretiroaren berri eman zenuenetik. Lasaitua hartu duzu?

Erabakia jada hartuta nuela, beharra sentitzen nuen zaleei azalpenak emateko. Eta behin hori eginda, bai, lasaitua sentitu dut. Hori bai, batzuetan sentsazio kontrajarriak ditut. Berriki, Italiako Giroa izan da jokoan, euskaldunak aurrean ibili dira... Baina, tira, beste era batera bada ere, txirrindularitzaz gozatzen jarraitzen dut, lasterketak ikusiz, eta bueltatxo batzuk eginez.

Sasoia talde gabe hasi zenuen, eta, azkenean, agur esan behar izan diozu txirrindularitzari. Gogorra izan zen erabakia hartzea?

Guztiz erabaki arte, zalantza asko izan ditut. Pausoa egiteaz seguru egon nahi nuen. Alde batetik, ikusten nuen une egokia zela. Egin beharreko proba guztiak egin ditut, eta ikusi dut lehengo mailan ez nintzela gustura ibiliko. Alabaina, bizi guztia txirrindularitzan aritu ostean, zaila da agur esan, eta bizimoduz aldatzea.

Ate guztiak itxi dizkiozu txirrindularitzari?

Bai, hori garbi daukat. Ez nintzateke bueltatuko urtebete edo gehiago geldirik egon ondoren. Elitean egoteko gauza asko zaindu behar dira, eta behin utzita, gero bueltatzea ez dut ikusten. Orain, beste bizimodu bat hasi dut, beste erronka askorekin.

Nahiko goiz esan duzu agur, 34 urterekin. Txirrindulari asko oraindik egurrean dabiltza 40 urte ingururekin.

Goiz eta berandu, aldi berean. Bai, batzuk 40 urterekin oraindik hor daude. Baina, Euskal Herri mailan, nire adineko asko iritsi ginen profesionaletara, eta, azken urteetan, ni bakarrik gelditzen nintzen. 11 denboraldi eginda, ez nago kexatzeko moduan.

Ordea, kexu dira euskal zaleak. Beren ziklista kutunenetako bat izan zara azken urteetan, eta zutaz gozatzen jarraitu nahi zuten.

Lehiatu, garaipenak lortzeko edo taldekideei laguntzeko lehiatzen zara. Baina, aldi berean, euskal zaleek eman didaten babesa bizi guztirako gordeko dut.

Horren estimatua izatearen arrazoia, akaso, zure izaera borrokalaria da.

Zaleari hori gustatzen zaio: gehiago edo gutxiago irabazi, barruan duzun guztia ematea. Hau da, lehiatzea, eta egoera zailetan ere behin eta berriz ahalegintzea. Oso ziklista ona ez izan arren, agian identifikatuta sentitu dira nire izaerarekin; etengabe ekinean aritze horrekin.

Momentu on asko izan dituzu, baina txarrak ere ez dira falta izan. Oro har, zer balantze egiten duzu zure kirol ibilbideaz?

Balorazio positiboa egiten dut. Momentu txarrak izan dira, bai. Lesio ugari izan dut. Baina, bestela, balantzea oso ona da. Gustuko dudan zerbait eginez bizi izan naiz, eta urte askoan gainera. Gainera, probarik onenetan lehiatu naiz, eta zaleen babesa gertutik sentitu dut. Gauza on asko gertatu zaizkit.

Afizionatutan, besteak beste, Euskaltelen bigarren taldea zen Olarran ibili zinen. Ordea, elitera Barloworlden eskutik egin zenuen jauzi. Zer gertatu zen hor?

Azkenean, kirol ibilbide osoan gertatu zaidana: oztopoekin egin nuen topo. Nik uste nuen Euskaltelen bigarren taldean sartu eta gora pasatzea izango zela profesionaletara iristeko biderik errazena. Baina ez nuen horretarako aukerarik izan. Borrokatzen jarraitu behar izan nuen. Eta, zorionez, Barloworlden aukera suertatu zen. Urte hartan eurekin pasatu izan ez banintz, txirrindularitza utziko nukeen.

Urtebete eman zenuen. Zer oroitzapen duzu garai hartaz?

Oso ona. Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Niretzat, dena zen berria, eta asko ikasi nuen. Urtea ederki joan zitzaidan, eta, gainera, lagun oso onak egin nituen. Kontratua berritzeko aukera eman zidaten, baina Euskaltelera joatea erabaki nuen.

Euskaltelen sei urtez aritu zinen, 2007tik 2012ra. Munduko lasterketarik onenetan parte hartzeko aukera izan zenuen bertan.

Bai. Iritsi eta berehala esan zidaten Frantziako Tourrean lehiatuko nintzela. Harrituta gelditu nintzen. Hortik aurrera, urtero izan nintzen han. Eta beste lasterketa on askotan ere parte hartu nuen. Euskalteli esker, egutegirik onena izan nuen. Eta emaitzak politak izan ziren.

Emaitza onena, akaso, estreinako Tourrean izan zenuen. Lehiakorrenaren saria irabazi, eta Parisko podiumera igo zinen.

Espero gabe iritsi zen. Tourra beste mundu bat zen niretzat, eta gaizki pasa nuen lehen etapetan. Baina behin lehenengo ihesaldia hartuta, ikusi nuen muturra sar zitekeela. Hortik aurrera, ihesaldi ugaritan sartu nintzen, eta esfortzuak saria izan zuen azkenean.

Urtero ia 200 txirrindularik hartzen dute parte Tourrean, baina soilik gutxi batzuk igotzen dira Parisko podiumera. Lortutakoari ematen diozu behar adinako balioa?

Orain momentuan baino gehiago. Unean bertan urduri nengoen. Eskulekuari gogor helduta, tentsioan joan nintzen Eliseo Zelaietako zirkuituan. Behin helmuga igarota, pozik nengoen egindakoaz, baina hainbesteko garrantzirik ere ez nion eman. Ordea, denborarekin konturatu naiz zenbat kostatzen den horrelako zerbait lortzea.

Debut polit askoa izan zenuen, baina, hortik aurrera, gauzak okertu egin zitzaizkizun Tourrean. Zorte txarra izan zenuen erorketekin.

Sasoi oso onarekin iristen nintzen, baina erorketen ondorioz, etxerako bidea hartu behar izaten nuen beti. Guztira, hiru aldiz hautsi nuen lepauztaia. Asko zor diot Tourrari, baina, debutaren ostean, kendu egin zidan eman baino gehiago. Azken urteetan, ez nuen joan nahi, baina urtero esaten zidaten derrigor joan behar nuela.

Tourraz nazkatu egin zinen azkenean?

Nazkatu ez. Ondo aterako zitzaidala jakinda, oso gustura egingo nuen. Baina beldurra, edo behintzat errespetua nion. Oso gogorra izan zen joan, eta beti etxera minez bueltatu behar izate hori.

Agurreko oharrean aipatu zenuen hori. Alegia, arrastoa utzi dizula oztopoak behin eta berriro gainditu behar izateak.

Urtea joan eta urtea etorri, lesioekin beti berdin ibiltzea zaila izan da. Behin geldituta, lan bikoitza egin behar da maila berreskuratzeko. Eta lesio bat gainditutakoan, gogorra da berriz ere gelditu behar izatea, eta egoera horri aurre egin behar izatea.

Beste taldekide batzuek ere zorte txarra izan zuten lesioekin. Esaterako, Igor Antonek etxerako bidea hartu behar izan zuen 2010eko Espainiako Vueltan, lider zela.

Erorketak beti izaten dira txirrindularitzan. Batzuetan, jarraitzeko moduan izaten zara, baina, beste batzuetan, dena pikutara joaten da. Horren aurka ezin daiteke ezer egin. Saiatzen zara arretaz ibiltzen, baina askotan horrekin ez da nahiko izaten.

Antonn erori ostean, zure erakustaldirik handienetakoa iritsi zen, Cotobelloko etapan. Lan eskerga egin zenuen Mikel Nieveren alde, eta, azkenean, etapa irabazi zuen hark.

Garaipenak alde batera utzita, nire kirol ibilbideko unerik kuttunenetakoa da hori. Igor erori ondoren, egoerari buelta eman nahi genion. Eta etapa hartan saiatzea erabaki genuen Mikelek eta biok. Erokeria zen, baina ez genuen ezer galtzeko. Etapan, ihesaldia denbora askorekin zegoen, eta bertan genuen Juanjo Oroz. Une batean, elkarri begiratu, eta tropeletik alde egin genuen. Azkenean, dena ondo atera zitzaigun, eta etapa Mikelek irabazi zuen.

Nievek altxatu zituen eskuak, baina zuretzako ere garaipena izango zen, ezta?

Bai, nirea balitz bezala bizi izan nuen. Beti izan dut garbi: nik lasterketa bat irabazteak beste bete izan nau nire lanari esker taldekideek garaipenak lortzeak.

Beti izan duzu jokamolde bera: dela ihesaldian, edo dela tropelean, baina beti beharrean.

Hala da. Ez zitzaidan gustatzen eguna tropelean ezer egin gabe pasatzea. Momentua heltzen zenean, beti nengoen prest besteentzat lan egiteko. Gustura sentitzen nintzen lan hori egiten.

Izaera langile horrek ez zizun balio izan Euskaltelen jarraitzeko. Halakorik espero zenuen?

Inondik inora. Taldean izango ginela ziurtatu ziguten Tourrean eta Vueltan aritu ginenoi. Azkenean, ordea, jakinarazi zidaten ez zegoela niretzako tokirik. Oso berandu eman zidaten albistea, eta minutu erdiko dei batekin.

Zer arrazoi eman zizuten arduradunek?

Galdeanok [Igor Gonzalez de Galdeano] esan zidan azkenaldian ez nuela hobera egin. Beste ezer ez zidan esan. Geroztik, ez dut harekin gehiago hitz egin. Kontratua bukatzen nuen, eta eskubide osoa zeukan erabaki hori hartzeko. Baina behin eta berriz esatea tokia izango nuela, eta gero erabakiaren berri telefono dei labur batekin ematea... Moduak ez ziren onenak izan.

Zerk eragin zuen Euskaltelen desagerpena?

Ez dakit. Baina, ulertezina egiten zait horren sustraituta zegoen talde bat horren azkar desagertzea. Jende asko zegoen kontratuarekin, eta dena egun batetik bestera aldatu zen. Ni ez naiz inor esateko zergatik gertatu zen. Arduradunek eman beharko zituzketen arrazoiak, eta ez zituzten eman.

Filosofia aldaketak izan zuen zerikusirik?

Haiek esan zuten filosofia aldaketa ezinbestekoa zela World Tourrean segitzeko. Alabaina, hortik aurrera okertu egin ziren gauzak.

Euskaltel utzi ondotik, lider izan zinen Caja Ruralen.

Bizitzak halako bueltak ematen ditu. Ordura arte izan gabeko funtzio bat bete nuen, eta, horrekin batera, garaipenak etorri ziren. Ondo aprobetxatu nituen han igarotako hiru urteak.

Iragan sasoian, Orican aritzeko aukera iritsi zitzaizun.

Ni ez naiz sekula izan garailea. Nire izaerarekin gehiago dator bat besteei laguntzea. Erronka hori hartu nuen Orican, eta garaipen dezente lortu genituen. Ni ez nintzen oso gustura gelditu egindako urtearekin, eta, azkenean, ez zidaten jarraitzeko aukera eskaini. Hori bai, oztopo batzuk izan nituen, eta ahal izan nuen mailarik onena eman nuen.

Zer erronka duzu orain?

Erronkarik handiena alaba txikia da. Arlo profesionalean, oraindik ez dut erabakirik hartu. Irakasle izana naiz, zerrendetan nago, eta, seguruenik, bide horretatik jarraituko dut. Baina izan daiteke txirrindularitzarekin lotutako zerbaitetan ere jarraitzea.

Bideoa: Amets Txurrukari elkarrizketa (Argazki Press).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.