Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Eta, gainera, txirrindularitza zaleak (III). Angel Toña.

Bizitza eta bizikleta berdin hasten dira

Tourmalet berrogei aldiz igotakoa, urtero 3.000-6.000 kilometro eginikoa, hamabost Quebrantahuesos bukaturikoa, Ciclismo a Fondo aldizkariaren sortzailea... Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu ohia dela esateak anekdota hutsa dirudi txirrindularitzarekin izan duen harreman estua ikusita.

Angel Toña, bizikletan, Quebrantahuesos proban parte hartu duen aldietako batean. ANGEL TOÑA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Toñatarren etxean txirrindularitza arnas zitekeen. Angelen (Ondarroa, Bizkaia, 1952) aitak Ondarroa inguruko lasterketak antolatzen zituen, eta 1960ko hamarkadako Bizkaiko txirrindularirik onenak ez ziren arrotzak han: Jesus Loroño, Karmelo Barrutia... Afizioa latza zuen, eta mediku batek eman zion semeari lehen bizikleta erosteko aitzakia edo arrazoia. «Asma nuen, eta medikuak esan zion aitari iraupen luzeko kirol bat egin behar nuela pertsona normala izateko. 12 urte nituen, eta aitak lasterketetarako bizikleta bat erosi zidan. Gaur arte ez naiz gelditu, eta 67 urte ditut. Urtero 3.000 kilometro egin ditut gutxienez, eta 6.000 gehienez».

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu ohia da Toña, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Eusko Ikaskuntzako kidea. Curriculumaren zati bat da hori, baina haren ibilbidea ezin da ulertu bizikleta gabe. «Txirrindularitza niretzat bizitza izan da; nire ilusioa beti da bizikletan ibiltzea. Nik lanean jarraitzen dut, autonomoa naiz, eta beti egiten dut plana astero bi goiz edo bi arratsalde libratu eta lau orduko bizikleta saioak egiteko. Oraindik ere urtero joaten naiz Pirinioetara, Pedro Urresti lagun ondarroarrarekin».

Curriculum luzea du, baina are luzeagoa da bizikleta gainean egindako balentriena: hamabost aldiz egin du Quebrantahuesos lasterketa —proba sortzen lagundu zuen—; Tourmalet eta Aubisque «berrogei bat aldiz» igo ditu; Alpe D'Huez, bospasei bider; Mortirolo, behin; Milandik (Italia) Erromarako bidea egin du; Adriatikotik Milanerakoa... Bidaia bitxienetako bat, dena den, emaztearekin egin zuen. «Ezkondu eta hurrengo urtean izan zen; oso polita. Tandem batean joan ginen Loirako gazteluak ikustera. Joan-etorria ere tandemean egin genuen».

Aldizkariko editore

Txirrindularitza, dena den, pasio bat baino gehiago izan da Toñarentzat, ogibide ere izan baitzen. Unibertsitate ikasketak bukatu berritan, inprenta bateko kudeatzaile hasi zen, eta ordurako harreman estua zuen Bizkaiko Txirrindularitza Federazioarekin. Toñak Frantzian argitaratzen ziren ziklismo aldizkariak miresten zituen, eta gaztelaniaz bat editatzea erabaki zuen. Horrela jaio zen Ciclismo a Fondo entzutetsua. «Antton Valverde eta Iñaki Oriaren laguntzaz jarri genuen martxan. Graham Watson munduko txirrindularitza argazkilaririk onena genuen gurekin lanean, eta garbi nuen aldizkariak itxura ona izan behar zuela: maketa ikusgarriak, paper distiratsua, argazki onak... Hasieratik izan genuen arrakasta, eta 35.000 ale ere saldu genituen».

1985ean hasitako bidea 1997ra arte luzatu zuen. «Ni ekintzailea nintzen, baina enpresari makala; ez nien kontuei begiratzen. Nik aldizkari on bat egin nahi nuen». Lehiakideei saldu zien argitalpena, Bicisport aldizkaria argitaratzen zutenei, eta bost urtez jarraitu zuen karguan. Ciclismo a Fondo-rekin batera, besteak beste, ONCE taldearen edo Euskadi Fundazioen argitalpenak diseinatu zituen, eta hainbat argitaratu. Toñak gogoan du baten harira Miguel Indurainekin izan zuen epaiketa. «Hirugarren Tourra irabazi zuenean, elkarrekin liburu bat idaztea proposatu nion. Lehenbizi, baietz esan zidan, eta gero, ezetz. Beraz, hari buruzko liburu bat idaztea erabaki nuen. Berak ezetz esan zidala argudiatu zuen, eta bi salaketa jarri zizkidan. Biak irabazi nizkion. Bestea irudi eskubideengatik izan zen, baina nik hura lehiatzen agertzen zen nire argazkiak erabili nituen. Auzi hura mugarri izan zen kirolarien irudi eskubideen auzietan».

Zaletasuna badu, baina ez da errepide bazterrean egoteko jaioa. «Nik nahiago dut bizikletan ibili etaparik onena ikusi baino. Makina bat aldiz joan naiz Espainiako Vueltara, eta beti bizikletarekin joan izan naiz». Irakaslea da Toña, eta horrek txirrindularitza ikusteko bere modua baldintzatu izan du: «Txirrindulariak ikustean, beti pentsatzen nuen: bizikleta bukatzen zaienean, hauek zer egingo dute? Hori asko zaindu izan dut. Hiruzpalauk laguntza eskatu zidaten, eta eman nien». Horregatik, laburra da haren kutunen zerrenda: «Nire garaian, Marino Lejarreta nuen gustukoen, eta harreman polita dut harekin. Laurent Jalabert ere asko gustatzen zitzaidan, baita Julian Gorospe ere. Azken urteetan izugarri gustatu zait Alberto Contador».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.