Imanol Lopez. Puntista ohia

«Bizitza errealera jauzi egin dut»

Joan den ekainean hartu zuen erretiroa Lopezek, azken hamarkadan zesta-puntako izarretako bat izan eta gero, kirolarekin «erdi erreta». Mexiko Hirian bizi da orain, enpresa eta finantza ikasketak jatetxe batean aplikatuz.

IGOR SUSAETA.
Igor Susaeta.
Mexiko Hiria
2016ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Jende mordoa dabil gora eta behera Mexiko Hiriko Polanco auzo a priori lasaiko kale zaratatsueneteko batean, baina, ia bi metro luze denez, argi asko ikusten da Imanol Lopez (Zumaia, Gipuzkoa, 1984) nondik datorren elkarrizketarako hitzartutako tokira. «Polanco aukeratu nuen bizitzeko, hiriko leku nazioartekoena-edo delako, eta, atsegin dudanez, oinez ibiltzeko aukera ematen didalako». Esaterako, ez du autoa hartu behar izaten lanera joateko. Bruno Oteiza donostiarraren D.O. Denominacion de Origen jatetxean dabil beharrean. «Diru kontuez arduratzen naiz: hornitzaileak, zein produktu erosten diren, zer gastatzen den edo zer ez kontrolatu... Eta jatetxera ere jaisten naiz, ikusteko nola funtzionatzen duten sukaldeko eta jantokiko kontuek». Ia urte erdia darama Mexikon, «lanean, baina ikasten», bere «ikuspuntua» ekartzen. Ez daki, halere, bizitzak nondik nora eramango duen, ostalaritzan bukatu duen, «kirolean kudeatzaile gisa», edo auskalo. «Day by day esaten dut halakoetan»; egunez egun, alegia. Argi utzi nahi du kirol profesionala ez duela betiko alboratu, baina beretzako denbora bat hartu nahi zuela. Hori bai, gerrikoa betiko eranztea erabakiko balu, Lopezek erdi txantxetan erdi serio dioenez, gustatuko litzaioke omendua izatea; eta zergatik ez, adibidez, Zumaia jaioterrian laster irekiko duten pilotalekuan, Odietan. Izan ere, gogoratzen da Manuel Mugerzaz-eta, zestan jokatzen erakutsi ziotenez.

Ia bederatzi hilabete pasatu dira Miamiko pilotalekuari agur esan eta puntista profesionala izateari utzi zenionetik. Nostalgiarik sentitu al duzu hilabete hauetan?

Tira... Zesta-punta uztean konturatzen zara egiten duzun kirolarekin dirua sortzea ez dela batere zaila.

Besteentzat edo norberarentzat sortzea?

Niretzat; kirolari gisa lan egitea erraza dela, alegia. Gero, hori uztean, konturatzen zara lan gehiago egin behar dela, beste gauza batzuk hartu behar dituzula kontuan, beste arazo batzuk sortzen direla aurrera egiteko... Baina, tira, oraingoz, behintzat, nostalgiarik ez dut sentitu, eta gustura nago egiten ari naizenarekin. Izan ere, niri gustatzen zaizkit challenge-ak, erronkak, eta oraingoa da aurrera egitea beste gauza batzuk eginez. Kirolean, azkenean, ez neukan hainbesteko motibaziorik; orain, ordea, motibatuta nago.

Beraz, puntista zinenean lasaiago, hobeto, errazago bizi zinen?

Askoz ere errazago. Azken finean, ordaintzen ziguten astean sei egunez eta hiruzpalau orduz pilotalekura joateagatik, eta txikitatik egindako zerbait egiteagatik; beraz, ez da hain intentsoa, ezta? Baina orain konturatzen zara zaudela Mexiko Hiria bezalako hiri handi batean, jende asko dagoela, trafikoa, jaiki behar duzula garaizago... Egoera ezberdina da. Halere, Miamin egin nituen azken bost urteetan goizetan joaten nintzen unibertsitatera, eta berandu oheratu. Beraz, aldaketa ez da hain handia izan, baina, bai, konturatzen zara dirua egitea askoz ere errazagoa dela kirolaria zarenean ez zarenean baino.

Orduan, bizitza errealera jauzi egin duzula sentitzen duzu, nolabait esanda?

Hori da, bai-bai. Gogo hori nuen. Bizitza berri horretarako pausoa 40 urterekin edo 31rekin eman, bada, nahiago nuen 31rekin.

Burbuila batean bizi zinetela iruditzen zaizu?

Ez nuke hainbesteraino esango; azkenean, astean sei egunez lan egiten genuelako. Halere, bizitza erreala beste gauza bat da, nolabait esatearren.

Zure herrikide eta lagun Iñaki Osa Goikoetxea-k, diziplinako azken hamabost urteotako izarrak, zuk baino hilabete batzuk lehenago egin zuen hautu bera. Haren esanetan, pozik zegoen han, baina AEBetatik alde egiteko arrazoia ekonomikoa izan zen, soldata %70 inguru jaitsi baitzioten. Zu zerk bultzatu zintuen erabakia hartzera?

Nire kasuan ere soldata jaitsierak pisu nabarmena eduki zuen erabakia hartzeko; %60-65 jaitsi zidaten soldata 2015eko urtarrilean. Pentsatzen dut soldata berari eutsiz gero errazagoa izango zela han jarraitzea. Soldata jaitsi zidaten, baina unibertsitatean gradua lortu nuen; titulua atera nuen [Enpresa Administrazioan eta Finantzetako lizentzia du], eta pentsatu: «Plan bat badaukat hemen, AEBetako herritartasuna dut, nire titulua daukat, edozein momentutan itzul naiteke AEBetara, eta lan egiteko modua edukiko dut». Hori kontuan hartuta, pentsatu nuen ez nuela askorik galtzeko, eta horregatik hartu nuen erabakia.

Soldata aipatu duzu arrazoi nagusi gisa. Motibaziorik gabe ari zinen azkenean?

Motibazioa asko galdu nuen. Baina, tira, diru gehiago kobratzen duzunean, diru horrek motibatzen zaitu. Bestela, ez jokoak eta ez diruak motibatzen ez bazaituzte... Iazko urtarril eta uda bitartean han jarraitu nuen, ikasketak bukatzeke neuzkalako, nahiz eta ez neukan han egoteko gogorik.

Eta zergatik Mexikora?

Miamira, bi hilabete, sei hilabete edo bi urte barru buelta naiteke zesta-puntarekin zerikusirik ez daukan zerbaitetan lan egitera. Denbora bat hartzeko aukera neukan, eta lanean ikasteko baliatuko dut. Mexiko leku oso interesgarria iruditzen zait: batetik, diru asko dagoelako; bestetik, enpresa pentsamendua dagoelako; eta, azkenik, lan asko egiten delako. Mexiko ez da AEBak edo Espainia bezala toki zuzen bat, ez; hemen gauzak okertuz joaten dira. Erabaki nuen hona etortzea,pentsatzen nuelako okerreko bidetik doazen gauza horiek zuzentzea interesgarria izan zitekeela; hori ikasten baduzu, zuzen doazen gauzak kudeatzea errazagoa izango da. Unibertsitatean egin beharrean, masterra kalean, lanean egiten ari naiz.

Argi utzi nahi izan duzu ez duzula zesta-punta uzteko asmorik.

Ea berriro profesionala izango naizen? Ez dakit, ezin dizut erantzun. Dakidana da oraindik 31 urte ditudala, sasoiko nagoela eta lehiatzeko gai naizela. Parentesi moduko batean nago, eta oso ondo etorri zait, bai mentalki eta bai fisikoki.

Floridako kinielak aspalditik dira puntisten ia helduleku bakarra, baina zuk handik alde egin duzu.

Askotariko iritziak daude. Floridan lan gisa ikusten dut zesta-punta, ez kirol gisa. Gazteentzat, oraindik ere, aukera oso ona da AEBetara joatea. Jokatzeaz gain, ikasketa batzuk burutu ditzakezu, esperientzia pilatu, AEBetan lan egiteko baimena lortu... Hori bai, gomendatzen diet denborarik ez galtzea. Nik zesta-puntaren urte onak harrapatu ditut, baina ez daitezela zesta-punta bakarri aritu.

Zesta-punta lan gisa hartzen zenuen AEBetan. Udan Euskal Herrian jokatzera bueltatzen zinenean ez zenuen lan gisa hartzen, ala?

Ez. Bi gauza oso ezberdin dira. Euskal Herrian zesta ez dago bere garairik onenean, baina badago kirol horri kasu egin eta zu ikustera joaten denik. Frantzian ez dira, agian, zu ikustera joaten, baina zaleak gogoko du kirola, ikuskizuna. AEBetan, berriz, joaten zara pilotalekura, 100-150 lagun daude harmailetan, eta sentitzen duzu entrenatzen ari zarela. Halere, horrek gogortu egiten zaitu psikologikoki, ikuslerik gabe, ilusio handirik gabe lehiatzen zarelako.

Diziplinak, ikuskizun gisa, behea jo al du Euskal Herrian?

Ez dakit, ez naiz saltsetan sartzen. Nahiko nuke ezetz, nahiko nukeez egotea behean! Badakit badaudela bi enpresa, Jai Alive eta Gernika Jai Alai, udan behintzat jaialdiak antolatzen dituztenak.

Duela 10-15 urte, Eusko Basque enpresak kudeatzen zituen pala eta zesta-punta profesionaleko Euskal Herriko jarduera nabarmenenak. Aitor Totorika haren buruak aspaldi esan zuenez, telebistaz apenas emititu izanak eragin du gainbehera hori %80ko heinean. Zer irizten diozu?

Ez dakit zerk eragin duen gainbehera, baina horren erantzule nagusietako bat gu gara, pilotariak. Bakoitzak egoak dauzka, interesak... Aitorrek [Totorikak] esandakoa ere bada arrazoi nagusietako bat. Ez dut uste telebistarik gabe esku-huskak hainbeste zale edukiko zituenik. Telebistak ematen dizu ikusgarritasuna; ikusgarritasuna daukazunean, babesleak erakartzen dituzu, eta, ikusgarritasun horri esker, jendeak, ia-ia nahi eta nahi ez, kasu egiten die pilotariei. Kirolaren zabalkundean elementu ezinbestekoa da telebista.

Puntistak ez zarete ados jarri?

Kontua deszentralizatuta dagoenean...

Erantzukizuna neurri batean zuena dela esaten ari zara. Sekula ez duzue, ordea, diskurtso autokritiko bateraturik plazaratu.

Ez dakit... Pentsatzen dudana esaten ari natzaizu, eta igual ni nabil oker.

Nahiz eta ez azaleratu, puntisten artean existitzen al da kritikotasun hori?

Ez dut uste. Puntistek pentsatzen dugu dena ondo egiten dugula, baina ez da egia [barreak].

Gernikakoa, Markinakoa, Durangokoa, Donostiako Karmelo Balda... pilotaleku eder eta historikoak dira, baina apenas jokatzen den urte guztian partida handirik, eta pena sentitzen duzue horregatik. Halere, gero, udan, Donibane Lohizunekoa esaterako, 2.000 ikuslerentzako tokia izanik, bete egiten da ia gauero. Benetako eskaririk badago, edo ispilutze bat da?

Ez da ispilutze bat. Donibane Lohizuneko pilotalekua bi klubek kudeatzen dute, eta urte osoan lan egiten dute jendea erakartzeko eta dena antolatzeko. Egia da, era berean, 25 urte daramatzatela horretan, babesleak erdi lotuta dauzkatela, turismo bulegoak asko laguntzen diela... Baina hamabi hilabetez lan egiten dute. Horrek zerbait esan nahi du, ezta?

Zer, adibidez? Beste pilotaleku horien atzean ez dagoela klub indartsurik?

Tira, behintzat, ez dela lan egiten urte osoan pilotalekuak betetzeko. Baina aipatutako kasuan, gurasoek-eta lan egiten dute ez soilik pilotalekua betetzeko, urte guztian jokatzen duen gazteari zesta bat uzteko ere bai, esaterako. Azkenean, 400-500 euro balio du zesta batek. Gauzak zerbaiten ondorio dira.

Ez da erraza zesta-puntaren egoera azaltzea. Aldian-aldian sortzen dira proiektuak, azaltzen dira sustatzaile berriak, hainbat federazio daude, baina ezin elkar ondo ulertu. Duela hiru urte IJAPAkoak (International Jai Alai Players Association) Gernikan elkartu zineten instituzio, enpresa eta federazioekin, eta eskatu zenieten lehiaketa sistema bateratu bat, zirkuitu bat, irtenbide gisa. Egin zen zirkuitu hori. Eta orain zer?

Zirkuitu bat egin zen Munduko Pilota Batzarrarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, baina batasun pixka bat falta dela iruditzen zait. Azkenean, konturatzen gara mila gauza daudela, bat dagoela batean, bestea bestean... Egia esan, utzi nuenetik ez diot kasu handirik egin zesta-puntaren egunerokoari. Dania [Florida, AEB] eta Miamiko pilotalekuek martxan jarraitzen duten bitartean, puntistak erdi lotuta egongo dira, eta ezin izango da ezer egin. Azken urteetan arazo handiagoak genituen udan Euskal Herrian jokatzeko. Egutegi bat zegoen, oporretarako zozketa bat egiten zen... Gogoratzen dut pilotari batzuei tokatu zitzaiela oporrak urrian edo azaroan hartzea, eta horrek gauzak zailtzen zituen. Dena den, AEBetan jokatzen duten puntistetako asko gustura daude han.

Zesta-puntarekin erreta bukatu al zenuen? Hori nabari da zure hitzetan.

Bai, erdi erreta bukatu nuen [umorez].

Zerekin zehazki?

Kirolarekin, batik bat. Ikusten duzunean zure kirolean puntan zaudela, onenaren pare ia, etakirolak aurrera egin beharrean atzera egiten duela, erre egiten zara.

Buruan jokatutako dirua besterik ez duten 100 lagunen aurrean aritzea ez da samurra izango…

Eta okerragoa da enpresak ez dizunean jokalari gisa errespeturik adierazten.

Baduzu AEBetako herritartasuna, eta inoiz esan izan duzu bat egiten duzula hango bizimoduarekin.

20 urterekin joan nintzen AEBetara, eta han egin naiz pertsona. 11 urte igaro ditut han, unibertsitatean han ikasi dut, han egin ditut nire lehen inbertsioak, nire lehen etxea erosi, lehen autoa... AEBek asko eman didate, eta oraindik ere hura aukera gisa ikusten dut neure bizitzan. Badauka gauza bat asko gustatzen zaidana: zerbaitetan ona bazara, aukerak edukiko dituzu. Gringo-a ere banaiz [umorez], eta eduki dut Miamin bizitzeko zortea; kultura asko daude nahastuta, ez da gringo-a soilik. Hala ere, Ohion [AEB] bizitzea eskainiko bazenit, bada, ezetz esango nizuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.