«Bizitza ederra da filma ikusi duzu? Bada, nire haurtzaroa horrelako zerbait izan zen. Ez nuen beste ezer ezagutu, eta bizitza ez zitzaidan gogorra egin». Horixe dio Aner Garciak (Bilbo, 1973). Roberto Benignik zuzendutako film hartan Giosuek egin bezalaxe, inozentziaz beteriko gazteak aurre egin zien bidean topatutako trabei. Sortzetiko lesio batek ia bere bizitza osoa makuluekin eta gurpil aulkian mugitzera behartu du. Jaiotzetik hala bizi izan denez, «normaltzat» hartzen zuen ospitaleetatik bueltaka ibiltzea. Zailtasunak zailtasun, beti aurrera begira dago, «ezarritako helburuak kosta ahala kosta betetzen dituzten horietako bat» baita.
Gazte-gaztetatik saskibaloizale «amorratua» da Garcia, eta pasio horrekin betetzen ditu egunak dituen 24 orduetako asko. 33 urte daramatza gurpil aulkiko saskibaloian jokatzen. Gaur egun, Donostiako Salto Bera Bera taldean ari da jokatzen, baina, aurretik, Bilboko Bidaideak eta Gasteizko Zuzenak taldeetan aritutakoa da. Ez du bere burua kirol horretatik kanpo ikusten: «Ni oso pertsona aktiboa naiz, eta saskibaloia asko gustatzen zait. Gorputzak jokatzeko modua eman bitarte, ni hemen egongo naiz, gero etorriko dira komeriak… [barrez]».
18 urte zituela ezagutu zuen desgaitasunen bat dutenentzako saskibaloia. Baloi batekin saski baten inguruan aritzen zen ahal zuenean. Makulu bat utzi, eta esku batean baloia eta bestean beste makulua zuela jokatzen zuen kantxetan. Halako batean, Bidaideak taldera joatea gomendatu zioten. Han ezagutu zuen orain arte bidelagun izan duen kirola: «Lagun batek haiekin entrenatzeko esan zidan. Hasieran uste nuen gurpil aulkiko saskibaloia gurpil aulkian zeudenentzat bakarrik zela, baina ez. Asko gustatu zitzaidan; nik, gainera, eskarmentua nuen gurpil aulkian, txikitan askotan erabili behar izan bainuen. Esperientzia ederra izan zen».
Bizimodu berria
Zazpi hilabete zituela diagnostikatu zioten pseudoartritisa ezker hankako tibian. Puskatu egiten zitzaion hezurra, behin eta berriro. Hogei ebakuntza baino gehiago egin behar izan zizkioten. Bi urte eman zituen Gorlizko ospitalean, eta beste hainbat hilabete Nafarroako Unibertsitatekoan. Halako batean, zortzi torloju eta txapa batekin, tibia finko mantentzea lortu zuten. 28 urteren ostean, baina, infektatu egin zen txapa, eta arazoak areagotzen hasi ziren: «Mina ikaragarria zen. Ezin nuen gehiago. Entrenamenduak-eta leher eginda amaitzen nituen, hanka lurrean ipini ezinda. Taldekideak protesiak jarri eta oinez ateratzen ikusten nituen lasai-lasai aldagelatik. Eta ni ezinean».
Egoera jasangaitza bihurtu zenean, 2019an, medikuarekin batera, hanka ebakitzea erabaki zuten, eta, normaltasun osoz, aho bizarrik gabe jakinarazi zien taldekideei: «Ez zen erraza izan hautua egitea, ebakuntza gaizki atera zitekeelako. Baina nik bizimodu berri bat izatea aukeratu nuen. Askatasuna izan da niretzat, ez zebilen gorputz atal bat baitzen hori. Taldekideek ondo hartu zuten nire erabakia. Haiek sufritzen ikusten ninduten, eta bazekiten nola nengoen. Nik haiek erreakzionatzea nahi nuen, eta ligan aurrerapauso bat ematea, haiekin batera lehiatu nahi nuen». Baita lortu ere: hanka anputatu eta hilabete eskasera bueltan zen Garcia, eta, denboraldi hartan, igoera fasean sartzeaz gain, liga irabaztea lortu zuten.
Oraindik hobetzeko gauza asko baldin badaude ere, gizarteak aurrerapauso handiak eman ditu alor askotan 1980ko hamarkadatik hona. Elbarritasunen bat dutenenganako enpatia eta errespetua da horietako bat. Saskibaloi jokalari bizkaitarrak aldaketa «handia» sumatu du azken 30 urteotan: «Nire garaian, desgaitasunen bat-edo izatea oso gaizki ikusita zegoen, eta jendeak oso errespetu gutxi izaten zuen. Traba asko izan ditut, gizarteak eta guk geure buruari jarritakoak. Baina niri, zorionez, beti aurrera egiten irakatsi didate gurasoek, borrokalaria izaten».
Familiaren babesa izan du Garciak urte hauetan guztietan. Oso eskertuta dago bidean lagundu izanagatik. Izan ere, hiru hamarkadotan mundua asko aldatu da, eta gaur egungo egoera «ia pentsaezina» zen hura gaztea zenean. Deustuko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak graduan hitzaldiak ematen ditu, gazteak kontzientziatzeko asmoz: «Unibertsitateko gradu batean elbarritasunak dituztenen kirola ikasgai bat izatea ikaragarria da, eta sekulako ikusgaitasuna ematen dio gure kirolari. Horrek ni bezalako pertsonengan duen eragina helarazten saiatzen naiz ikasleei. Hau guretzat kirol soil bat baino gehiago da, bizitzeko modu bat da, balioak erakusten dizkigu, talde baten parte izaten, diziplina…». Garciak bezala, gizarteak ere aurrera begira jarraitzen du.