Nilofar Bayat

Bizitza duin baten bila

Abuztu amaieratik, Euskal Herria dute bizileku berri Nilofar Bayat Afganistango gurpil aulkiko saskibaloi selekzioko kapitainak eta haren bikotekideak. Bidaideak taldeak ateak ireki dizkie, eta aurreko larunbatean izan zuten estreinaldia.

ZUZENKI PRESS.
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Buruan ondo iltzatuta dauka aurreko larunbatean bizitakoa Nilofar Bayatek (Kabul, 1992). Bidaideak gurpil aulkiko saskibaloi taldearekin egin zuen debuta, Zuzenak taldearen aurkako lagunarteko partidan, Amurrion (Araba). Zerbait «berezitzat» hartu du. Bigarren laurdenean sartu zen pistara lehenbizikoz. Harmailetan zeuden ikusleak zutik jarri, eta haien txalo zaparrada jaso zuen. «Harrituta, baina era berean maitatua sentitu nintzen. Horrelakorik ez nuen sekula bizi». Hamaika sentimendu metatu zitzaizkion buruan. «Orain beste etxe bat daukat, baita familia ere. Pozik bizi naiteke Euskal Herrian; esker hitzak besterik ez dut».

Emozioaren emozioz, negarrari eutsi ezinik, aulkiaren bi gurpilak gogotsu mugitu zituen. «Aurreneko aldia izan zen nire senarrak [Ramish Naik Zai] eta biok talde berean jokatzen genuela; Afganistanen ezinezkoa baita». Batak besteari baloia pasatzen zionean, beste begirada batez egiten zioten so elkarri, begiek dir-dir egiten zieten bitartean. «Harro» dago Bidaideak taldeko partaide izateaz. «Eta eskertua horrelako aukera eman didatelako. Espainiako Ligako txapelduna da, eta jokalari oso indartsuak ditu».

Bayat eredugarri bilakatu da Afganistango emakumeen eskubideen aldeko mugimenduan. Larunbateko partidako irudiek oihartzun «handia» izan dute haren herrialdean azken egunotan. Emakume kirolariei mezu argia eman die: «Emakumeok gaitasuna dugu gizonezkoekin batera kirol exijente eta fisikoetan aritzeko».

Talibanek Afganistanen agintea hartu zutela eta, herrialdeko saskibaloi selekzioko kapitainak eta haren bikotekideak «sorterria, familia, bizitza...» atzean uzteko erabaki «zaila» hartu zuten. Hil edo biziko trantzea pasatu behar izan zuten. «Zeharo beldurtuta, bizitza duina edukitzeko itxaropenez alde egin genuen». Bilbon lurreratu ziren. Une hura ekarri du gogora: «Soinean jantzita generaman arropa besterik ez genuen». Ordutik, Bizkaiko hiriburuan bizi dira, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearen babespean. «Bizitza berri bati ekin diogu», esan du.

Lehen egunean, Bilboko kaleetan barrena zihoala, gauza batek liluratu zuen gehien: «Emakume bat bakarrik oinez zihoala ikusi nuenean, asko hunkitu nintzen. Niretzat, ikaragarria izan zen, Afganistanen debekatua baitugu». Aspertzeko betarik ez du Bayatek. «Espainiera ikasten ari naiz, egunero hiru orduz. Halere, jakin dut Euskal Herrian beste hizkuntza bat ere badagoela: euskara. Ez dut baztertzen ikastea». Etxeko zereginak egin eta gero, arratsaldean entrenatzera joaten da, senarrarekin batera. «Eguna okupatua dudan arren, ondo daramat». Diru sarrera handirik gabe, erraztasun handirik ez dute «duin» bizitzeko. Zuzenbide ikasketak egin zituen Kabulgo unibertsitatean. «Urritasunen bat duten emakumeen kirolariei ikusgaitasuna emateko lan egin nahiko nuke, baita haien eskubideen alde borroka egin ere».

Sorterriari kezkaz begira

Bayatek eta haren bikotekideak bizitza «hobeagoa» duten arren, sorterriari ez diote begirik ere kentzen. «Pena» eta «amorrua» sentitzen dute. «Emakumeen eskubideak guztiz zapalduta daude: irakaslerik ez dago, ezta emakume atletarik ere; are, urritasun fisikoren bat baduzu, ahaztu zaitez. Irisgarritasuna guztiz mugatua dugu; medikuarenera, unibertsitatera edota gimnasiora joateko oztopo handiak ditugu».

Familiarekin eta gertukoekin hitz egiteko zailtasunak ditu Bayatek. «Bilbora heldu nintzenetik amarekin eta bi arrebekin soilik birritan hitz egiteko aukera izan dut, arriskuan jartzen baititut; izan ere, agintean daudenek deiak entzun ditzakete». Oraingoz familia «ondo» dagoela esan du, baina «kezkatuta» dago.

Iluntasun horretan bada ere, ez du ukatu herrimina sentitzen duela. «Noizbait nire herrira itzultzea gustatuko litzaidake; han hazi eta hezi bainaiz. Etorkizunean gizarte justu bat egongo dela sinetsi nahi dut». Bitartean, saskibaloiaz «gozatzea» besterik ez du buruan, «inongo jazarpenik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.