Denboraldi hasiera amesteko modukoa egin zuen Osasunak: bost neurketatik lau irabazi zituen. Orain, ordea, sasoiko lehen harriarekin egin du topo: ez du irabazi azken lau partidetan. Futbolean ohikoa da gorabeherak izatea, eta Osasuna, sasoi honetan lehen aldiz, bolada txar batean sartu berri da. Real Madrilen aurka berdindu du, eta Getaferen, Valentziaren eta Vila-realen aurka galdu. Gaur aukera paregabea izango du egoera iraultzeko. Espanyolen aurka neurtuko ditu indarrak Sadarren.
Lehen, dena ez zegoen hain ondo, eta orain, dena ez dago hain gaizki. Osasunako jokalariek erakutsi dute nortasuna eta gaitasuna badutela, Jagoba Arrasateren esanetan, azken bi partidetan horien falta izan arren. Hain justu atzo, prentsaurrekoan, Arrasatek azpimarratu zuen taldeak «bizitasuna» berreskuratu behar duela eta atzean utzi behar duela azken bi lehiatan erakutsi duen «zurruntasuna».
Azken lau partidetako emaitzak alde batera utzita, nabarmentzekoa da Getafe ez ezik beste aurkari guztiak ere talde indartsuak direla, ligako gorengo postuetan sailkatzeko helburua dutenak. Hala eta guztiz ere, ez dago aitzakiarik, eta are gutxiago lau jokalarik txartel gorria ikusi badute. Osasunako entrenatzailearen hitzetan, horietako bi, behintzat, saihestu zitezkeen. Jokalari bat gutxiagorekin zelaian nekez lortzen dira puntuak, eta horrelako jokaldietan erneago egon beharko dute gorritxoek, partida irabazteko aukera eduki nahi badute.
Halaber, egutegia estua da aurten. Partida bat bestearen atzetik dator, eta horrek nahitaezkoa egiten du hamaikakoan aldaketak egitea, zenbait jokalarik atseden har dezaten. Arrasatek azaldu zuen aldaketak egongo direla hamaikakoan; ez bakarrik egutegia estua delako, baita partida «txarrak» egin dituztelako ere. «Azken bi neurketetan ez gara fin ibili; gure mailaren azpitik egon gara. Hori dela eta, garrantzitsua izango da maila berreskuratzea. Sadarren zaleak gure alde izango dira».
Deialdiari dagokionez, Unai Garcia jokatzeko prest dago, partida bateko zigorra bete ostean. Ruben Peña, berriz, zigortuta dago oraindik ere, Valentziaren aurka atera zioten txartel gorriagatik.
Osasuna ez bezala, Espanyol goranzko joeran dago. Atzetik aurrera egin du, eta amaiera eman dio bolada txarrari: lau partida jarraian egin zituen irabazi gabe. Iragan jardunaldian, Valladolid mendean hartu zuen (1-0); Joseluk sartu zuen garaipenaren gola. Osasunak kate motzean lotu behar du aurrelari espainiarra. Izan ere, taldeko golegilea izateaz gain, ligako lehen hiru goleatzaileen artean dago: zazpi sartu ditu.
OSASUNA-ESPANYOL
Osasuna. Herrera; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz; Chimy Avila,Torro, Darko, Ruben Garcia; Aimar eta Budimir.
Espanyol. Lecomte; Gil, Calero, Cabrera, Olivan; Vini Souza,Exposito; Puado, Darder, Braithwaite eta Joselu.
Epailea. Mario Melero Lopez.
Lekua. Sadar (23.576 ikusle).
Ordua. 20:00 (Gol eta Dazn).
Bizitasuna berreskuratu nahian
Osasunak azken lau partidetako bolada txarra eten nahi du gaur Sadarren Espanyoli irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu