Markagailua iraulita, Binakako Txapelketako bigarren puntua poltsikoratu dute Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk gaur Donostiako Atano III.a pilotalekuan (16-22). Gaur galduta leku txarrean geratuko zen bikotea, baina erreskate lanetan fin ibili da Peña II.a.
Neurketa ezin zuten okerrago hasi: 7-0. Errematean asmatu du Irribarriak, baina nagusiki Albisuren akatsek ahalbidetu dute errenta hori. Bederatzi pilota galduta amaitu du partida atzelariak. 14-9 ere joan dira aurretik gorriak.
Garaipena urrun zutela zirudienean, ordea, aurrerapauso galanta eman du Peñak. Haren pilotakaden atzetik ibili da Irribarria, eta Albisuk ere hobeto jokatu du neurketaren bigarren zatian lehenengoan baino. Itzaltzean joan dira Irribarria eta Rezusta, eta 22raino heldu dira urdinak.
Sailkapena
1. Elezkano II.a-Zabaleta, 5 puntu
2. Irribarria-Rezusta, 4
3. Laso-Imaz, 3
4. Urrutikoetxea-Aranguren, 3
5. Altuna III.a-Martija, 3
6. Peña II.a-Albisu, 2
7. Jaka-Mariezkurrena, 2
8. Ezkurdia-Tolosa, 1