Esther Arrojeriak (Usurbil, Gipuzkoa, 1994) ez zuen jokatu asteartean, Gijonen aurka. Imanol Alvarezek atseden eman zien hari eta beste zenbait jokalariri. «Saihetsezina da Europako kanporaketa buruan izatea», azaldu du.
Azkeneko hiru partidak irabazi dituzue. Bide zuzena hartu duzue berriro?
Hiru partida horiek irabazteko beharra genuen, erdipurdiko bolada batean baikinen: bi neurketa galdu eta bat berdindu genuen. Hiru neurketa jarraian irabazteak indarra eman digu Europako erronkari heltzeko.
Bigarren partidan Guardesen pistan irabazi zenuten. Liderra zen, eta partida guztiak irabazi zituen. Halako garaipenek indar handia ematen dute.
Bai, baina hiru garaipenek indartu gaituzte. Elda ez da Guardes bezain indartsua, baina partida biribila egin genuen. Horrek eman zigun lehen bultzada. Ez da erraza haren gisako talde bati halako aldeaz irabaztea [38-22]. Guardes, berriz, arerio zuzena da, eta lider zen, punturik galdu gabe. Argi genuen partida hori erabakigarria izango zela asteburu honetara ondo iristeko. Taldeak lan handia egin zuen. Pozik gaude.
Zertan hobetu duzue?
Defentsan eta atean. Defentsa da gure indargunea, eta horretan kili-kolo bagabiltza, lana zailtzen zaigu. Erasoan, berriz, baloi gutxiago ari gara galtzen, eta kontrol handiagoz ari gara. Lehen, presaka jarduten ginen. Bide onean gaude, baina badugu zer hobetua.
Zazpi jokalari joan dira, eta sei etorri. Bi atezainak berriak dira. Horrek zerikusia izan du?
Erabat. Bai Lucia [Prades], bai Tamara [Kostic] ikaragarri ondo hasi ziren, baina, gu defentsan zalantzati aritu ginenez, ezin izan zioten eraginkortasunari eutsi. Egokitzapen prozesu baten parte da. Arraroa izan zen horren ondo hastea horrenbeste aldaketa izan ondoren. Baina, pixkanaka, piezak bat egiten ari dira, eta atezainak sistemara egokitzen: Lucia oso ondo aritu zen Gijonen aurka, eta Tamara ere bai Guardesen kontra. Haiek seguru egoteko, ezinbestekoa da gu ondo aritzea defentsan. Hori egin behar dugu pozteko arrazoi asko izan nahi baditugu.
Ezustea hartu zenuten horren ondo hasteagatik?
Bai. Ez zen normala horrenbeste jende horren azkar eta ondo egokitzea, eta dena zoragarria izatea. Ez zen normala izan horren sendo aritzea Iberiar Superkopan eta ligako lehen bi partidetan. Hamar golengatik irabazi genien Elxi eta Aulari, eta hori ezohikoa da zure onenean arituta ere. Baina neurketak jokatu ahala, ikusi da hori ez zela guztiz erreala. Hala ere, ez da guztiz erreala izan zenbaitetan eman dugun maila txarra; maila handiagoa dugu. Galdu genituen partidak ez lasaitzeko abisua izan ziren, eta taldeak erreakzionatu egin du gero. Gure maila onenera itzuli nahian gabiltza, eta, pixkanaka, ari gara gerturatzen.
«Galdu genituen partidak ez lasaitzeko abisua izan ziren, eta taldeak erreakzionatu egin du gero»
Bazenekiten, baina argi geratu zaizue: edonork eman diezazuke susto bat.
Duela hiruzpalau urtetik da horrela: edonon pasatu dezakezu oso gaizki. Aurten, adibidez, emaitza estu asko egon dira, baita ezustekoak ere: Elx txapeldunordea da, eta azken postuetan dago. Argi izan behar dugu denboraldia luzea dela eta amaieran erabakiko dela dena, kanporaketetan.
Lehen, partida guztiak ziren oso garrantzitsuak. Kanporaketak egonda, aldatu egin da hori?
Bai, huts egiteko tarte pixka bat handiagoa duzu. Baina ezin zara lasaitu. Gure helburua liga lehen postuan bukatzea da, handia baita saria, Europan aritzea, eta gurea bezalako talde batek beti izan behar du helburu hori. Lehena izanda, gainera, etxean jokatzearen abantaila duzu. Zenbat eta hobeto aritu ligan, orduan eta hobeto helduko diegu kanporaketei.
Argi dago azken hiru partidak irabazi eta gero garai onean ekingo diozuela Lublinen aurkako kanporaketari.
Bai, baina hobeto egon gintezke. Oso argi dugu Lublinek ez duela antzik ligako taldeekin: jokalari poloniarrak indartsuagoak, garaiagoak eta kanpotik jaurti zaleak dira. Beraz, txipa aldatu beharko dugu pixka bat. Baina taldea prest dago, eta garai hobea edo okerragoa izan, argi du hau dela momentua. Ilusio handia dugu, eta espero dugu han emaitza ona lortzea, iazkoa berriro ez gertatzeko [39-32 galdu zuten joanekoa, Norvegian, Solaren aurka].
Bost urtez jarraian ligaxkaren atarian geratu eta gero, gogo handiagoa duzue?
Bai, izugarria. Ligaxkarako sailkatzea da talde honen erronkarik handiena. Gure helburua beti izango da titulu guztiak irabazteko borrokatzea, baina, aurten, bereziki, iaz horren gertu izan eta gero [ez ziren sailkatu gol batengatik], ligaxkan aritzea da gure helburu nagusietako bat. Hori lortu nahi badugu, bi urrats egin beharko ditugu, bi kanporaketa jokatuko baititugu. Baina horrek esperientzia handiagoa ematen dizu Europan, eta horrek gure alde joka dezake. Nire ustez, gainditzeko moduko kanporaketa da. Horretarako, taldeak oso ondo aritu beharko du, Lublin talde indartsua baita, eta bere indarguneei probetxu ateratzen saiatuko da. Baina, taldea ohiko moduan aritzen bada, lanak emateko gai izango gara.
«Lublinek ez du antzik ligako taldeekin: indartsuagoak eta garaiagoak dira, eta kanpotik jaurti zaleak»
Zer falta izan zaizue aurreko aldietan?
Ez garela aritu behar genuen bezala aritu lehen partidan. Iaz gertatu zitzaiguna da horren adibide: Norvegian zazpi golengatik galdu izanak oso maldan gora jarri zigun kanporaketa. Partida ia perfektua egin genuen etxean, eta gai izan ginen Solaren gisako talde handi bati sei golengatik irabazteko. Penalti bat izan genuen berdintzeko, baina atarian geratu ginen. Eta arazoa zera izan zen, ez ginela aritu lehen partidan behar genuen bezala. Benetan daukan garrantzia eman behar zaio lehen partidari; nire ustez, Polonian emaitza ona lortzea da sailkatu ahal izateko gakoa.
Nola egiten da hori?
Oso adi aritu behar dugu une oro. Badakigu ez dela erraza pista arrotzetan jokatzea, baina horren gainetik egon behar dugu kosta ahala kosta. Bizirik itzuli nahi dugu etxera, eta etxean lana errematatu.
Zer da bizirik itzultzea? Zer emaitzarekin konformatuko zinatekete?
Ez dakit. Gauzak ondo egin ditugun sentipenarekin itzuli nahi dugu. Gero, etxean, zaleak ikusgarri portatzen dira beti Europako partidetan. Zoragarria da Gaska betean jokatzea. Zaleen bultzadak asko errazten du egitekoa, eta indarrez gainezka irteten gara pistara. Bizirik itzuli nahi dugu, eta etxean ondo jokatuz gozatu eta gozarazi. Horrela sailkatzen garela? Bikain.