Euskal Herriko Itzulia

Bizirik irauteko proba da

Helmugatik bost kilometrora izandako eroriko batek jokoz kanpo utzi ditu Mas, Alaphilippe eta Kwiatkowski. Schachmannek irabazi du, eta lidergoa sendotu

Bizirik irauteko proba da.
Imanol Magro Eizmendi.
<i>Estibaliz</i>
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Bizirik irautea arte bat da. Zorigaitza eragotzi eta aurrera jarraitzen jakitea bertute handia da. Bizitza, eta kirol lehia, baina, askotan loteria makabro baten antzekoada, eta irudi gutxi daude makabroagoak ziztu bizian doan tropel baten erdian eroriko handi bat ikustea baino. Sarraski itxura hartzen du, museoetako gerra irudidun koadroen antzekoa, eta mina da protagonista nagusia. Atzo, patuak segada gogorra jarri zuen Euskal Herriko Itzuliko tropelaren bidean, eta hortik libratu zirenak dira orain irabazteko faborito. Maximilian Schachmann (Bora) liderrak irabazi zuen Estibalizko aldapan, eta gainsariei esker 33 segundoren aldea du orain Ion Izagirre (Astana) bigarren sailkatuarekiko. Ormaiztegikoak zentimetro gutxigatik saihestu zuen asfaltoaren oinazea. Badirudi sailkapen nagusiko garaipena bien arteko lehiatik irtengo dela. Bora Astanaren aurka.

Itzulia eliminazio proba bilakatu da aurreneko egunetan. Zorigaitzaren lehen biktima handiak Mikel Landa (Movistar) eta Adam Yates (MItchelton) izan ziren, eta, atzo, kalteak ugaritu egin ziren. Faborito handienak ziruditenak eroriziren. Besteak beste, Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step), Michal Kwiatkowski (Sky) edota Enric Mas (Deceuninck-Quick Step) garaipenerako jokoz kanpo gelditu ziren. Gazteenak 1.43 galdu zuen, eta ziztu bizian helmugaratu zen. Beste biak, berriz, zauriz josita. Poloniarrak 9.38 galdu zuen helmugan, eta frantziarrak, hamabi minututik gora. Biak ala biak lurretik altxatzen azkenekoak izan ziren, eta herio batean iritsi ziren helmugara. Estibalizko aldapa harrizko gurutzez josita dago: agertoki aproposa bien gurutze biderako. Biak borrokalari petoak dira, baina ikusteko dago lasterketan jarraituko ote duten.

Erorikoa, izan ere, beldurgarria izan zen. Iheslariak harrapatzeko ehiza erritmoa bizi jarria zuen tropelak. Haizea alde zuten, eta orduko 63 kilometrora hegan zihoazen Arabako lautadaren erdian. Egunean zehar hainbat eroriko egon ziren, baina euria agertu ez izanak horrelako zerbait gertatzearen probabilitatea murriztu zuen. Etapako azken bost kilometroetako bidea nahiko txarra zen, baina erorikoa pixka bat lehenago gertatu zen, oraindik asfalto ona zegoen tartean. Txirrindulari batek, baina, Astanako baten gurpila ukitu, eta, sega balitz bezala, eskuinetik ezkerrera egin zuen, txirrindulariak domino pieza bihurtuz. Jonathan Castroviejo (Sky) izan zen kalte gehien izan zutenetako bat, eta Santiago ospitalera eraman behar izan zuten.

Gurpila ukitu zioten Astanako hori Ion Izagirre izan zen. Zorte onaren eta zorte txarraren muga zein txikia izan daitekeen ikusi zen. Ziztu bizian jarraitu zuen aurreko tropelarekin. Inork ez zion inori itxoin: txirrindularitza horrelakoa da. Bosgarren helmugaratu zen, gainsaririk gabe. Deigarria izan zen, halaber,Daniel Martinez (Education First) kolonbiarraren adorea. Erori arren, ziztu bizian altxatu zen, eta 25 segundo galdu zituen bakarrik. Hirugarren postutik seigarrenera jaitsi da, baina, eta 53 segundora dago orain.

Sailkapen nagusiari dagokionez,liderraz gain, beste bi txirrindulari ditu lehen bost sailkatuen artean Bora-Hansgrohek: Patrik Konrad —Izagirrerekin berdinduta— eta Emannuel Buchmann, bosgarren. Astana taldeak, berriz, hiru ditu lehen 11 sailkatuen artean. Pello Bilbao da seigarren, eta Jakob Fulgsang 11. Lasterketako azken txanpa bi taldeen arteko borroka dela dirudi. Izagirre Schachmann baino igotzaile hobea da, baina litekeena da bihar hastea bien arteko lehia, Arraten gora. Aurretik, ondo bidean, erorikoaren oroitzapenak gaurko etapa moteldu beharko luke.

Ehiztarientzako eguna

Gaur laugarren etapa jokatuko da, eta Itzuliko etapa aproposena da ihesaldi bat antolatzeko. Txirrindulariek Gasteiz eta Arrigorriaga (Bizkaia) arteko 164 kilometroak bete beharko dituzte. Helmugatik 44 kilometrora, baina, Bikotz Gane lehen mailako mendatea (570 m.) igo beharko dute. Igoera gogorra da, ia bost kilometro eta batez beste %8,6ko pendiza duena. Sailkapenean arriskutsuak ez diren txirrindularien talde batek goraka saiakera egiten badu, helmugara iristeko aukera izan dezake. Azken kilometroak makurrak dira beste behin. Helmugatik sei kilometrora Zaratamoko gaina dago. Lau kilometroko ibilbide gorabeheratsua da, eta, behin goian, bi kilometroko jaitsiera oso bizkorra dago helmugara arte. Bihurgune arriskutsu pare bat ditu, eta goian tarte txikia irekitzen duenak helmugan besoak altxatzeko aukera handia izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.