Bizipenetatik ikasi dute

Anaitasunak eta Bidasoak denboraldiko lehen derbia jokatuko dute gaur, Iruñean. Bi taldeek oso ondo ekin diote ligari. Aitor Garciaren ustez, «oso baliagarria» zaie aurreko sasoian bizitakoa.

Aitor Garcia Anaitasunako jokalaria, atzo, entrenamendua hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
inigo lasa fresneda
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Derbiak beti dira partida garrantzitsuak, baina are bereziagoak dira bi taldeak sailkapenaren goialdean daudenean. Gaur, Anaitasunak eta Bidasoak neurtuko dituzte indarrak, Iruñean (20:30, LaLiga Plus). Bi taldeek bikain hasi dute liga: bigarren dira gipuzkoarrak, eta bosgarren nafarrak. Biek eman nahi diote jarraipena bolada onari, eta, hala, espero da denboraldiko lehen derbia emozioz betetakoa izatea.

Nafarrek indartsu hasi dute sasoia. Zenbait jokalari garrantzitsuk taldea utzi zuten aurreko denboraldiaren amaieran: besteak beste, Carlos Txokarrok eta Ibai Meokik. Baina gaztetasunez betetako talde lehiakorra da Iruñekoa. Gazte horietako bat da Aitor Garcia pibotea (Iruñea, 2001). Baina hark eskarmentu handia du jada: bosgarren denboraldia du lehen taldean. Zer egoera zegoen ikusita, «nahiko ezustean» harrapatu du horren ondo hasi izanak: «Ez genuen espero hain goian egotea. Taldea asko aldatu da, jende garrantzitsua joan da, baina etxekoak berreskuratu ditugu: Aitor Albizu eta Adrian Ortiz, esaterako. Talde gaztea dugu, eta horrek alde onak eta txarrak ditu. Oraingoz, gauza onak bakarrik ikusten ari gara».

Talde gaztea izanik, «presiorik gabe» eta «xede jakinik» ezarri gabe ari dira Quique Dominguezenak: «Ez dugu helburu jakinik. Hasiera-hasieratik garbi genuen partida bakoitza jokatu beharko genuela, eta, futbolean Simeonek esaten duen bezala, partidaz partida joan behar genuela. Astero ongi entrenatu, neurketa guztiak irabazteko helburuz jokatu, eta gero ikusiko dugu non bukatzen dugun. Oraingoz, gainetik kendu dugu sailkapenak ezartzen duen presioa».

Presiorik gabe aritzeak ez du esan nahi anbiziotsuak ez direnik. Bartzelona kenduta, ligako edozein talderi irabazteko gai direla iritzi dio Garciak: «Besteak beste, Granollers eta Ademarren aurka jokatu dugu etxean, eta txukun arituta irabazi diegu. Cuencan galdu egin genuen, baina lehian egon ginen une oro».

Zortzi partida jokatu dituzte: bost irabazi, eta hiru galdu. Etxeko hirurak irabazi dituzte, eta azken bi norgehiagokak gol baten aldeaz, azken minutuan gola sartuta. Azken horren inguruan badakite zerbait: «Aurreko sasoian, oso gaizki pasatu genuen. Zazpi neurketa galdu genituen gol bakar batengatik. Uste dut hori ikasi dugula. Aurten bi partida irabazi ditugu horrela, eta bat galdu. Baina aurreko denboraldian gertatutakoa oso baliagarria zaigu».

Garaipena begiz jota

Derbiek beti izaten dute neurketa normalenaz bestelako xarma. Pibote iruindarra gogotsu da gaurko lehiarako: «Bidasoaren aurkako derbiak oso bereziak dira niretzat. Artalekun, akaso, giro beroagoa dago, zarata handiagoa ateratzen dute. Baina bi pabiloietan dira bereziak euskal derbiak. Gainera, errespetu handia dago bi taldeen artean».

Katedralak ere zarata handia ateratzen du, eta gaur ere burrunba egongo da. Hori, hein handi batean, iragan sasoian sortu zen animazio harmailari esker da. «Asko» ematen die jokalariei: «Giro beroagoa dago orain, eta nafar asko gaudelako da, nire ustez. Hamar bat gara, betidanik Anaitasunan jokatzen aritutakoak asko. Uste dut horrek are gehiago estutu duela taldearen eta zaleen arteko lotura. Gertuago nabaritzen dute taldea. Ikusgarria da Katedralean jokatzea».

Bidasoak ere ezin hobeto ekin dio denboraldiari: zazpi partida jokatu ditu: sei irabazi ditu, eta bat berdindu, Bartzelona ahalguztidunaren aurka. Irabazi egin ditu azkeneko sei lehiak. Garciaren iritziz, «aurkari indartsua» da: «Liga nola hasi duen ikusi besterik ez dago. Europan lehiatzeko moduko taldea dela uste dut. Jokalari asko ditu, eta, gainera, denak dira garrantzitsuak. Asmatu egin dute fitxaketekin, eta, korrika egiteaz gain, oso sendoak dira defentsan». Halere, uste du irabaz diezaioketela: «Bidasoa gure ligako taldea da; guk, behintzat, hori uste dugu. Jokalari multzoari erreparatuz gero, ez dugu sona handiko izenik, baina talde guztien aurka lehiatzen ari gara. Derbia irabaz dezakegu».

2017ko abenduaren 6an irabazi zion azkenekoz Anaitasunak Bidasoari Iruñean. 2.000 egun baino gehiago igaro dira ordutik, ia sei urte. Nafarrak bolada txar horri amaiera emateko gogoz dira: «Gure helburua irabaztea da. Azken urteotan Iruñean jokatu ditugun partidetan ia lortu dugu hori. Badakigu partida zaila izango dela, baina irabazteko asmoz aterako gara pistara».

Azken derbiak nola joan diren ikusita, lehia «gogorra» espero du: «Bidasoaren aurkako partidak horrelakoak izaten dira beti. Norgehiagoka bizia izatea espero dut, korrika asko egitekoa, eta kontraeraso askokoa. Bidasoa oso talde ona da. Irabazi nahi badugu, kontzentratuta egon beharko dugu partida osoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.