Juan Peraltak (Figarol, Nafarroa, 1990) zorigaiztoko berri bat jaso zuen ekainean, Kolonbian jokatzekoa zen pistako txirrindularitzako Munduko Kopa prestatzen ari zela: tumore onbera bat atzeman zioten buruan. Bizitza aldatu zitzaion kolpe batean; akabo plan guztiak. «Astelehen batean diagnostikatu zidaten, eta ostegun horretan bertan Kolonbiara nindoan, Munduko Kopan aritzera. Kontsultara joan nintzen, eta zer neukan azaldu zidaten: esan zidaten tumore bat nuela buruan, ebakuntza egin behar zidatela, eta prozesuak luze joko zuela. Shock egoeran geratu nintzen».
Horrelako berriek bizitza berriz pentsatzera eramaten zaituzte. Peraltak argi izan zuen hasieratik bizikleta alde batera geratuko zela; berehala utzi zion lehentasun izateari. «Informazioa ematen dizute, baina ez dakizu nola erreakzionatu. Baina, egunek aurrera egin ahala, txirrindularitzarekin eta kirolarekin lotutako guztia bigarren maila batera pasatu zen. Osasuna da lehena bizitzan, garrantzitsuena. Ebakuntza egin behar dizutela pentsatzen duzu, egoerak okerrera egin dezakeelako. Momentu horretan, dena ondo ateratzea eta bizitza normala egin ahal izatea zen nire desira. Ez zidan traumarik eragin lehiatu ezin izanak. Garrantzitsuena zen dena ondo ateratzea, edozer gerta zitekeelako». Albistea izan eta hilabete eskasera egin zioten ebakuntza, eta, «zorionez», arrakastatsua izan zen.
Hilabeteak joan dira ordutik, eta «oso pozik eta lasai» dago, dena «ondo» atera baita. Errekuperazio prozesuan jarri ditu bere lehentasun guztiak. «Lepoa ondo dut, baina ezkerreko besoan nerbio bat ukituta dago, eta oso motel doa. Denbora eman behar zaio. Pazientzia izan behar dut; gaur-gaurkoz, buru-belarri nabil sendatzeko prozesuan. Barneratua dut gaitz txiki bat dela; hasieran sinatuko nukeen horrela egotea. Gogor entrenatzearen eta lehiatzearen inguruan ez dut hainbeste pentsatzen. Itzuliko naiz, baina zaila izango da berriro lehen bezala egotea».
Prozesu luzea izango du Peraltak aurretik, baina bide orri horretan ez du pentsatzen noiz bueltatu daitekeen bizikletan ibiltzera. «Gertatu zaidana sekulakoa izan da, eta, lehenbizi, nire gorputza nola geratzen den ikusi behar dut; horretan nago orain. Mundu guztiak gauza bera galdetzen dit, ea noiz itzuliko naizen, baina ez dakit zenbateraino indarberritu naitekeen; gaur-gaurkoz, ez daukat buruan berriz lehiatzea. Oraintxe bertan ez dut kirola egiteko gogo handirik ere, oraindik ez nagoelako ondo; nola gera naitekeen ikusten saiatzen naiz. Hori gertatzen denean beste gauza batzuetan pentsatzen hasiko gara».
«Biktima» ez sentitzea
Goi mailako kirolak horrelako gorabeherak izan ditzake: gorenean zaudela, bizitzak traba bat jarri diezazuke betirako. Peraltak dioenez, gertatu zaionak «lagundu» egin dio «benetan axola duena gehiago balioesteko», eta «zoriontsu» egiten duten gauza guztiez «gehiago gozatzeko». «Urte askotan goi mailan lehiatzen zaudenean, burbuila baten barruan sartzen zara: batzuei eta besteei gauzak gertatzen zaizkiela ikusten duzun arren, ez duzu pentsatzen zuri gerta dakizkizukeenik; are gutxiago tumore baten moduko zerbait. Baina gerta daiteke, eta prest egon behar da».
Peraltaren iritziz, halakoek bizitza «alda» diezazukete, eta «buruz» prest egon behar da. «25 urtez maila gorenean aritu zaitezke, eta errendimendu oso ona izan. Uste duzu urte asko geratzen zaizula, eta ez duzu pentsatzen zure ibilbidearen amaieran. Baina, gero, bizitzak hankaz gora jar diezazuke dena».
Argi du: gaur-gaurkoz, garrantzitsuena da ez egitea biktimarena. «Niri asko lagundu dit horrek. Lehen egunak oso gogorrak dira, baina, gogorra izan arren, aurre egin behar zaio; lehenbizi, zuregatik, baina baita ingurukoengatik ere. Jota ikusten bazaituzte askoz gogorragoa da. Irtenbideak bilatu behar dira, eta ahalik eta ondoen egoten saiatu. Profesionalen eskuetan jarri behar zara; ezin duzu askoz gehiago egin. Indartsua izan behar da. Gero, gauza asko daude bizitzeko».
Juan Peralta
Bizikletatik jaitsi, bizitzari eusteko
Juan Peralta pistako txirrindulariari tumore onbera bat atzeman zioten buruan, ekainean. Hilabete geroago egin zioten ebakuntza, eta dena ongi atera zen. Egun, etxean dago, errekuperazio prozesuan sartuta. Eperik gabe esan dio agur bizikleta gainean ibiltzeari eta lehiatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu