Elkarrentzako eginak daude kirola eta Josune Gorostidi (Txarama, Leaburu, Gipuzkoa, 1967). «Beti maite izan dut kirola, eta telebistaz asko ikusten dut, edozein kirol mota dela ere». Begi bistakoa da, bai. Txirrindularitzan eman zituen lehendabiziko pausoak. Pauso garrantzitsuak, gainera. Eta «geldirik egoteko jaioa ez» denez, herri kiroletan dihardu orain, Ibarrako sokatira taldean. Bizikleta gainean bezala, titulu aipagarriak irabazi ditu herri kiroletan. Lana eta umiltasuna ditu lorpen denen sekretu, eta umiltasun berarekin mintzo da egungo bizilekuan: Gaztelun.
Eguraldi bikainak eta herriko naturaren edertasunak lagundurik, oroitzapenetan murgildu da Gorostidi: «Patxi Alkorta zenak zera esan zidan behin, emakumeen txirrindularitza talde bat osatu nahi zuela, eta izena emateko. Asko pentsatu ondoren, kasu egin nion, eta halaxe hasi nintzen». Eskerrak erabaki hori hartu zuen, altxor bat alferrik galduko baitzen bestela. «Emakumeen lehen taldea izan zen hura, eta esperientzia ahaztezinak bizitzeko aukera izan nuen». Espainiako txapeldun hiru aldiz izan zen, Munduko Txapelketetan parte hartzea ere eduki zuen, Frantziako Tourra korritu zuen, Emakumeen Bira eta Mallorcako Itzulia irabazi zituen, besteak beste.
1992an Bartzelonako Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte. Hortxe eman zituen azken pedalkadak: «24 urte nituen orduan, eta orain konturatzen naiz gazte utzi nuela txirrindularitza. Askok esan izan didate gerora sasoirik onenean hartu nuela erretiroa, eta akaso arrazoi dute». Erabaki hori zergatik hartu zuen ez daki, ordea: «Etxetik kanpo denbora asko igarotzen nuen. Madrilen bi urtez egon nintzen bizitzen, eta baliteke herriminagatik izatea, baina ziur esateko, ez dakit». Dena den, Madrilen bizitako momentuak irribarrez gogoratzen ditu.
Bizikletari agur esan ondoren, garai hartako bizitza erritmoa aldatu zuen. Ezkondu egin zen, umeak izan zituen... Hala ere, sekula ez zion utzi kirola egiteari: «Ariketa fisikoa maite duen pertsona ez da eserita egoten, eta nire kasua horixe izan da beti. Fundamentu handirik gabe egin arren, umeak izatean ere gutxieneko prestakuntza bat edukitzen jarraitu nuen». Eta kirol mundu batetik atera orduko, beste baten alde egin zuen: «Senarra segan aritzen zen, eta niri herri kirolak beti gustatu izan zaizkidanez, bertan sartzea erabaki nuen. Trontza izan zen nire lehendabiziko apustua». Eta ez zen apustu okerra izan, garaipen zerrenda polita lortu baitu oraingoz. Idiazabalgo Lourdes Intxausti lagun hartuta, bi aldiz gailendu zen Euskal Herriko Txapelketan, 2009an eta 2010ean hurrenez hurren.
Trontza ez da izan, ordea, azken urteetan egin duen herri kirol bakarra. Senarraren ohiturei jarraituz, segan ere probatu du: «Lehiatzeko baino gehiago, gustuak asetzeko aritu nintzen segarekin». Baina benetan gustuak aseta lokotx biltzen geratu zaizkio azken hiru urteotan, Euskal Herriko txapeldunorde izan baita: «Emaitza onak lortu ditut lokotx biltzen, baina horren atzean prestakuntza handia dago. Behin urte batzuetatik aurrera ez dago miraririk, eta ongi prestatu ezean, alferrik da. Plazara fundamentuz atera beharra dagoela konturatu naiz urteak aurrera joan ahala».
Eta norbait fundamentuaren jabe bada, hori Gorostidi da: «Goizetan lan fisikoa egitea gustatzen zait, lasterka edo mendi bizikletarekin, eta arratsaldetan teknika lantzen dut. Ahal dudan gehienetan egiten dut hori». Txirrindularitza eta herri kirolak alderatuta, biak gogorrak direla dio, baina kirolak kendu baino eman gehiago egin diola garbi dauka: «Lagunak, pozak, garaipenak. Azken finean, bizitzeko era bat eman dit kirolak, eta merezi du lan saioetan esfortzua egiteak». Gaztea zenean ere ez zuen askorik tentatzen parrandak. Jai zeukan egunetan nahiago izaten zuen eskiatzera joan tabernetan ibili baino. Zalantzarik ez da: odolean darama kirola.
Trontza, sega, lokotx biltzea. Herri kirolak probatu ezaren damurik ez du izango bizitzan, baina zerrenda ez da hor amaitzen: «Afari batekin hasi zen kontua. Ibarrako sokatira taldean emakumeak falta zituztela eta, bertan hasteko esan zidaten, eta nik baietz. Jendeak ongi daki pixka bat xaxatuz gero ez dakidala ezetz esaten». Hasi bazen hasi, izugarri gustatu zitzaion sokatira ere, eta joan den sasoi honetan aski kontent aritu da: «Eskozian izan gara, Munduko Txapelketan, eta talde mistoan irabazi egin dugu. Esperientzia aparta izan da». Oroitzapen okerrena hegazkinekoa du. Ez da seinale txarra.
«Emakumeak, sukaldera»
Nahiko garbi dio hegazkinean ez dela berriz sartuko. Kirol arloan zer egingo duen, ordea, ez dauka arrastorik ere: «Buruari bueltak ematen ari naiz. Entrenamendu asko izaten dira aste barruan, eta familia ere hor dago. Horrez gain, adinean aurrera noa». Ongi dakiena zera da: «Batetik, lehia utzi arren kirola egiten jarraituko dudala, gustuko lekuan ez dagoelako aldaparik, eta, bestetik, ez dudala beste herri kirolik probatuko».
Azken urteei errepaso azkar bat eginda, oso gustura dago Gorostidi, «gazteei erakusteko» aukera ere izan duelako beste hainbat konturen artean: «Konturatu naiz nire adinarekin gauza asko erakuts diezazkiedala gainontzekoei; entrenatzeko gogoa edukitzea, besteak beste». Zorionez emakumeek kirolean duten egoera aldatu egin dela dio: «1987an errepide bazterrean bizikletarekin gindoazela, emakumeen lekua sukaldea zela oihukatzen ziguten kamioilariek. Orain ez da halakorik gertatzen, eta gero eta gehiago gara».
Diru laguntzak urriak izan arren emakumeen kirola bide onean dagoela uste du, eta edonon dela ere izena emateko dei egiten die: «Guztiei esan nahi diet animatzeko, oso gauza polita dela eta merezi duela».
Bizikletatik herri kiroletara
Txirrindularitzan urte oparoak bizitakoa da Josune Gorostidi, eta herri kiroletan dihardu orain. Trontza, sega, lokotx biltzea eta sokatira probatu ditu. Ezbairik gabe, odolean darama kirola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu