Trial txirrindularia

Irene Caminos: «Bizikletarekin asko disfrutatu dut, eta emaitzak oso onak izan dira»

Denboraldia amaitutakoan erretiroa hartuko duela iragarri du Caminosek. «Oroitzapen oso onak gordeko ditut». Tolosan duen trial eskolarekin jarraituko du, eta Dakar rallyan parte hartzea da haren ametsa.

Irene Caminos, trial txirrindularia.
Irene Caminos. /FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko urtarrilaren 20a
05:05
Entzun

Irene Caminos (Tolosa, Gipuzkoa, 1998) trial txirrindularia bere ibilbideko azken denboraldia izango dena prestatzen ari da. «Azken urteaz gozatzea da helburu nagusia». Tolosan antolatu nahi duen trial probarekin esan nahiko luke agur, urte amaiera aldera.

Zergatik erabaki duzu erretiroa hartzea?

Etapak itxi egin behar dira, eta iruditzen zitzaidan momentua ailegatu zela. Suhiltzaile izateko oposizioak prestatzen ari naiz, trialeko eskolan ere ari naiz, eta esku artean beste egitasmo batzuk ere badauzkat. Gainera, trial txirrindularitza kirol txikia da, eta horretatik bizitzea oso zaila da. Asko pentsatu dudan erabakia izan da. Aurreko urtearen hasieran hasi nintzen horretan pentsatzen.

«Ibilbideari itxiera polita emateko lanean ari gara» zenioen sare sozialetan zabaldutako mezuan. Zer esan nahi du horrek?

Trial txirrindularitzan hasi nintzenetik nire ametsetako bat izan da Tolosan proba bat antolatzea, eta nire ibilbidea ixteko modurik politena hori litzateke. Denboraldi osoa egingo dut, estatu mailako zein nazioarteko probak, baina amaieran, ahal bada, Tolosan lehiatu nahi nuke. 

Azken denboraldi honetarako zer helburu dituzu?

Emaitzekin loturiko helburu jakinik ez daukat. Urteaz gozatu eta ibilbidea ahalik eta modu onenean amaitzea da nahi dudana. Aurreko urtean berriz ere bizikleta gainean disfrutatzen hasi nintzen, eta ea aurten hori lortzen dudan. Noski, saiatuko gara, azken urteetan bezala, mundu mailako onenen artean egoten, baina helburu garrantzitsuena gozatzea izango da.

Hamahiru urteko ibilbide izan da. Zer balorazio egiten duzu?

Hasi nintzenean ez nuen uste hain urrutira ailegatuko nintzenik. Bizikleta gainean asko disfrutatu dut, eta emaitzak oso onak izan dira. Beraz, balorazioa oso positiboa da. Oroitzapen oso onak gordeko ditut.

«Aurreko urtean berriz ere bizikleta gainean disfrutatzen hasi nintzen, eta ea aurten hori lortzen dudan. Saiatuko gara, azken urteetan bezala, mundu mailako onenen artean egoten, baina helburu garrantzitsuena gozatzea da». 

IRENE CAMINOS Trial txirrindularia

Tolosan duzun trial eskolaren bitartez jarraituko duzu kirolari loturik.

Bai. Lehiatzeari utziko diot, baina eskolan lanean jarraituko dut, eta erakustaldiren bat edo beste ere egingo dudala iruditzen zait. Gogoa daukadanean ibiliko naiz bizikleta gainean. 

Trial txirrindularitza kirol ezezaguna da errepideko txirrindularitzarekin alderatuta. Kirola gehiago ezagutaraztea falta da?

Bai. Ni hasi nintzenean, adibidez, inguruan ez zegoen trialean aritzen zen ia inor. Oraindik kirol oso ezezaguna bada ere, Gipuzkoan jada bi eskola daude. Gure eskolan 45 pertsona ari dira, eta Aretxabaletan ere badakit jende dezente dutela. 

Zer soslaitako jendea joaten da eskolara?

Txikienak bost urte ditu, eta handienak hemezortzi. Batzuek ez dute txirrindularitza munduarekin zerikusirik, eta beste batzuek, berriz, mendiko bizikleta ere egiten dute. Denetarik dago. Trialean teknika asko lantzen da, eta baliagarria da beste modalitate batzuetarako. Inguruko txirrindularitza eskolekin ere tarteka gauza batzuk egin ditugu.

Ion Areitio eta zu izan zarete Euskal Herriko trial munduko bi erreferenteak. Aitzindariak izan zarete.

Ion [Areitio] anaia baten gisakoa izan da niretzako. Txikitatik ezagutzen dut, eta asko lagundu dit beti. Bera ondoan izatea oso garrantzitsua izan da.

Munduko txapelketan hiru domina lortu dituzu. Zein izan da bereziena?

2017ko brontzezko domina. Ez nuen espero, egia esan. Finalera oso justu igaro nintzen, eta sailkatzea helburua betetzea zen jada niretzat. Gainera, Ionek ere brontzezko domina erdietsi zuen, eta, beraz, munduko txapelketa biribila izan zen.

Arantzarik geratu zaizu?

Beti egiten da amets ortzadar elastikoa janztearekin. Taldeka urrea lortu nuen, baina banaka lortu ez izanaren pena hori daukat. Halere, lortutako hiru dominekin oso pozik nago.

Etorkizunera begira, zein dira dituzun erronka berriak?

Suhiltzaile oposizioak prestatzen ari naiz, eta hainbat egitasmo ditut esku artean. Ez dakit ezetz esaten.

Dakar rallyan parte hartzearekin amets egiten duzu oraindik?

Bai, buruan daukat. 2023an alde batera utzi behar izan genuen, baina egitasmoarekin aurrera jarraitzen dugu. Nire ametsa hori da. Emakumez osaturiko tripulazioa duen kamioi batekin parte hartzea da asmoa. Horrez gain, mendiko bizikletako binakako proba batzuk ere prestatzen hasi naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.