Jonathan Castroviejo (Getxo, Bizkaia, 1987) bizikletarekin muturtuta zebilen aspaldian. Batetik, eroriko larria izan zuen sasoi hasieran, eta lau hilabete egin zituen min hartuta. Bestetik, bere proba onenean, erlojupekoan, lehiatutako azken bi txapelketa garrantzitsuetan oso gutxigatik ez zen igo podiumera. Iaz, hiru segundo eskasengatik ez zuen kolkoratu dominarik Richmondeko (AEB) Munduko Txapelketan. Aurten, berriz, lau segundo eskasengatik geratu zen saririk gabe Rioko Olinpiar Jokoetan. Atzo, ordea, bizikletarekin adiskidetu zen, Dohan, erlojupeko Munduko Txapelketan brontzea irabazita.
Zazpi urte ziren euskal txirrindulari batek ez zuela dominarik irabazi Munduko Txapelketan. Romain Sicard izan zen azkena, 2009an, Mendrision (Suitza). Hazparnekoak (Lapurdi) urrezko domina eskuratu zuen 23 urtez azpiko errepidekoan. Maila nagusian, berriz, Joane Somarriba izan zen azkena. Sopelakoak (Bizkaia) zilarrezkoa irabazi zuen erlojupekoan, 2009an, Madrilen. Gizonezkoen maila nagusian, berriz, Igor Astarloa zen domina bat bereganatu zuen azkena. Ermuarrak urrezkoa irabazi zuen errepidekoan, 2003an, Hamiltonen (Kanada). Urte bat lehenago lortu zuen brontzezkoa Igor Gonzalez de Galdeano gasteiztarrak erlojupekoan, Zolderren (Belgika). Castroviejok lekukoa hartu dio gizonezkoen erlojupekoan, 14 urte geroago.
Pozez gainezka zegoen Movistarrekoa atzo. «Urrezko zaporea du domina honek. Saria da, eta konfiantza handia emango dit etorkizunari begira». Aitortu zuen ibilbidea ez zela aproposa berarentzat, baina azkenaldian ondo ari dela moldatzen erlojupeko guztietan. Hori bai, «sufritu» egin zuela azpimarratu zuen, «beroagatik», baina «zorionez, beste batzuk baino gutxiago».
Martinen laugarren urrea
Castroviejoren lan bikaina, ordea, txiki geratu zen Tony Martinek eman zuen erakustaldiarekin ondoan. Alemaniarrak hegan egin zuen bizikleta gainean, eta nagusitasun handiz irabazi zuen haren laugarren titulua erlojupekoan. 2011n, 2012an eta 2013an txapeldun izan ondoren, hirugarren eta zazpigarren izatearekin konformatu behar izan zuen azken bi urteetan. Aurten, ordea, ohorezko tokia berreskuratu du. Atzoko garaipenarekin, gainera, berdindu egin du Fabian Cancellara suitzarrarekin, lau titulurekin.
Martinek 45 segundo atera zizkion iazko irabazleari, Vasil Kirienka bielorrusiarrari, eta 1.11 Castroviejori. Faboritoei dagokienez, Rohan Dennis seigarren izan zen, ia minutu eta erdira, eta Tom Dumoulin 11., bi minutu pasatxora.Lehian aritu zen beste euskal txirrindularia, Imanol Erbiti iruindarra, 37. izan zen, 3.46ra.
Jon Irisarri leaburuarra gaur ariko da, 23 urtez azpiko errepidekoan (11:00). Bestalde, Ion Izagirrek bi denboraldirako sinatu du Bahrain-Merida taldearekin.
Bizikletarekin adiskidetu da
Jonathan Castroviejok brontzezko domina irabazi du Dohan, erlojupeko Munduko Txapelketan. Tony Martinek eskuratu du urrezkoa, eta Vasil Kirienkak zilarrezkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu