Zalla-Sestao (Bizkaia). Horixe izango da gaur Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa. Tropelak Ezkerraldeko errepideak igaroko ditu. Etapa berezia, han izango den eskualdeko txirrindulari bakarrarentzat: Astanako Omar Frailerentzat (Santurtzi, 1990) «Urte asko entrenatu dut errepide horietan; oroitzapen asko ekartzen dizkit. Ibilbidea ezagutzeak hobeto lehiatzen laguntzen dizu. Espero dut hala izatea, eta gozatzea». Dena den, haren txirrindulari ibilbidea ez zen errepidean hasi, mendian baizik. Ondo gogoan du. «Ni mendi bizikletan hasi nintzen, eta aitarekin joaten nintzen Galdamesko bide berdetik. Oraindik ez zegoen egokitua, eta zulo ugari zituen. Asko disfrutatzen genuen, batez ere niri hori zelako gustatzen zitzaidan».
Egun, errepideko txirrindulari profesional moduan ere gozatu egiten du etxe ondoan entrenatzen. «Berez, Mungian [Bizkaia] bizi naiz gaur egun, baina maiz etortzen naiz hona entrenatzera. Izan ere, denetik duzu: mendate motzak, luzeak, ordeka… Nekez topatuko dut leku aproposagorik entrenatzeko, ibilbideari erreparatuz gero». Baita segurtasun aldetik ere. «Erosoa da inguru hauetan entrenatzea. Bidegorriko kilometro asko ditugu. Adibidez, nik lau bat ordu entrenatzen dut egunero, eta horietatik bat baino gehiago bidegorritik egin dezaket. Hori oso inportantea da, lasaiago entrenatzen baituzu, bestelako ibilgailuen beldurrik gabe. Bestalde, ondoan autobidea izateak mesede egiten digu, ibilgailu gehienak hortik joaten baitira. Ez da trafiko asko egoten».
Berehala azaldu du nolakoa izango den gaurko etapa: «Kontraste handikoa izango da. Meatzaldeko barnealdea igaroko dugu batetik, bere mendiekin; baina, bestetik, kostaldera iritsiko gara, Santurtzitik igarota. Bilboko itsasadarra horra iristen da. Txirrindulariek gustuko ditugu halako kontrasteak, etapaz gehiago gozatzen baita». Ibilbide «polita eta exigentea» dela nabarmendu du. «Ziurrenik ez da mendiko etapa bat bezain gogorra, baina bai txirrindularion hankak behartuko dituena. Izan ere, ez da erabat laua. Igoerak eta jaitsierak etengabeak dira, eta hankek dezente sufritzen dute». Hala, argi du. «Sailkapen orokorrari begira ez dut uste erabakigarria izango denik. Baina eragina izan dezake hurrengo egunei begira, tropela asko desgastatuko baitu. Are gehiago, euria egiten badu. Hala dago iragarrita, behintzat». Faboritoei oharra egin die. «Batez ere azken kilometroan adi ibili beharko dute. Izan ere, apur bat gora egiten du, eta atzean geratuz gero, segundo batzuk gal ditzakete, eta astebeteko lasterketetan hori antzeman egiten da, zalantzarik gabe».
Zoritxarrez, COVID-19a dela eta, zalerik ez da izango errepide bazterretan: «Pena da. Izan ere, zaletasun handia dago gure eskualdean. Gero eta zikloturista gehiago daude. Ziur nago egoera normal batean zale ugari egongo zela guri animoak ematen. Baina zuhurtzia izan behar da, kontu handiz ibili. Izan ere, Santurtzi, adibidez, duela gutxi arte eremu gorrian egon da. Baina irten daitezela balkoira guri txalo egitera. Ondoan egon ez arren, antzemango dugu haien hauspoa».
Herrikideekin eta lagunekin egoteko aukera gutxi izan du. «COVID-19agatik, burbuila moduko batean bizi gara. Baina denek esan didate ahal duten lekutik ikusiko dutela. Ilusio hori badago, behintzat». Askotan etorri zaio burura nolakoa izango zen beretzat etapa zaleak ondoan izanda. «Etxeko lasterketan herritik pasatzea izugarria izango da. Aurpegi ezagun asko ikusten dituzu, eta oso polita da. Espainiako itzulian Santurtzitik igaro ginenean, asko gozatu nuen».
70 gaztetxo eskolan
Baina zaletasun hori ez da zikloturistetara mugatzen. «Haur eta gaztetxo ugari ikusten dira bizikletarekin. Nik neuk txirrindularitza eskola bat dut Muskizen [Bizkaia], eta 70 neska-mutil daude han. Gero eta gehiago dira, eta berri pozgarria da. Harrobia hor dago».
Lehen, hala ere, eskola gehiago zeuden: «Urteen poderioz desagertuz joan dira. Baina lanean segitzen dugu ahalik eta haur gehien hartzeko, eta gure kirolaren balioak helarazteko. Hori da niretzat funtsezkoena. Kirolean ez ezik, hortik kanpo ere oso garrantzitsuak dira haren balioak: talde lana, sakrifizioa, konpromisoa... Zaletasuna zabaltzen jarraitu nahi dugu».
Bide horretan, Itzulia eskualdetik igarotzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du. «Txikiekeuren erreferenteak gertutik ikusteko aukera dute, eta pizgarria da haientzat entrenatzen eta txirrindularitzan segitzeko. Zenbat eta goi mailako lasterketa gehiago igaro eskualdetik, hobeto. Niretzat oso albiste inportantea izan da, adibidez, 2023ko Tourra Bilbotik irtetea».
Haurrek erreferente horiek behar dituzte. Eskualdeko hiru txirrindulari daude profesionaletan: Fraile bera, Eider Merino eta Iñigo Elosegi. «Kopuru polita da. Ea etorkizunean gehiago diren. Nahiz eta gero eta zailagoa den, talde gutxiago daudelako».
Euskal Herriko Itzulia
Bizikletak badu bere lekua
Enkarterritik igaroko da gaur Euskal Herriko itzulia. Omar Fraile txirrindulariak ondo ezagutzen ditu inguruak, eta baita eskualdean txirrindularitza nola dagoen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu