Txirrindulari guztiek gozatu egiten dute bizikletan. Hobeto edo okerrago ibili, pedalei eragitea gustatu egiten zaie, baina badaude salbuespenak. «Hau sufrikario hutsa da», dio Eugenio Goikoetxea Caja Ruraleko zuzendariak. Goikoetxea autotik mintzo da, eta Jon Irisarriren (Caja Rural) atzetik doa Lodosako erlojupekoan. Leaburuar gazteak bere ibilbidean eginiko erlojupeko lau luzeena izan da. «Guretzat oso gogorra da hau. Postura mugitu gabe, aerodinamika lehenetsiz, ziztu bizian joatea oso gogorra da. Geldi-geldirik joan behar duzu, eta ahalik eta gehiena eman».
Irisarri ez da espezialista. Erlojupekoa ez da haren borroka, eta ez du ahalegin betean egin. Herenegun ihesaldian sartu zen, hankek nabaritu dute, baina, hala ere, lan txukuna egin nahi du. Autoan, Goikoetxea du irratitik aholkuak ematen. Mikrofonoaren kablea luze eginda darama eskuan: «Jon, zuzen joan; baliatu errepide bazterreko marra», «Jon, zuzengune luzea bukatzear dago, gogorrena da, eutsi hor», «Jon, orain altxatu bizikletan, eta erlaxatu postura»... Ez dio etengabe hitz egiten, baina bai sarri-sarri. Irisarrik eskertu du. «Niri gustatu egiten zait. Hain kontzentratuta nago jarrera mantentzean... Burua beso artean daramagu, eta errepidera begira goaz. Hainbeste murgiltzen naiz hor, ahaztu egiten zait zuzen joan behar dudala».
Haizeak gogor jotzen du Lodosan, eta, Irisarri zuzen joaten saiatzen den arren, askotan kolpeak ematen ditu alboetara. «Haizea zebilen, nabaritu egiten da», zehaztu du. «Guri ohitura faltatzen zaigu. Ondo ibiltzeko askoz ordu gehiago sartu beharko genituzke. Ez da erraza bizikleta hau maneiatzea, oso gogorra da, eta, esaterako, bihurguneak ematea zaila da». Izan ere, erlojupeko bizikleta eta errepidekoa oso ezberdinak dira. Ia bi kirol ezberdin dira. Erlojupekoa, esaterako, 45 minutu lehenago hasten da, txirrindulariek beroketa saio gogorra egiten dutelako. Norberak badaki zer emateko gai den, eta horren araberakoa da beroketa. Arropak, oinetakoak... Dena ezberdina da erlojupekoan.
«Halakoek ikasteko balio behar diete, esperientzia hartzeko», nabarmendu du Goikoetxeak. Irisarri erlojupekoak duen lau kilometro zuzengune luzean murgilduta dago. Zuzendariak, halaber, eskuz apuntatzen ditu denborak koaderno batean. «Bideko xehetasun txikiak dira, eta batez ere erreferentziak gero irtengo diren taldekideentzat».
Azken kilometroetan, Irisarri solteago doa, baina atzetik Cesare Benedetti (Bora) datorkio. Minutu bat geroago irten da. Helmugatik bi kilometrora, Goikoetxeak autoa baztertu egin behar izan du Borakoa pasatzeko. Irisarrik segundo batzuen aldea du, baina helmugatik ehun metrora pasatu dute. «Badakit ez doala inora, baina, aizu, amorrua eman dit. Jakin izan banu, agian lehenago estutu eta pasa nazala eragotziko nuen. Pasatzen nauten lehen aldia da». Goikoetxeak ez zion esan atzetik zegoela. «Zertarako? Agian pixka bat aztoratu, eta kalte egingo zion. Ez da ezer gertatzen». Irisarrik ez zuen ikusi. «Benetan diot, pasatu nauen arte ez nekien hor zegoenik. Posturarengatik ez duzu alboetakoa ikusten». Irisarrik 26.04ko denbora egin zuen, Roglicengandik 3.38ra. 146. postuan sailkatu zen.
Euskal Herriko Itzulia
Bizikleta ez da beti gozatzeko
Lodosakoaren antzeko erlojupeko lau eta luzeak oso gogorrak dira ohituta ez dauden txirrindularientzat. Jon Irisarriren atzetik egin du BERRIAk, Caja Rural taldearen autoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu