Bizikleta berera igo dira biak

BERRIAk eta Tropelak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute. Tourra izango dute abiapuntu

Egoitz Lizaso Tropelako ordezkaria eta Irati Azkue BERRIAkoa, atzo, lankidetza hitzarmena sinatu berritan. BERRIA-TROPELA.
Mikel O. Iribar.
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Euskara, euskal kirola eta genero ikuspegia. Besteak beste, balio horiek dituzte amankomuneanBERRIAk eta Tropela txirrindularitzako elkarteak, eta, horiek hala, bi eragileek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, elkarri eta elkarrekin «ekarpen kualitatiboa» egiteko xedez. Atzo bildu ziren Irati Azkue BERRIAko Sustapen eta Kanpo Harremanetarako teknikaria eta Egoitz Lizaso Tropelaren sortzaileetako ordezkaria, Azkoitian (Gipuzkoa).

Kiroletik «harago» doan elkarlan bat dela gogorarazi zuten biek, «euskara oinarri hartuta». Azkuek azaldu zuenez, bi eragileek komunitate bat partekatzen dute. «Hortik hasita, elkarren bila joan gara, elkarren osagarri izan gaitezen». Hain zuzen, akordioaren abiapuntua larunbatean hasiko den Frantziako Tourra izango da. Tropelako lehiaketan «ahalik eta partaidetza handiena» lortzea izango da asmoa. «Ea 20.000 kinielako langa gainditzen dugun», gaineratu zuen Lizasok.

BERRIAk Tropelari emango dion osagarria informazioari begirakoa izango da, Azkueren esanetan. «Tropelak badu arlo horretan hobetzeko aukerarik, eta guk eskainiko dioguna izango da txirrindularitzaren inguruan gure sailetik maila informatiboan ekarpena egitea». Hedapen estaldurari begira, bestalde, elkarteak berak plaza horretan duen ikusgaitasuna «handituko» duela gehitu zuen, baita ispilu lana egin ere. «Komunitate horren parte izateagatik gu ere ikusgai izango gara, eta, era berean, BERRIAlagunentzat ere partekatzeko plaza bat izango da; txirrindularitzari engaiatuak dauden zale asko baititugu».

Euskara bultzatzeko ahalegin horretan, Lizasok iritzi dio «zentzua» duela bi eragileen indarrak batzeak. «Euskararen alde hainbeste lan egiten duen egunkari honekin elkarlanean aritzea interesgarria eta aberasgarria da guretzat». Biek argi dute ez dutela nahi hitzartu berri duten elkarlana «azalekoa» izaterik. «Aurrera begira, ziurrenik, egitasmo sakonagoak partekatuko ditugu. Epe ertain eta luzera begirako hitzarmen sendoa izatea nahi dugu, partekatzen ditugun espazio propioak sortzeko», zehaztu zuen Azkuek.

2005ean jaiotako «euskara eta informatika» elkarte bat da Tropela. «Teknologia berrietan euskaraz bete beharreko gabeziak indartzeko sortutako elkartea izaki, Tropela.net webgunea sortu genuen», azaldu zuen Lizasok. Euskal Herrian zegoen txirrindularitza zaletasun handia ikusita, kirol diziplina horren esparrua hautatu zuten, eta, ordutik, txirrindularitzaren inguruko lehiaketak dira Tropelaren jarduera nagusiak. Geroztik, lasterketa handien inguruan izan dira lehiaketak, hala nola Euskal Herriko Itzulia, Italiako Giroa, Frantziako Tourra, Munduko Txapelketa... «Hori bai, gure filosofia zein den ahaztu gabe: euskara, aisia eta txirrindularitza».

Ordutik, hainbat berrikuntza izan ditu Tropelak: besteak beste, .net domeinua utzi eta .eus erabiltzen hasi dira. «Balio handia eman genion aldaketa horri». Baina azpimarragarriena emakumezkoen lasterketei «bere lekua» ematea izan da. 2012an hasi ziren. «Urtez urte, emakumezkoen eliteko lasterketa gehiago jartzen ari gara, eta alde horretatik harro gaude». Zehazki, Tourraren egun berean hasiko da La Course ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.