Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Bizikleta beraren bi pedalak

Bihartik aurrera Haimar Zubeldia hamabigarrenez ariko da Frantziako Tourrean, eta Markel Irizar bigarrenez; taldekideak eta lagun handiak dira biak.

Markel Irizar eta Haimar Zubeldia, herenegun, Miarritzeko aireportuan. BOB EDME.
unai zubeldia
Donostia
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Hitz egin beharrik gabe ere berehala jakiten dugu ondokoa pozik dagoen edo baxu antzean dabilen; eta momenturik zailenetan asko laguntzen du horrek». Markel Irizarrena (Oñati, Gipuzkoa, 1980) da aitortza. «Niretzat, anaia baten parekoa da Markel. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta harreman berezia daukagu». Ondokoari buruz hizketan hasita, ezin, bada, gutxiago izan Haimar Zubeldia (Usurbil, Gipuzkoa, 1977). RadioShack talde erraldoiko ezinbesteko ikur bihurtu dira biak. Ikurrina zer den erakutsi diote Luxenburgoko taldeari. Frantziako Tourrerako gorputzak dotore finduta, Korsikara abiatzeko hegazkinaren zain erreleboka aritu dira biak, bizi-bizi.

Taldearen alde lanean aritzen den txirrindularia izaki, berea geroxeagorako utzita, ingurura begira hasi da oñatiarra. Andy Schleck Tourra lehiatzeko moduan al dago? Bai? «Argi dago ez dagoela %100ean, eta taldeak, ziurrenik, Haimar babestuko du». Gutxik hitz egiten dute Irizarrek bezain argi. «Baina daukan garaipen zerrendarekin, errespetua merezi du —iritzi berekoa da Zubeldia ere—, eta, errepideak besterik esan artean, presio gehigarririk gabe, baina babestu egingo dugu, noski». «Oraingoz», ordea, Schleck anaietan gazteenaren taldekideak onartu du ez dabilela «Contador, Froome, Valverde eta Rodriguezen maila berean».

Hasterako, taldekideari hordagoa bota dio Irizarrek. «Lehen hamarren artean sartzeko moduan dago Haimar; bospasei hobeak badaude, bai, baina zortzigarren, bederatzigarren, hamargarren postuan ziur samar ikusten dut. Taldeak sistema berezi bat dauka bakoitzaren sasoi puntua nolakoa den jakiteko, eta errealitatea da Haimarrena». Bereari izkin egiteko, Andy Schlecken egoeraren erradiografia egin du usurbildarrak. «Puntutxo bat falta zaio, baina baita konfiantza ere; gauza asko esan dira hari buruz, baina ez da izaera kontua. Bere burua aurrean ikustea falta zaiola uste dut».

Beldurra, presioa, urduritasuna... iraganeko kontuak dira horiek usurbildarrarentzat. «Hamabigarren Tourra izango da niretzat —hiru asteko 21. itzulia izango du—, eta esperientzia esan nahi du horrek. Dagoeneko badakit une oro zeri aurre egin beharko diodan; indarrak non gorde eta non estutu behar dudan. Arlo fisikoa bezain garrantzitsua da hori Tourrean». Onartu du gazteagoa zenean «presio» bihurtzen zela inguruaren eskaera. «Baina dagoeneko badakit tropelean zein den nire lekua, eta lehen astea betetzerako argi samar edukiko dugu denok bakoitza non ibiltzeko gai izango den».

Iaz baino pixka bat freskoago

Zubeldia gripe puntuarekin ibili zen Kaliforniako Itzulira joan aurretik, baina, gorputza bere onera ekarrita eta Jaca aldean entrenamendu gogorrak eginda —hiru aldiz izan da bertan, hilabetetik gora denera—, txukunak dira azken egunotako testen emaitzak. «Hirugarren astea buruan, iaz baino freskoxeago iritsiko naiz hasierara». Seigarren amaitu zuen iaz Tourra. «Baina oso justu ibili nintzen azken astean». Denboraldi hasieran helburu bakarra jarri zion bere buruari. «Tourrera sasoi onean iristea». Eta lortu du. Taldearen esanetara ariko da lanean usurbildarra. «Baina ea aukera daukadan, iaz bezala, sailkapen nagusiko aurreko lehia horretan sartzeko».

Aurtengo ibilbidea aztertuta, indarrak gorde beharra dago lehen bi asteetan. «Oso-oso gogorrak direlako azken sei etapak». Korsikatik abiatuko da Tourra, bihar. «Eta irla bat izanda, errepideak ez dira zabalegiak, ia 200 txirrindulariko tropela ibiliko da bertan, indarrak bete-betean egongo dira...». Usurbildarraren analisiak ondorio argia dauka: erorketen arriskua. «Eta gauza bat dauka txarra horrek: ez erortzea ez dagoela norberaren esku». Lehen hiru etapak igarota, taldekako erlojupekoan saiatuko da Irizar taldeari ahalik eta gehiena laguntzen. «Ondorengo bi erlojupekoak txar-txarrak direlako niretzat», eman dio erreleboa Irizarrek. «Pirinioak arraro samarrak dira, ez ditugulako igoko ohiko mendateak: Tourmalet, Luz Ardiden... Gogorrak dira Pirinioetako bi etapak, baina ez Alpeen parekoak».

100. Tourrak horixe dauka gordeta, Alpeen bihotzean azken aste beldurgarria. «Azken erlojupekoaren ibilbidea ezagutzen dut, eta oso gogorra da, bi igoera daudelako tartean. Kronoigoera da ia-ia». Mont Ventoux, Alpe d'Huezeko bi igoerak, Glandon etapa hastearekin batera... «Hortxe erabakiko da dena». Hori bai, ibilbidearekin erotzen ari denarentzat erantzun argia dauka Zubeldiak. «Era batera edo bestera, Tourra beti izaten da gogorra».

Ingurukoren bat zirika hasterako, Irizarrek berak atera du gaia. «Baten batek esango du Devolderrek Belgikako txapelketa eskuratuta edo Rastek Suitzan etapa bat irabazita, zer demontre ari naizen ni Tourreko taldean». Baina Paris-Roubaix klasikoa amaituta jakinarazi zioten gauzak ondo zihoazela eta lasai egoteko. Badaki «gauza handia» dela RadioShacken gisako talde batekin Flandriako Tourra, Paris-Roubaix edo Tourra lehiatzea. Baina Zubeldiak argitu du Irizarrek zein ekarpen egin diezaiokeen taldeari. «Taldeko txirrindularia da Markel, taldekideen alde %100 ez, %120 ematen duen horietakoa. Asmatu egin du taldean eta tropelean bertan bere lekutxoa egiten, eta txirrindulari gutxik ematen dute berak adina ondokoaren alde».

Oñatiarrak ere argi dauka bera zertarako gai den. «Talde honetan egoteko bi aukera daude: izugarrizko talentua edukitzea eta garaipenak lortzea; eta nire kasua ez da hori. Edo besteei laguntzeko egiteko horretan buru-belarri murgiltzea. Nire gisako txirrindularientzat hori da RadioShacken moduko taldeetan egoteko aukera bakarra». Hori bai, ez dio muzin egingo sor litekeen aukera bakoitzari. «Ez naiz irabazlea, eta erlojupekoei esker eskuratu ditut orain arteko garaipen bakanak. Baina egunen batean saiatze hori daukat buruan, besteen alde lan egite horretan beti egoten delako aurrean ibiltzeko nahi txiki bat».

Orain bi urte egin zuen debuta oñatiarrak Tourrean —hiru asteko hamargarren itzulia izango du—. «Eta aurreikuspenik ezin dela egin ikasi nuen orduan. Iritsi zaitezke sasoi bikainean, egon zaitezke bete-betean, baina, lehen etapan eroriz gero, akabo». 2011ko adibidea da argiena. «Lau taldebururekin joan ginen orduan, oso talde indartsuarekin. Baina etxera joan behar izan zuten laurek. Erori izan ez balitz, urte hartan podiumera igotzeko moduan zegoen Andreas Kloeden». Lehiaketa egun askorekin iritsi zen orduan Irizar. «Eta fresko nago aurten». Onartu du Dauphinen ez dela ibili nahi zuen bezain ondo. «Eta kosta egin zait sasoi puntu on hori hartzea». Baina nahi zuen moduan ekingo dio Tourrari bihar Korsikan.

Logelan ere, elkarrekin

Irizarrek eta Zubeldiak iaz ez zuten egin hiru asteko itzulirik elkarrekin. «Baina aurten, ondo bidean, Tourrean eta Vueltan ariko gara». Zuzendarien esku egoten da horrelakoetan gelen banaketa. «Batzuei goiz jaikitzea gustatzen zaie; besteei argia berandu itzaltzea... Eta antzeko ohiturak dituztenak elkarrekin jartzen saiatzen dira beti». Zubeldiaren adierazpen horri segika, RadioShackek nekez aurkituko ditu taldean usurbildarra eta oñatiarra baino bi txirrindulari berdinago. «Kezka asko sortzen dira Tourrean, eta garrantzitsua da ondoan konfiantzazko pertsona bat edukitzea».

Gogortasunari neurria hartuta, Irizarri dotore geratu zaio bihotzarekin egindako kiniela. «Pariseko podiuma? Markel Irizar, Haimar Zubeldia eta Mikel Astarloza. Etorkizuna ziurtatuta edukiko genuke hirurok!». Taldekidea ez dago haserre, noski, hori entzunda. Serioxeago jarrita, kiniela bana eginda hartu dute hegazkinerako bidea. «Froome, Purito [Joaquim Rodriguez] eta Contador edo Valverde». Oñatiarrarena da apustu hori. Usurbildarrarena ondorengoa: «Froome, Contador, eta hirugarrena... Van Garderen, agian». Froome aipatu dute biek berehala. Baina xehetasun bat gehitu du Irizarrek. «Indartsuena bera dela ematen du, baina zortea ere behar da lasterketa honetan». Oñatiarrak argitu du Tourrean ez dela izaten Giroko edo Vueltako erorketen parekorik. «Tourrean hamar bider handiagoa da dena; erorketak, batez ere».

Ohiko sentimenduak baino hamar bider handiagoa Pirinioetako zeharkaldia izango da aurten oñatiarrarentzat. «6 eta 3 urteko eta bederatzi hilabeteko hiru seme dauzkat, eta furgonetan etorriko dira aitatxo ikustera. Oso momentu polita izango da». Bi seme zeuzkan 2011n, Tourreko estreinakoan. «Eta hiru orain. Espero dut Tour bakoitzean kopurua handituz ez joatea!». «Sekula baino ilusio handiagoarekin», Irizarrek eta Zubeldiak elkarri erreleboka egingo dute Porto Vecchio eta Paris arteko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.