Biziberritzeko premiaz

Azken 11 neurketetatik bederatzi galdu ditu Bilbo Basketek, eta denboraldiko une gazienetik atera ezinik dabil. Halere, zenbait talderen sasoi kaxkarra dela medio, lasai daude sailkapenean.

Jaume Ponsarnau Bilbo Basketeko entrenatzailea, Miribillan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / #BARRA_ABILDUA#FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Sasoia ondo hasi bazuen ere, sasoiko boladarik txarrenean dago Bilbo Basket. Lesioekin zorte txarra izaten ari da Jaume Ponsarnauren taldea, eta azken 11 partidetatik bederatzi galdu ditu —hiru Txapeldunen Ligan eta sei ACB ligan—. Entrenatzaileak ez dauka dudarik, eta, aurrez egin moduan, «altxa» egingo direla dio, baina «jarrera onenarekin jokatzeko konpromisoa» izan behar dutela ohartarazi du. Igor Mintegiak (Donostia, 1974) , Bilbo Basketen zuzendaritzan lan egindakoak, egoera aztertu du.

Miribillako taldea zulo beltz batetik atera ezinda dabil azkenaldian. Sasoi hasieran ligako defentsarik onenen artean zeuden bizkaitarrak, eta saski aurrean maiztasunarekin asmatzen zuten. Egun, defentsako lanean ez dute aurrerapausorik ematea lortu, eta erasoan atzeraka egin du urratsa. ACB ligan hirugarrena da puntu gutxien sartzen dutenen artean (76,3), eta bi puntuko jaurtiketetan batezbesteko okerrena dutenen artean ere hirugarrena da (%48,6). Gainera, asistentzia gutxien banatzen dutenen artean laugarrena da (15,1).

Mintegiak dio erasoko jokoa Ludde Hakanson eta Adam Smithen «banakako jokaldietatik» abiatzen dela, eta suediarra min hartuta egon denez, «oso irtenbide gutxi» topatu dituela taldeak.

Piboten ekarpenean ikusten du Mintegiak gabeziarik handiena. Haren ustetan, «jakina zen» Jeff Withey eta Michale Kyser ez direla erasoan beren kabuz puntuak sor zitzaketen pibotak, eta argi dauka saski azpian «puntu asko» falta direla, baina defentsan jarri du arreta; eta ez da kasualitatea, Bilbo Basketen aurka aritzen diren pibot askok partida bikaina jokatzen baitute. Giorgi Shermadinik 22 puntu sartu zizkion Bilbo Basketi azken partidan, eta aurreko lau partidetako piboten markak ere antzekoak dira: Marek Blazevicek 19, Artem Pustovyik 23,Ante Tomicek 16, eta James Nnajik beste 16.«Kyser fitxatu zutenean bazekiten zeintzuk ziren haren mugak, batez ere aurkari garaiagoen aurrean; baina beste gauza batzuk ematen ditu. Witheyk, ordea, badauka fisiko hori, eta pasibotasun puntu batekin ikusten dut», adierazi du Mintegiak.

Txapeldunen liga jokatzeak ere bere alde onak eta txarrak ditu, eta sasoi guztian darama Bilbo Basketek zama hori. Alde batetik, Europan jokatzeak bestela fitxatu ezin ditzakeen jokalariak fitxatzeko bidea ematen dio klubari, eta, bestalde, karga fisikoak lesioak dakartza nahi eta nahi ez. Azken hilabetean emaitza kaxkarrak izanagatik ere, Mintegiak uste du sailkapenean taldea dagokion tokian dagoela: «Irailean edozeinek sinatuko luke egungo egoera sailkapenean. Taldeari ezin zaio askoz gehiago eskatu; jokalari zehatz batzuei agian bai».

Goudelock eta atzerritarrak

Denboraldiaurrean iritsi zen zorigaitzeko lehen albistea Miribillara. Andrew Doudelockek, taldeko izarrak, ezker belauneko tendoi errotuliarra hautsi zuen, eta haren ordezko baten bila merkatura jo behar izan zuen Bilbo Basketek. Hala heldu zen Smith taldera. Orain, ordea, Goudelock berragertzeko gertu dagoela dirudi, eta klubak erabaki bat hartu beharko du. ACB ligan ezin dira Europako Batasunetik kanpoko bi jokalari baino gehiago sartu deialdian, eta Kyser, Smith eta Goudelock estatubatuarrak dira. Txapeldunen Ligan jokatzeko ez lukete arazorik izango, baina ACB ligan hiru jokalarietako bat deialditik kanpo geldituko litzateke astero.

Ohikoena litzateke Goudelock sendatzean Smithek taldea uztea, antzeko postuetan jokatzen baitute, baina Mintegiak mugimendu horren arriskuez ohartarazi du.«Orain arte Smithek egindako lana ezin da ezbaian jarri, eta ikusteko dago Goudelocken adina eta lesioa kontuan hartuta nola itzuliko den». Gainera, azpimarratu du antzeko postuetan jokatu arren oso jokalari desberdinak direla: «Goudelock saskiratzaile petoa da, baina ez da antolatzaile bat. Lan horretarako baliabide gutxirekin geldituko litzateke taldea, eta arriskutsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.