Biurteko txalogarria

Datorren asteartean beteko dira bi urte Eusebio Sacristanek Realari lehen partida zuzendu zionetik. Hura aulkian izanda, jauzia egin du talde txuri-urdinak.

jon eskudero
Donostia
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Egoera zail hau denon artean irauliko dugu. Nik sentitu bezala jokatuko du taldeak aurrerantzean. Eguneroko lanean oinarrituko gara, eta denborarekin fruituak jasoko ditugu, zaleek goza dezaten». Hitz horiekin lurreratu zen Donostian Eusebio 

Zehazki, 2015-16ko denboraldiko hamabigarren jardunaldian zuzendu zion lehen partida Realari. Kasik lur jota zegoen multzo bati animoa aldatzea lortu zuen denbora gutxian, eta ez zitzaion asko falta izan Europako postuetarako sailkatzeko. Iragan sasoian lortu zuen helburua, seigarren postuan amaitu baitzuen liga Realak. Atarikorik jokatu beharrik gabe sailkatu zen Europa ligarako. Distiratsu jokatuta, partida gogoangarriak egin zituen taldeak.

Denboraldi honetan ere oso ona izaten ari da orain arteko lana. Hiru lehiaketetan bete-betean ari dira txuri-urdinak, eta inoiz baino gehiago aipatzen ari da titulu baterako aukera. Datorren urtarrilean ehun partida egingo ditu Eusebiok Realaren aulkian, eta ez du mugarik kokatu nahi.

89 partida zuzendu ditu Realean Bartzelonako jokalari ohiak: 76 Espainiako Ligan, bederatzi Kopan eta lau Europa ligan. Bada, ia erdiak irabazi ditu: 41. Galdu 30 egin ditu, eta berdindu hemezortzi. Garaipen kopuruan, batez bestekoa itzela da, luzera begira mantentzea kosta litekeena: %46. Realean hark baino partida gehiago zuzendu dituzten entrenatzaileen zerrenda hartuz gero, soilik hiruk gainditzen dituzte batez bestekoetan kopuru horiek: Benito Diazek (%49,3), Alberto Ormaetxeak (%48,4) eta Jose Berraondok (%47). Eusebioren alde aitortu behar da kopuru distiratsu horietara iritsi dela joko estilo gustagarri batean oinarrituta. Nortasun eta alaitasun handiko kutsua eman dio taldeari, zaleen gustagarri. Izaera erasokor horri esker, Realak 1,6 gol sartzen ditu partidako.

Gainera, Zubietako harrobian itsu-itsuan sinesten du. Moyesek ez bezala, gazteen alde apustu egiten duela erakutsi du nabarmen, eta zortea ere lagun izan du, belaunaldi emankorrenez baliatu ahal izan baita: 1995. eta 1997. urteetan jaiotakoez, gehienbat. Haren esanetara harrobiko zortzi jokalarik egin dute debuta lehen taldearekin: Hectorrek, Bautistak, Zubeldiak, Odriozolak, Kevinek, Guridik, Gorosabelek eta Gebarak. Ondo bidean, gehiago ere izango dira.

Bi urteotako lana goraipatzekoa izanagatik, onena eta zailena iristeko dago, Eusebiok sarri esan izan duen moduan. Klubak koska bat edo bi gora egin ditzan nahi du, eta 30 urteren ondoren, titulu bat lortzeak gogobeteko luke. Konfiantza osoa dauka egun esku artean daukan jokalari multzoan, eta, gorabehera batzuk bizi behar izan arren, taldeak erakutsi du onenen pare egon daitekeela. Anbiziorik ez du falta, eta kanporaketa bidezko lehiaketetan zerbait handia egitea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.