Tokio 2020. PIRAGUISMOA

BIRIBILTZEA FALTA

Iñigo Peña eta Pablo Cubelos seigarren izan dira K2-1.000 metroko finalean, eta ezin izan dute olinpiar ziklo arrakastatsua domina batekin amaitu. Estropada ona egin dutela uste dute. Haizeak haien lana zaildu du.

Paco Cubelos eta Iñigo Peña piraguistak, atzoko finalean. Seigarren izan ziren. JOSE MENDEZ / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Finalaren zati handi bat finalerdietan galdu zuten Iñigo Peña zumaiarrak eta Paco Cubelos espainiarrak, atzo. Laugarren izan ziren K2-1.000 metroko bigarren finalerdian. Laugarren, nahikoa zelako laugarren izatea finalerako sailkatzeko. Estropada kontrolatuz joan ziren, bosgarrenarekiko aldea neurtuz, eta helburua lortu zuten, finalean sartzea. Hala egin zuten, bi ordu geroagoko finalerako indarrak gordetzeko. Finalerdian erabili gabeko indarra ondo etorriko zitzaielako estropada erabakigarrirako.

Erabaki horrek, ordea, beste ondorio bat ere eragin zuen: finalerdietako denborarik okerrenek estropada eremuaren alboetan arraun egiten dute, igeriketan gertatzen den moduan. Eta Peñari eta Cubelosi zortzigarren kalea egokitu zitzaien finalerako.

Finalerdietako estrategia erabaki aurretik, bazekiten hala jokatuta alboko kale bat egokituko zitzaiela finalean. Eroso sentitzen dira alboko kaleetan. «Gustatzen zaigu izkinatik arraun egitea», Peñaren esanetan. «Batzuetan, abantaila izaten da, gustatzen zaigun moduan, gure lanean bakarrik zentratzeko, ondokoek egiten dutenak eragin gabe».

Zortzigarren kalean uste baino haize gehiago topatu zuten, eta ezin izan zioten aurre egin Sea Forest Waterwayko estropada eremuan. Tokio kanpoaldean prestatutako kirol azpiegitura bat da, industrialdeen, kontainerren eta birziklatze enpresen inguruan dagoena. Ezerezaren erdian ia. Arraun pista haizetsu bat eta aldamioz eta etxola prefabrikatuz eraikitako azpiegitura handi bat.

Peñak eta Cubelosek, biek, aipatu zuten haizea. Garbi utzi nahi izan zuten, ordea, ez ziotela aitzakiarik jarri nahi atzoko emaitzari: «Piraguismoa aire libreko kirola da, eta haizea egiten du; batzuetan alde, besteetan kontra». Kito.

Lehen kaleak babestuago zeuden. Haizeak estropada eremuaren ertzeko buietara bidaltzen zituen Peña eta Cubelos, eta Cubelosek lemarekin zuzendu behar izan zuen piraguaren noranzkoa.

Atzetik aurrera

Jarraitzaileei bihotza ahoan jartzeko moduko estrategia erabiltzen dute Peñak eta Cubelosek. Emaitza oso onak eman dizkie. Atzo ere hala egin zuten. Atzetik aurrera: hasiera bizkorra; gero, erritmo sendo eta egonkor bat hartu; 500 metrotik aurrera, erritmoa azkartzen hasi; eta azkeneko 200 metroetan, esprinta jo. Horrek esan nahi du jarraitzaileak azken txanparen zain egoten direla, Peña eta Cubelos aurkariak noiz pasatzen hasiko.

Finala abiatu orduko erritmo bizia hartu zuten kayak guztiek. Peña eta Cubelos 160 arraunkada ingurura iristen dira, ia hiru arraunkada segundo bakoitzeko. Lehen txanpa egin eta gero, erritmoa egonkortzen dute. Tarte horretan, finalerdian gertatu zen bezala, atzean geratu ziren atzo ere. 250 metroan bosgarrenak ziren, lehenengoengandik, australiarrengandik, 1.20 segundora. Ez zen kezkagarria.

Estropadaren buruan zihoazen kayakek, ordea, aldea handitu egin zuten, nabarmen. Estropada erdirako australiarren aldea hiru segundo zen, eta australiarren atzean zihoazen ontzi indartsuetatik —Alemania, Hungaria eta Txekiar Errepublika— bi segundo ingurura zeuden. Alde handia sendotasun eta kalitate horretako ontziekiko.

Erritmoa bizitzeko unea zen, eta hala egin zuten Peñak eta Cubelosek. Pixkana-pixkana. Hala ere, estropadaren hiru laurdenak beteta, Australiaren eta Alemaniaren aldea hiru segundo zen artean ere. Txekiar Errepublikarenak eta Hungariarena bi segundo inguru. Alde handia eta metro gutxi estropada iraultzeko.

Piraguak abiada bizian pasatu ziren harmailen aurretik. Ura egongo ez balitza bezala, hegan. Ura mozten. Peñak eta Cubelosek hasi zuten azken txanpa, esprinta. Aurrekoengana hurbiltzen ari ziren, baina gutxika-gutxika, eta metroak bukatzen ari ziren.

Zaleak, oihuka, animatzen. Zaleak kazetariak, herrialdeetako ordezkariak eta gainerako kirolariak ziren. Pandemiarik gabeko garaietan bezala.

Helmugako seinalea jotzen hasi zen. Australiaren eta Alemaniaren soinuak elkarren segidan, urrezko eta zilarrezko dominak. Tarte batera, Txekiar Errepublika —brontzezko domina— eta Hungaria. Bukatu ziren dominak. Beste tarte batera, Zeelanda Berria eta Espainia, hau da, Peña eta Cubelos. Seigarren. Peña bosgarren izan zen Rioko Jokoetan.

Gutxi gorabehera, segundo bat jan zieten gainerako ontziei azken 250 metroetan, baina ordurako atzerapen handia zuten pilatua. Jean van der Westhuyzen eta Thomas Green australiarrengandik bi segundora sartu ziren.

Gehiago nahi

«Pena dugu», deskribatu zuen bikotearen sentipena Peñak. «Helburua domina bat irabaztea zen, eta seigarren bukatu dugu. Uste dut gehiago egiteko moduan geundela, ontziak baduela horretarako maila». Hortik aurrera, egindako lanarekin gustura zeuden, postua espero eta nahi baino okerragoa izan bazen ere: «Estropada oso ona egin dugu. Kontzientzia lasai dugu, guztia eman dugulako, eta gure esku zegoen guztia egin dugulako. Ezin zen azkarrago joan zortzigarren kalean. Estropadak gure lekuan jarri gaitu», gehitu zuen Cubelosek.

Bikoteak Tokion biribildu nahi zuten olinpiar zikloa. Emaitza bikain batekin, domina batekin. Ez dute lortu domina, baina horrek ezin du itzalean utzi urteotan egindako lana: bi aldiz izan dira munduko txapeldunorde, 2018an eta 2019an, eta Munduko Kopako hainbat proba irabazi dituzte. Emaitza onak lortu dituzte lehiatu diren lehiaketa gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.