Biribiltzea falta

Athleticek helburuak bete ditu. Arazo barik eutsi dio mailari. Baina huts egin du lorpen garrantzitsuak eskura izan dituenean. Halere, erakutsi du etorkizun ona duela taldeak.

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Athleticek egin duen denboraldiari nota jartzea ez da erraza. Zuri-gorriek lau lehiaketatan hartu dute parte. Ez da ohikoa. Iazko uztailean hasi ziren lehiatzen, eta guztira 54 partida ofizial jokatu behar izan dituzte. Horrenbeste norgehiagoka jokatuta, logikoa da gorabeherak izatea. Athleticek izan ditu. Galantak, gainera. Dena dela, gauza onak txarrak baino ugariagoak izan dira. Aurrera begira baikor egoteko arrazoiak eman ditu.

1. Belaunaldi aldaketa gauzatu da

Athleticek egin duen lana aztertzeko orduan oso iritzi ezberdinak daude. Taldearen beharra oso ona izan dela pentsatzen dutenak bezainbeste dira taldeak askoz gehiago egin zezakeela pentsatzen dutenak. Zuri-gorriek azken denboraldiotan sufritu behar izan dutena kontuan hartuta, bistan da zerbait aldatu dela. Taldearen maila aldatu da, hain zuzen ere. Belaunaldi aldaketa gauzatu da. Fran Yestek, Aitor Ociok, Pablo Orbaizek eta enparauek lekukoa eman diete Javi Martinezi, Gaizka Toquerori, Markel Susaetari, Fernando Amorebietari eta, batez ere, Fernando Llorenteri. Eurak dira Athleticen orainaren ardatza, erantzukizuna hartu dutenak. Gazteak, dohatsuak eta indartsuak dira. Gainera, garaipen gosea dute. Balio dutela erakutsi gura dute. Haiei eskerrak eman du Athleticek onenekin lehiatzeko behar zuen pausoa. «Lehiakorrak izan gintezkeela sinestea falta zitzaigun. Denboraldion lortu dugu», adierazi zuen Javi Martinezek. Aurrera begira ilusioa sortzeko moduko taldea eratu du Athleticek.

2. Superkopan,lehiatu ere ez

Iazko abuztua eta aurtengo apirila izan dira Athleticen hilabeterik erabakigarrienak; abuztuan, besteak beste, Espainiako Superkopako finala jokatu zuen. Bartzelona handiaren aurka lehiatzea egokitu zitzaion. Futbolaren historian egon diren talderik osoenetako baten kontra zer eginik ez zela egongo pentsatu zuen Joaquin Caparrosek. Beraz, Europako Ligaren alde egin zuen. Superkopa probak egiteko eta hamaikakoetan ohikoak ez ziren zenbait jokalarik erritmoa hartzeko baliatu zuen. Athleticek ez zuen irabazteko aukera txikiena izan. Titulu bat irabazteko aukera izanda, zale askok ez zuten ulertu Caparrosen jarrera. Noiz izango du Athleticek beste final bat jokatzeko aukera? Baina, zuzenak edo okerrak, entrenatzailea erabakiak hartzeko dago.

3. Europako Ligan, txukun

Bost denboraldi egon da Athletic Europan lehiatzeko beste aukera baten zain. Goiz hasi behar izan zuen lehiatzen. Abuztuan kanporaketa bi gainditu behar izan zituen. Tranpa zuten kanporaketak izan ziren. Talde apalagoak izan zituen aurrean, baina bai Suitzako Young Boysek eta bai Norvegiako Tromsok denbora dezente zeramaten lehiatzen Athleticen aurka jokatu zutenean. Asko sufrituta egin zuten aurrera zuri-gorriek. Austria Viena, Portugalgo Nacional eta Werder Bremen izan ziren hurrengo aurkariak. Talde alemaniarra alde batera utzita, gainerako aurkariak ez ziren talde onak. Europako Ligan final-hamaseirenetan hasten da benetako lehia; multzoetako talde indartsuenen eta Txapeldunen Ligan kanporatu dituzten taldeen arteko lehiak hasten direnean, hain zuzen. Kanporaketa horietan ikusten da talde bakoitzak duen maila. Ba, Athleticentzat ahazteko moduko kanporaketa izan zen. Anderlecht historikoa izan zuten aurkari zuri-gorriek. San Mamesen bana berdindu ostean, sekulako jipoia hartu zuen Belgikan, itzulikoan (4-0). Kolpe gogorra izan zen zuri-gorrientzat. Inork ez du gustuko itxura eskasa emanda kanporatua izatea. Hala ere, Europan lehiatzea ona izan da: diru iturri garrantzitsua izan da. Bost milioi euro inguru irabazi ditu. Jokalarientzat, berriz, esperientzia ederra izan da. Haietako asko lehen aldiz lehiatu dira Europan. Eta lehendik ezagutzen zutenek ere asko gozatu dute. Jarraitzaileentzat ere aitzakia aproposa izan da taldearekin bidaiatu eta beste leku batzuk ezagutzeko.

4. Kopan, kale

Athleticeko belaunaldi berriek ilusioa berreskuratu izana zor dio klubak joan den denboraldiko Espainiako Kopari. Historian zehar asko eman dio txapelketa horrek talde zuri-gorriari, eta aurreko denboraldiko esperientzia errepikatzeko esperantzarekin ekin zion taldeak azken ekitaldiari. Baina lehen oztopoa gainditu ezinik geratu zen. Liga eta Europako Liga jokoan egonda, entrenatzaileak gutxi jokatzen ari zirenei eman zien Rayo Vallecano kanporatzeko ardura. Aurrera egiteko merituak egin arren, Rayo izan zen garaile. Inork espero ez zuen porrota izan zen. Jokalarientzat sasoiko porrot nagusia izan da.

5. Ligan, leher eginda

Zortzigarren amaitu du txapelketa nagusia Athleticek. Azken sei denboraldiotako emaitzarik onena da. Caparrosen zaleak behin eta berriz ari dira lorpenak daukan meritua nabarmentzen. Baina, era berean, lau jardunaldi falta zirela Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukera zuen taldea Europarako txartelik gabe geratu da. Eta hori ari dira gogoratzen entrenatzaile zuri-gorriaren lana ezbaian jartzen dutenak. Zortzigarren postua, berez, ez da txarra, baina Athleticek sekulako aukera galdu du sei onenen artean sailkatzeko. Eta, berriz ere, huts egin du. Nekeak jota amaitu du, lehertuta. Liga penagarri amaitu du. San Mamesko gotorlekuan galdu du Europan lehiatzeko aukera. Baina, batez ere, bigarren itzulian etxetik kanpo emandako itxurak baldintzatu du Athletic. Ez du partida bakar bat irabazi zaleen babesetik urrun. Eta horrela ezin da ezer lortu.

6. Estiloaren esklabo

Athleticek sasoi hasierako helburuak bete ditu. Arazo barik eutsi dio mailari. Eta, gainera, taldea bera hazi egin da. Hala ere, zalantza bat baino gehiago dago taldearen inguruan. Azken jardunaldietan erakutsi duen ezinaren atzean arrazoi bat baino gehiago dago: denboraldia luzeegia egin zaiola, ordezko jokalari onak falta izan direlako, Caparrosek ez dituelako txandatzeak egoki egin edota Athleticek duen jokatzeko erarekin ez dagoelako beste aukerarik. Estiloaren esklabo izan da, alegia. Bestalde, denboraldiko une erabakigarrienetan huts egin izanak ere sortu du kezka. Esperientzia falta izan daiteke arrazoi nagusietako bat. Baina jokatzeko erak ere izan dezake zerikusia. Fernando Llorente da Athleticen jokoaren hasiera eta amaiera. Ondorioz, hark ematen duen mailaren araberakoa izaten da taldearen jokoa. Llorente ondo ez badabil, Athletic ere ez. Bera da izarra, eta logikoa da Caparrosek haren dohainak aprobetxatzea. Baina talde batek beti izan behar du B plana. Eta Athleticek ez dauka, nahiz eta beste era batean jokatzeko aukera ematen duten futbolariak izan.

7. Mito bat jaio da

Joseba Etxeberriak agur esan dio Athletici jokalari gisa. Futbolari handi bat erretiratu da, eta, aldi berean, mito bat jaio da Athleticen. Elgoibartarrak eredua eta ispilua izan behar du Lezaman ari diren gaztetxoentzat. Jokalariaren jarrera paregabea izan da Athleticen egon den hamabost denboraldiotan. Baina, era berean, klubak ondo zaindu behar ditu futbolariak. Atzetik datozen gazteak Etxeberria bezain gustura egoteko, ezinbestekoa da jokalariak baloratuta sentitzea. Athleticek etxean gura dituela sentitu behar dute. Beraz, bai etorkizuneko jokalarientzat eta bai aurrerantzean Athleticek izango dituen entrenatzaile eta agintarientzat baliagarria litzateke aurrelariaren eta inguruan izan dituenen jarrera kontuan hartzea. Deportivoren aurkako partidan egin zioten omenaldi xumea hunkigarria izan zen. Ahaztezina. Horrelakoetan ikusten da txalo zaparrada batek izan dezakeen indarra.

8. Muniain, etorkizuna

Iker Munianek hartuko du Etxeberriaren lekukoa. Zelai barruan bai behintzat. Erdilari nafarra elgoibartarra bezain ausarta eta lotsagabea da. Jokalari ezberdina. Gaztetasun marka guztiak ondu ditu. Etorkizunean, berriz, taldearen zama hartzeko ardura izango du. Baina, horretarako, laguntza beharko du: jokalariaren familiak oinak lurrean izaten lagundu behar dio. Caparrosek, berriz, haren dohain guztiak aprobetxatu behar ditu. Baina, batez ere, ezin du erotu lehen taldea eta bigarrena tartekatuz. Eta zale eta komunikabideen ardura da pazientzia izatea. Muniainek, Oscar de Marcosek, Ander Iturraspek eta enparauek dute etorkizuneko giltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.