PILOTA

Binakako Txapelketako bikoteak zehaztu dituzte

Ostiralean hasiko da lehia, Azkoitian, eta martxoaren 31n jokatuko dute finala, Iruñean, Nafarroa Arenan. Elordi eta Zabaleta banatuta ariko dira. Laso ez da batere gustura agertu bikote banaketarekin.

IMG 20231121 110735
Binakako Txapelketa jokatuko duten hamasei pilotariak, gaur, aurkezpenean, Bilboko Bizkaia frontoian. JULEN ETXEBERRIA
Julen Etxeberria.
BILBO
2023ko azaroaren 21a
11:34
Entzun

Txapelketa batek jakin-mina pizten badu, binakakoak pizten du. Hark sorrarazten du iritzi eta uste gehien lehia hasi aurretik. Hamasei pilotarik jokatzen dute txapelketa, enpresa bakoitzetik zortzik, eta horiek bikoteka elkartzeko moduak inor gutxi uzten du epel.

Beste horrenbeste gertatu da aurten. Gaur aurkeztu dute Esku Pilota Enpresen Ligako (EPEL) Binakako Txapelketa, Bilbon, Bizkaia frontoian. Han eman dute parte hartuko duten zortzi bikoteen berri. Hauek dira: Aspen, Aitor Elordik Beñat Rezustarekin jokatuko du; Jokin Altunak, Julen Martijarekin; Peio Etxeberriak, Jose Javier Zabaletarekin; eta Joseba Ezkurdiak, Xabi Tolosarekin. Baikon, berriz, Unai Laso Aitor Arangurenekin ariko da; Erik Jaka, Jon Mariezkurrenarekin; Jon Ander Peña, Jon Ander Albisurekin; eta Iñaki Artola, Ander Imazekin. Altuna III.a eta Laso min hartuta daude. Amezketarrak ez du jokatuko gutxienez lehen bi jardunaldietan, eta Danel Elezkanok ordezkatuko du. Bizkarreta-Gerendaingoak, berriz, ez du jokatuko lehen jardunaldia, eta Iker Larrazabal ariko da haren ordez.

Hain zuzen, Laso ez da batere gustura azaldu enpresek bikoteak egiteko erabili dituzten irizpideekin. Azpimarratu du ez dela bera Arangurenekin jarri dutelako, baina esan du ez dagoela ados: «Enpresarekin hitz egin nuen, eta esan nien aurten laguntza behar nuela, ez nintzelako ehuneko ehunean aterako. Baina ez diote horri erreparatu. Gainera, Asperen bikoteak ez ditut ongi ikusten: txapelduna [Elordi] Aspeko atzelaririk onenetako bigarrenarekin jarri dute [Rezusta]; Altuna eta Martija, berriz, txapeldunak izandakoak dira [2022an]. Uste dut formatua ez dutela ongi egin, eta ez didate lagundu». Hauek dira haren hitzak:

Unai Lasoren adierazpenak, aurkezpenaren ondoren.

Artola ariko da berriro

Aldaketa bakarra dago azkeneko binakakoaren aldean. Baikon dago berrikuntza: Artolak jokatuko du Mikel Urrutikoetxearen ordez. Alegiarra ez da aritu azken bi binakakoetan, baina oso ondo ari da azkenaldian, eta enpresak aukera eman dio. Imazekin jokatuko du. Bigarrenez ariko dira elkarrekin. 2019-2020ko binakakoa jokatu zuten, eta txukun aritu ziren: hirugarren izan ziren ligaxkan, baina kanporaketan galdu zuten.

«Oso pozik nago. Lan ona egin izanaren ondorioa da, baita ez etsitzearena ere. Binakakotik kanpo egonda ere, ia asteburuero jokatzen dugu, baina hau ezberdina da: fokua honi begira dago. Ederra da aukera hau izatea. Aurreko ekitaldian erakutsi genuen bikote lehiakorra izan gaitezkeela, eta horrek konfiantza eta indarra ematen digu. Ander oso lehiakorra da, partida guztiei eusten die. Denbora darama punta-puntan, aurkari guztiei lanak ematen», esan du Artolak. 

Lasok eta Arangurenek osatutakoa ez beste, Baikoko beste bikote guztiak aritu dira inoiz elkarrekin txapelketan. Peña II.ak eta Albisuk, adibidez, hirugarrenez egingo dute bikote. 2020-2021eko ekitaldian bikain aritu ziren, eta finala jokatu zuten. Baina galdu egin zuten Elezkano II.aren eta Zabaletaren aurka. Hurrengo ekitaldian berriro aritu ziren elkarrekin, baina bide laburragoa egin zuten: kanporaketan galdu zuten. Abantaila handia dute: oso ondo ezagutzen dute elkar, eta horrek mesede egingo die bikotea egiteko orduan. Peña II.ak jauzia egin du, eta Albisu atzelari indartsuenetako bat da.

Bikote indartsua ere bada Jakak eta Mariezkurrena II.ak osatutakoa. Duela bi ekitaldi aritu ziren elkarrekin, baina pattal aritu ziren: ligaxkan esan zuten agur, azken-aurrenak izanda. Baina, ordutik, gora egin dute biek. Jaka aspaldiko sasoirik onenean dago: oso ondo aritu zen udan, eta tanto bakar batengatik ez zion irabazi Altuna III.ari, eta lau eta erdiko finalerako sailkatu. Hark uda polita osatu bazuen, zer esanik ez Mariezkurrena II.ak. Bigarren urtez jarraian, berriozartarra ikusgarri aritu zen garai horretan. Indarberritzeko denbora izan du. Azken bi ekitaldietan, eskuko minek ez diote bere ematen utzi, baina, osasuntsu baldin badago, litekeena da aldea nabaritzea.

«Atzelari guztiok ginen txapelketa honen zain; garrantzitsuena da. Mimoz prestatu dugu. Sasoi betean nago: ondo ditut eskuak, eta jokoarekin nago. Osasuna izatea besterik ez dut eskatzen, azkeneko bi ekitaldietan oso gaizki egon bainintzen eskuetatik. Ondo banago, errazagoa da nirea ematea», azaldu du Mariezkurrena II.ak. «Oso gustura» hartu du Jakarekin aritzea. «Oso harreman ona dut harekin. Oso pozik nago. Ea txapelketa polita egin dezakegun. Ondo hasi nahi dugu, ahalik eta partida gehien irabazita. Finalerdietako ligaxkarako sailkatzea da lehen helburua. Niretzat, Altuna eta Martija dira faboritoak, eta Peio eta Jose oso arriskutsuak izango dira».

Txapeldunak, banatuta

Aspen, berriz, banatuta ariko dira azken txapeldunak: Elordi eta Zabaleta. Buruz buruko txapeldunak Rezustarekin jokatuko du. Mallabitarra gozakaitz aritu zen udan eta lau eta erdikoan, baina azken partidetan oso ondo aritu da. Kide ona du gorantz egiten jarraitzeko, atzelari sendoa baita Rezusta: bitan izan da txapeldun, eta beste bitan txapeldunorde.

Zabaletak, berriz, Peio Etxeberriarekin jokatuko du. Etxarrendarrak urteak daramatza binakakoan aldea egiten: lau aldiz izan da txapeldun, eta behin txapeldunorde. Hark sortzen dituen aukerak aprobetxatzen saiatuko da Peio Etxeberria. Lau eta erdian erakutsi duen sasoi bikainari eutsi nahi dio. Lehen aldiz aritu zen iaz, eta ikasteko balio izan zion.

Zabaletak gogotsu ekingo dio txapelketari. «Ondo nago. Azken partidan min hartu zuen orkatilan, baina espero dut asteburuan bete-betean aritzea. Nire onena eman nahi dut, baina, lehenbizi, Peiok eta biok bikote ona osatu behar dugu. Peiok lau eta erdian erakutsi du jauzi handia egin duela. Sasoi betean dago beti, eta ondo moldatzen da binaka. Bikote oso indartsuak daude, eta garesti egongo dira puntu guztiak. Altunak eta Martijak osatutako bikotea nabarmenduko nuke. Baikon, berriz, Jaka-Mariezkurrena eta Peña-Albisu bikoteak».

Asperen beste bi bikoteak elkarrekin aritutakoak dira. Altuna III.a eta Martija, adibidez, laugarren aldiz ariko dira batera. Aurreneko bietan finalaren atarian geratu ziren, finalerdietako ligaxkan. Hirugarren ahaleginean lortu zuten helburua: finala jokatzea. Ez ziren jokatzearekin konformatu, eta txapela irabazi zuten, Lasori eta Imazi nagusituta. Begirada batekin ulertzen dute elkar, eta horrek oso bikote indartsua bilakatzen ditu. Ikusteko dago noiz itzuliko den Altuna III.a.

Ezkurdiak eta Tolosak ere badakite zer den txapelketa bat elkarrekin jokatzea, 2021-2022koan aritu baitziren: seigarren izan ziren lehen ligaxkan, eta kanporaketan galdu zuten. Aurrelaria bere mailatik koska bat beherago dabil azkenaldian, eta binakakoa baliatu nahi du suspertzeko.

Beste horrenbeste egin nahi du Tolosak. Azken binakakoan oso ondo aritu zen Altuna III.arekin, baina anoetarrak zorigaiztoko lesioa izan zuen finalerdietako partida erabakigarrian. Nahi baino gehiago kostatu zaio sasoiko jartzea, baina hobera egin du azkenaldian. «Lesio larria izan nuen, eta kostatu egin zait konfiantza hartzea; uste baino gehiago. Baina gustura aritu naiz azken partidetan, eta horrek konfiantza ematen du txapelketa bati ekiteko orduan. Oso gustura ariko naiz Josebarekin. Oso harreman ona dugu, eta, nire ustez, hori oso garrantzitsua da halako txapelketa luze batean. Ez dugu helburu jakinik. Lehenbizi, bikotea egin behar dugu, eta aldi berean partida gehien irabazi. Bigarren itzulian gure egoera ikusita aterako ditugu ondorioak». 

Lehiaketa sistema bera

Txapelketa ostiralean hasiko da, Azkoitian (Gipuzkoa), eta martxoaren 31n jokatuko dute finala, Iruñean, Nafarroa Arenan. Iazko sistemari eutsi diote. Lehenbizi, hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, bi itzulitan banatuta. Lehen bi bikote sailkatuak zuzenean pasatuko dira finalerdietako ligaxkara. Hurrengo lau sailkatuek, berriz, kanporaketa jokatuko dute: hirugarren sailkatua laugarrenaren aurka ariko da, eta bosgarrena, seigarrenaren kontra. Hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko neurketan garaile aterako dena zuzenean sailkatuko da finalerdietako ligaxkarako. Dena dela, partida hori galtzen duenak beste aukera bat izango du: bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoan irabazi duenaren kontra jokatuko du. Hortaz, orduan erabakiko da zer beste bikote sailkatuko den. Aurrera egingo duten lau pilotariek zain izango dituzte aurretik sailkatutako beste bi bikoteak. Lau bikoteek hiru jardunaldiko ligaxka bat jokatuko dute, eta bi onenak finalerako sailkatu dira. Bi aste egongo dira finalerdietako ligaxkako azken partidatik finalera.

Hauek izango dira lehen jardunaldiko neurketak: ostiralean, Azkoitian, Ezkurdia-Tolosak eta Peio Etxeberria-Zabaletak jokatuko dute (22:15); larunbatean, Aizarnazabalen (Gipuzkoa), Jaka-Mariezkurrena II.ak eta Larrazabal-Arangurenek (17:15); igandean, Seguran (Gipuzkoa), Artola-Imazek eta Peña II.a-Albisuk (17:00); eta hilaren 30ean, Eibarren (Gipuzkoa), Elordi-Rezustak eta Elezkano II.a-Martijak (17:00).

bikoteak

  • Aspe. Elordi-Rezusta, Ezkurdia-Tolosa, Altuna III.a-Martija eta Peio Etxeberria-Zabaleta. 
  • Baiko. Laso-Aranguren, Artola-Imaz, Jaka-Mariezkurrena II.a eta Peña II.a-Albisu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.