Txirrindularitzaren egutegian, klasiko handien hasierak ezartzen ditu neguaren bukaera eta udaberriaren hasiera, loreak loratzen hasten diren egunen esperoan gelditu gabe. Asteburu honetako proba bikoitz tradizionalak emanen dio hasiera sasoiari: Omloop Hiet Nieuwsblad jokatuko dute larunbatean, eta Kuurne-Brusela-Kuurne igandean, Belgikan biak. Apirilaren bukaeran amaituko da sasoia, Ardenetako probekin. Egun bakarreko ahalegina, kale edo bale, galdutakoa biharamunean berreskuratzeko aukerarik gabe, eta irabazitakoa galtzeko beldurrik gabe. Harbideak, pareta eskalaezinak eta muino historikoak igaro ondotik helmuga lehenbiziko tokian gurutzatzen duenak betiko izanen du bere izena loturik proba horren epikari. Historian, ordea, euskal txirrindularientzat biltzeko lore zailak izan dira udaberriko klasiko handiak. Lau proba baino ez dituzte irabazi, hiru txirrindulariren artean, gizonezkoen lasterketetan denak.
Igor Astarloa (Ermua, Bizkaia, 1976) da hiru horietako bat. Gainera, behin bakarrik ez, bitan izan zen garaile: 2003an, Fleche Wallonne irabazi zuen, eta, 2006an, Milan-Turin. Ordutik, Euskal Herriko inork ez du halako lasterketarik irabazi. Astarloa 2000 eta 2009 artean izan zen profesional, eta haren garaipenik handienak dira klasiko horiek, 2003ko Munduko Txapelketarekin batera. Egun bakarreko lasterketak denak. Izan ere, ermuarra klasikozale petoa zen. «Agudo ikusi nuen hori. Erlojupekoetan nahiko makal ibiltzen nintzen, eta itzulietan kostatu egiten zitzaidan egun batetik bestera esfortzuak errekuperatzea. Konturatu nintzen etekina ateratzen nien lasterketak egun bakarrekoak zirela».
Euskal txirrindularitzaren tradizioa kontuan hartuz gero, ermuarra ez zen txirrindulari tipikoa. «Lehengo garaietan, hemen ez zitzaien inportantzia handirik ematen klasikoei, ezta Espainian ere; itzuli handiei ematen zitzaien gehiago». Hego euskal herritarren kasuan, gainera, etxeko eta Espainiako egutegiak gaur egun baino dezentez aberatsagoak ziren. Hortik kanpo, berriz, Pirinioetan, Alpeetan eta Dolomitetan zegoen loria lortzeko aukera handiagoa, Flandriako errepide estuetan eta Roubaixera biderako harbide lohituetan baino.
Hala ere, Astarloak uste du «mentalitatea aldatu» egin dela. 1980ko hamarkadaz geroztik, txirrindularitzaren nazioartekotzea hedatu ahala, udaberriko klasiko handiak euskal ziklisten egutegietako ohiko probak bihurtu dira. Eta emaitzetan nabaritu egin da hori.
Astarloa xehetasun guztiz oroitzen da irabazitako klasikoez. 2003ko Fleche Wallonne hura hagitz berezia izan zen euskal zaleentzat, herrialdeko bi txirrindulari buruz buru lehiatu baitziren Huyko pareta mitikoko helmugan. Honela kontatu du ermuarrak: «Azken-aurreko mendatean eraso nuen. Ez zeukan jaitsierarik, gora igo eta kilometro eta erdi inguruko lautada bat zegoen, eta, goian nengoela, ikusi nuen Aitor Osa nire bila zetorrela bakarrik».
Itziartarrak harrapatu egin zuen Astarloa, eta biak ados paratu ziren erreleboka Huyren magaleraino ailegatzeko. «Bera ni baino eskalatzaile hobea zen. Ailegatu ginen azken igoerara, eta paraleloan joan ginen. Ikusi nuen ez zuela erasorik jotzen, eta neure burua helmugatik gero eta gertuago ikusten nuen. Banekien ni esprinter hobea nintzela, eta 250 metroren faltan eraso nion. Bertan gelditu zen, nire zorterako». Euskal txirrindularien jardun on hori Unai Etxebarria durangarrak biribildu zuen, helmugara laugarren ailegatuta.
David Etxebarria, hurbil
Etxebarria bera aitzineko urtean bigarren izan zen Fleche Wallonnen, azken igoeran Mario Aerts irabazlearen erasoaldiari hurbilen jarraitu zion txirrindularia izan baitzen. Urte horietan, Ardenetako hirukoa osatzen duten klasikoetan —Amstel Gold Race, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja— ia urtero sailkatu zen euskal txirrindulariren bat lehenbiziko hamarretan.
Aipatzeko modukoa da David Etxebarria abadiñarraren ibilbidea. Udaberriko klasikoetan ohorezko postu gehien duen euskal txirrindularia da, eta birritan izan zuen aukera Lieja-Bastogne-Lieja irabazteko: 2000n, Paolo Bettini italiarrak hartu zion aurrea azken esprintean, eta, 2001ean, Oskar Camenzind suitzarrak eta Davide Rebellin italiarrak. 1991n, Miguel Indurain ere azken esprintean izan zen, baina bertze hiru iheskideek aurrea hartu zioten —Moreno Argentin klasikozale italiarrak irabazi zuen—.
Astarloak Ardenetatik kanpo lortu zuen bertze garaipena, Italian. Milan-Turin klasikoa udazkenean egiten dute gaur egun, Lombardiako Giroa baino lehen, baina sorreran udaberriko klasiko bat zen, eta hamarkada anitzetan Milan-San Remoren atarikoa izateko eginkizuna zuen —gaur egun, Strade Bianchek duena—. Halaxe zen Astarloak irabazi zuenean. «Lombardiak eta Milan-San Remok izen handiagoa dute, baina Milan-Turin oso berezia da italiarrentzat, hango klasiko zaharrena baita». 1876an jokatu zuten lehenbizikoz.
Ermuarrak ongi oroitzen du garaipen hura ere. «Gaur egun, Supergan bukatzen da, baina, orduan, hura igo eta helmugaraino jaisten zen. [Franco] Pellizotti eta ni joan ginen, eta, behean, [Alessandro] Ballanek eta Mirko Celestinok harrapatu gintuzten». Esprintean, ordea, euskal herritarra nagusitu zitzaien etxeko ziklistei.
Dena den, Astarloarentzat Italia ez zen preseski lurralde arrotza, afizionatu zela harat joan baitzen bizitzera, eta ibilbide profesional osoa hango taldeetan edo egitura han zutenetan egin baitzuen. Horregatik, «oso oroitzapen polita» du garaipen hartaz.
Hala ere, ermuarra ez da Milan-Turin irabazi duen euskal herritar bakarra, hark baino 42 urte lehenago bertze bizkaitar batek irabazi baitzuen: Valentin Urionabarrenetxea Uriona-k. Astarloa ez bezala, Uriona bakarrik helmugaratu zen, Italo Zilioli italiarrari 21 segundoren aldea aterata. Kas taldeko euskal herritarrek erakustaldia egin zuten, lehen hamabi postuen erdiak hartuta—Uriona irabazle, Eusebio Velez laugarren, Juan Jose Sagardui bortzgarren, Patxi Gabikagogeaskoa zazpigarren, Carlos Etxeberria hamargarren, eta Jose Antonio Momeñe hamabigarren—.
Ardenetan eta Italian euskal herritarrak ongi ibili izan dira urte anitzetan, garaipenak hiru bakarrik izan badira ere. Astarloak uste du proba aproposak direla: «Euskal Herrian kadete eta gazte mailetan korritzen ditugun lasterketak horrelakoak dira, egun bakarrekoak, eta ibilbideak gutxi gorabehera horrelakoak dira: ez oso mendate luzeak, baina pila bat bata bestearen atzetik kokatuta».
Hala ere, gaur egun «zail» ikusten du euskal herritar batek irabaztea. «Nik korritzen nuenean, Euskaltelen bakarrik 25-30 txirrindulari zeuden, oso onak. Eta beste asko zeuden Oncen, Baneston, Kelmen, Fuenlabradan... Jende asko zegoen, eta orain asko murriztu da kopurua. Eta, normalean, kopurua murriztuz gero, aukerak ere murrizten dira».
Harbideetako klasikoen errealitatea, berriz, bertzelakoa da. Astarloak «gustuko bai», baina gutxi korritu zituen. «Paris-Roubaix baztertu egin nuen. Ez daukat 1,70 ere [metro, garaieran], eta orduan 60 kilo pisatzen nuen. Hara jende astuna joaten da, indar handikoa, haizearekin ondo moldatzen dena».
Flandriako Tourrean behin atera zen, 2004an, munduko txapeldunaren ortzadar maillota zuelako han nahi baitzuten. «Ez nintzen txarto ibili; bi minutu eta erdira ailegatu nintzen talde batean. Baina oso neketsua izan zen: oso goiz jaiki ginen, 260 kilometroko lasterketa bat egin, gero hegazkina hartu, eta Euskal Herrira, hurrengo egunean Itzulia hasteko». Bertzela, ez zuen horietan parte hartu. «Italiako taldeetan egonda eta ni euskalduna izanda, beti nahi zuten nik Euskal Herriko Itzulia korritzea».
Euskal herritarrek harbideetan lortutako arrakasta handienak Paris-Roubaixkoak dira, garai zaharretan. 1939an, II. Mundu Gerra hasi aitzineko azken ekitaldian, Roger Lapebie baionarrak hirugarren egin zuen. Gerra bukatu ondotik egin zen lehenbizikoan (1945), berriz, Lapebieren herrikide Paul Mayek irabazi egin zuen Roubaixeko belodromoan, sei iheskideei esprintean aitzin hartuta. Hortaz, udaberriko klasiko handi bat irabazten lehenbiziko euskal herritarra izan zen Maye, eta harbideetako bat eta bortz Monumentuetako bat irabazi dituen bakarra.
Baionarraren ondotik, Roubaixko podiumera igo den azken euskal herritarra Jacques Mujika urretxuarra da —hirugarren, 1949an—. Harrezkero, soilik Imanol Erbiti Movistar taldeko nafarrak lortu du hamar onenen artean sailkatzea: bederatzigarren izan zen, duela lau urte. Urte berean, Flandriako Tourrean zazpigarren egin zuen, eta bi marka ezarri zituen horrela: harbideetako bi Monumentuak hamar lehenbizikoetan bukatzea lortu duen euskal ziklista bakarra da, baita Flandriako Tourra hamar lehenetan egin duen bakarra ere.
Egutegia, garapen bidean
Emakumezkoetan, hagitz apalak izan dira orain arte euskal txirrindularien emaitzak, baina azalpen erraza du horrek: gizonezkoen txirrindularitzak mende bat baino gehiagoko historia du, eta emakumezkoenak, aldiz, anitzez garapen motzagoa izan du. Gainera, euskal tropela gizonezkoena baino txikiagoa izan da beti. Egungo egutegiko proba gehienak nahiko berriak dira, eta XX. mendean sortutako bakarrak dira Italiako Alfredo Binda Saria (1974tik) eta Fleche Wallonne (1998tik). Bidean gelditu ziren klasiko batzuk —errate baterako, Italiako Primavera Rosa, 1999tik 2005era jokatua—, berreskuratu egin ziren bertze batzuk —Amstel Gold Race, 2003an desagertua eta 2017an berreskuratua—, eta hedatzeko bidean da egutegia —Scheldeprijs antolatuko dute, Flandriako klasikoak osatzeko—.
Euskal txirrindularientzat jokaleku zailak dira klasiko horiek. Historiako onenak, Joane Somarriba Frantziako hiru Tourren eta Italiako bi Giroren irabazleak, hogei lehenbizikoetan egitearekin konformatu behar izan zuen Fleche Wallonnen eta Primavera Rosan. Baina meritu handiko lasterketak egin dituzte, Irene San Sebastian gipuzkoarrak 2014an egin zuena bezala, Omloop Hiet Neuwsbladen. Onenen ihesaldian sartu zen, eta 11. helmugaratu zen, Amy Pieters irabazlearengandik sei segundora.
Biltzeko lore zailak
Udaberriko klasiko handien sasoia larunbatean hasiko da, Belgikako Omloop Hiet Neuwsblad lasterketarekin. Euskal txirrindulariek lau proba baino ez dituzte irabazi historia osoan, hiru ziklistaren artean. Igor Astarloak irabazitako Fleche Wallonne eta Milan-Turin dira azkenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu