Ehun eta bat egun falta dira Frantziako Tourra hasteko. Jakina denez, Bilbotik irtengo da aurtengo lasterketa, eta gisa horretako ekitaldi batek dituen albo ondorioek hirian izan ditzaketen eraginek sortu dute kezka. Hori dela eta, Bilboko EH Bilduk mozio bat erregistratu du martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, eta hainbat eskari bildu ditu han.
Deigarriena da etxebizitza turistikoei dagokiena. Koalizio subiranistako Jone Goirizelaiak eta Asier Gonzalezek azaldu dutenez, sekulako prezioak ordaindu beharko dira Tourraren bezperan Bilbon gaua pasatzeagatik: 2022ko azaroan gaueko 6.200 euroren truke alokatzen ziren apartamentuak Tourra iristen den egunetan, eta aurtengo otsailean ere pisu turistiko asko 4.000 eurotik gorako prezioetan eskaintzen zituzten, «baten bat 8.251 eurora arte helduz».
«Zifra horiek guztiz neurrigabeak dira, eta horri gehitu behar zaio arautu gabeko edo legez kanpoko etxebizitza turistikoen iragarkien kopurua %59 hazi dela azken urteotan», adierazi dute. Horregatik, mozioan eskatu dute «beharrezkoak diren mekanismoak» ezartzeko etxebizitza turistikoen legezkotasuna kontrolatzeko eta «prezioen igoera indiskriminatua saihesteko».
Beste eskaerak
Ez da hori, ordea, EH Bilduren kezka bakarra: eskatu dute ere «lan-eskubideak bermatzeko, jarrera sexistak saihesteko eta aprobetxatzeko Tourrak ematen duen aukera Euskal Herria nazio bat dela erakusteko».
Koalizio subiranistaren arabera, «inork ez du zalantzan jartzen Tourra oihartzun handia izango duen ekitaldia izango dela», eta uste du «horrelako ekitaldi bat» Bilbon egitea ona dela «hiriarentzat, gure txirrindularientzat eta, oro har, kirolarentzat». Ekitaldiak «arlo guztietan onurak sortzea» nahi du, ordea.
Bilboko Udalak hainbat enpresa kontratatuko ditu zerbitzuak eskaintzeko, eta, EH Bilduren iritziz, «ezinbestekoa da beharrezko mekanismoak jartzea Udalak sustatutako beste ekitaldi batzuetan gertatutakoa saihesteko». Adibidez, BBK Live jaialdian: hango langileek sarritan salatu dituzte lan baldintza txarrak. Hortaz gain, eskatu du Tourrari lotutako ekitaldietan «eduki sexista duten irudiak ez erabiltzeko eta gorputz aniztasuna sustatzeko», eta «Euskal Herria nazio bat dela erakusteko aukera» ez galtzeko.
Atzerako kontaketa
Bihar ehun egun faltako dira Tourrari ekiteko, eta, atzerako kontaketa egiteko, hainbat ekintza antolatuko dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, bihartik ostiralera. Bilboko Ernesto Erkoreka plazan «erloju ofiziala» jarriko dute, eta ekitaldi bat egingo dute sakagailuari emateko, 19:30ean; han izango da, erakundeetako ordezkariekin batera, Christian Prudhomme Tourreko zuzendaria. «Hiru hirietako hainbat eraikin enblematiko» horiz argiztatuko dituzte ordu horretan.
Prudhomme Gasteizen izango da ostegunean, eta Donostian ostiralean. Tourrari ongietorria emateko ekitaldiak antolatuko dituzte bietan. Amaitzeko, igandean Tourraren Eguna ospatuko dute Bilbon. Gisa horretako egunak Durangon, Basaurin eta Getxon (Bizkaia) egin dituzte jada, eta datozen hilabeteetan beste hainbat herritan antolatuko dituzte. Ez dute ekintza hori bakarrik antolatuko; ikusi guztiak hemen.
Horiek amaitutakoan, uztailaren 1ean, 2an eta 3an, Euskal Herrian korrituko dira Frantziako Tourreko lehen hiru etapak: Bilbo-Bilbo, Gasteiz-Donostia, eta Amorebieta-Etxano-Baiona.
Ikusi gehiago:Frantziako Tourra Euskal Herritik igarotzean ikurrinak kalera ateratzeko deia egin dute