Bilbo Basketek ezin hobeto biribildu du klubaren sorreraren 25. urteurrena: garaikur bat oparitu dio bere buruari. FIBAren Europako Kopa irabazi dute, finalean PAOK Tesalonika garaituta. Hala, bilbotarrek beren historiako lehen titulua lortu dute, eta mugarri bat ezarri.
Galdu egin dute gaur itzulerako partida (84-82), baina joanekoan lortutako emaitzak ahalbidetu die txapeldun izatea, zazpi punturen aldeagatik irabazi baitzuten Miribillan (72-65). Majo sufritu dute, halere. Lehen zatian bazirudien kontrolpean zuela finala Bilbo Basketek: ondo ari zen jokatzen, eta hamar punturen errentarekin joan da atsedenaldira. Bueltan, baina, guztiz aldatu da partida. Azken laurdenean kanporaketa irauli dute greziarrek. Itxura txarra hartu du finalak, baina azken minutuan egoerari buelta eman dio Bilbo Basketek, eta une erabakigarrian asmatu du.
Greziako zaleek asko estutzen dute euren pabiloian, eta giro beroa sortzen dute. Partida guztietan izaten da hala, ba zer esanik ez final batean. Harmaila burrunba batean zela ekin diote neurketari, eta Bilbo Basketek baloia hartutakoan, txistu gogor jo dute greziarrek. Ez dira kikildu, baina, bilbotarrak, eta hasieratik argi utzi dute hori: Freyden hiruko saskiratze batekin hasi dute partida.
Urduritasunak urduritasun, ondo kantxaratu da Bilbo Basket, burua hotz. Lan eskerga itzela egin dute jokalari guztiek, eta talde lanean ondo aritu dira. Kanpoko jokalariak dira PAOKeko jokalari arriskutsuenak, eta hala saiatu dira min egiten. Lehen minutuetan, errebotean ere sufritu du Bilbo Basketek, Hlinason kantxaratu den arte. Min hartuta egon da pibota, eta haren falta sumatu zuen taldeak joaneko partidan. Bete-betean itzuli da gaur, ordea: uztai baten zein bestearen azpian fin aritu da.
Nortasunarekin, ondo kudeatu du presioa Bilbo Basketek, eta indarrak eta markagailua pareko zirela amaitu da lehen laurdena: 24-24. Partidaren joera ez zen txarra, baina hobea izan da bigarrenaren hasiera. Indartsu ekin diote bilbotarrek, baloia ondo mugituz eta jaurtiketetan asmatuz. Horien artean, bi hiruko segidan sartu ditu Gielok, eta markagailuan aldea zabaldu du: 25-33.
Momentu onari eutsi dio taldeak, Freyden gidaritzapean. Estutu du apur bat PAOKek, baina ondo erantzun du Bilbo Basketek, eta lortu du aldeari eustea, baita errenta handitzea ere. Hamar punturen aldearekin joan dira aldageletara: 39-49.
Lehen zatian, apenas agertu da Greziakoen jokalari onenetako bat: Bartley. Taldeak nabaritu du haren hutsunea, Bilbo Basketen mesederako. Kontrara, fin ekin dio bigarren zatiari, Bilbo Basketen kalterako. Eta erabat aldatu da partida. Bizi-bizi kantxaratu dira greziarrak, eta hasi eta gutxira 4-0ko partziala egin dute. Pantzarren hiruko batekin minutu batzuez eten du Bilbo Basketek greziarren sua, baina ez itzali. Gora egin dute haiek, eta behera bilbotarrek. Hala, hirugarren laurdena amaitzeko lau minuturen faltan, aurretik jarri dira markagailuan: 55-54.
Zaleak ere piztu ditu horrek. Momentu zailak izan dira Ponsarnauk zuzendutako jokalarientzat. Hala ere, nola edo hala eutsi diote aurkariaren joari. PAOK aurretik zela amaitu da hirugarren laurdena (63-61), baina kanporaketa alde zuten oraindik bilbotarrek.
Horiek horrela, azken laurdenean erabaki da finala. Bost minuturen faltan, lau punturen aldea zuen PAOKek, baina jarraian hirukoa sartu du Reynoldsek, eta kanporaketa berdindu, segidan iraultzeko. Ez dio asko iraun pozak, ordea. Ondo eutsi diote bilbotarrek une erabakigarriari, borrokan segitu dute, sinistuta, eta azken minutuan lortu dute loria. Kanporaketa berdinduta zela, hirukoa sartu du Freyk, eta hortik aurrera, maisuki kudeatu dute abantaila. 84-82 bukatu da azkenean partida. Porrot gozo-gozoa eskuratu du Bilbo Basketek, titulu zaporekoa. «Epikoa» izan dela aitortu du teknikariak neurketa amaitutakoan.
Etxea gotorleku
Miribilla izan da Europako Kopan Bilbo Basketen babesgune eta gotorleku. Bilbotarrek etxean jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte, bederatzi guztira, eta hori izan dute txapelketa irabazteko giltza. Zaleek hauspotuta, geldiezin aritu dira.
Final-laurdenetan 84-72 irabazi zion etxean Tofas Bursari, eta Turkian galdu arren (102-93), lortu zuen errentari eustea. Alderantziz egin zuen finalerdietan. Joaneko partidan 77-58 galdu zuen Frantzian Dijonen aurka, baina balentria egin, eta emaitza irauli zuen Miribillan: 97-68 nagusitu zen.
Finalean ere etxeko lanak ondo eginda utzi zituen Bilbon. Zazpi punturen aldeaz irabazi zuen: 72-65. Saskibaloian inolaz ere ez da hori errenta erabakigarria, baina bai aintzat hartzekoa. Bada, sufrituta, baina eutsi dio. 84-82 bukatu da Grezian jokatutako itzulerako partida, eta dena esanda dago: txapelketako onena Bilbo Basket izan da.
Europan euskal talde batek irabazten duen bigarren titulua da hau. Aurrenekoa Baskoniak lortu zuen: Europako Errekopako txapeldun izan zen 1995-1996 denboraldian, hartan ere finalean PAOKi irabazita. Greziako taldea gustuko aurkaria dute euskal taldeek, antza.
Ordutik, ordea, hautsa izan da nagusi. Bilbo Basketek berak gertu izan zuen garaikurra duela hamabi urte, Eurokopako finalera iritsi baitzen, baina galdu egin zuen, Lokomotiv Kubanen aurka. Oso bestelakoa izan da oraingoan, eta atera dute arantza: klubaren mende laurdena ospatzen ari diren honetan, ginga jarri diote jaiari. Segi dezala festak.