Ametsetik amesgaiztora pasatu da Bilbo Basket FIBAren Europa kopan. Ametsetik, Jaume Ponsarnauk entrenatutako taldeak bikain ekin baitzion atzo Miribillan Niners Chemnitzen aurkako finalerdietako joaneko partidari: hamalau puntu ateratzen zizkion Alemaniako taldeari atsedenaldirako hiru minutu eskas falta zirela. Bikain ari ziren etxekoak, eta ezinean bisitariak.
Baina oso jokalari onak ditu Niners Chemnitzek; horregatik dago bigarren Alemaniako Ligan, eta horregatik da hautagai sendoa Europa kopa irabazteko. Suspertu, eta etxeko taldea gupidarik gabe zigortzen hasi ziren. Bigarren zatiaren hasieran jada aurretik jarri ziren (47-48), baina egurrean jarraitu zuten, aldea handitzen eta handitzen. Azkenean, astindua eman zioten Bilbo Basketi, 25 punturen aldeaz irabazi baitzioten: 73-98.
Itzuliko partida falta da jokatzeko, datorren asteazkenean, Alemanian, baina ia ezinezko du finalerako sailkatzea. Miraria beharko luke.