BILBO BASKET 72-65 PAOK TESALONIKA

Bilbo Basketek apur bat gertuago dauka ametsa

Bizkaiko taldeak irabazi egin dio PAOK Tesalonikari Miribillan, FIBAren Europako Kopako finalaren joaneko partidan. Zazpi punturen aldeari eutsi beharko dio itzuliko neurketan, datorren asteazkenean, Grezian.

Thijs de Ridder. ARITZ LOIOLA / FOKU
Thijs de Ridder Bilbo Basketeko jokalaria, jaurtitzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko apirilaren 16a
22:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilbo Basketek bereari eusten dio: bete-betean ospatu nahi du bere sorreraren 25. urteurrena. Eta ez dago hori ospatzeko modu hoberik titulu bat irabaztea baino. Eskura dauka amets hori betetzea. Hori lortzeko lehen urratsa egin du gaur gauean, Miribillan. 72-65 irabazi dio PAOK Tesalonikari, FIBAren Europako Kopako finaleko joaneko partidan.

Bizkaiko taldeak zazpi punturen aldea du itzulikorako, ez da errenta erabakigarria, baina bai da kontuan hartzekoa. Alde horri eusten saiatuko da datorren asteazkenean, Grezian. Lortzen badu, txapeldun izango da.

Miribilla da Bilbo Basketen etxea. Denboraldi honetan, ordea, etxea baino gehiago, gotorlekua izaten ari da Europako Kopan. Gaurkoa kontuan hartuta, Jaume Ponsarnauk entrenatutako taldeak hamar norgehiagoka jokatu ditu bere zaleen aurrean, eta guztiak irabazi ditu. Nagusitasun horri esker iritsi da finalera, eta, nagusitasun horri esker dauka gertuago txapeldun izatea.

Baina tentuz ibili beharra du. Batetik, etxetik kanpo ez dabil horren fin: galdu egin ditu Europako Kopan kanpoan jokatu dituen azken bi partidak, Tufas Bursaren eta Dijonen aurka. Eta, bestetik, hura bezala, PAOK inon arriskutsua baldin bada, etxean baita. Greziako zaleek giro oso beroa sortzen dute euren pabiloian, eta giro horrek presioa eragiten die epaileei, eta haien jarduna baldintzatu. Askotan baliatu dute hori Greziako taldeek mirari kutsuko garaipenak lortzeko. Horrelakorik ez gertatzea nahi dute bilbotarrek. Baina ez dago haien esku.

Partida ona jokatzea da haien esku dagoen bakarra. Horixe egin dute gaur Miribillan: ondo jokatu dute, eta, merezita irabazi dute. Zaleek, berriz, bikain bete dute euren lana: Miribilla bete, eta sekulako giroa sortu dute. Une oro animatu dute, eta babes horrek etxeko jokalariak hauspotu ditu garai onetan zein zailetan. Beste behin, taldeak eta zaleek bat egin dute, eta beste gau magiko bat izan dute Miribillan.

Hain zuzen, harmailetako giro ederrak lagunduta, etxekoek ikusgarri ekin diote neurketari. Lehen laurden bikaina jokatu dute. Horren erakusle, emaitza: 22-12. Hiruko marratik behin eta berriro zigortu dute PAOK: sei hiruko sartu dituzte; bost jokalari ezberdinek sartu dituzte. Aurkarien artean, berriz, talde lan gutxi egon da, eta Henderson besterik ez da nabarmendu.

Zaila zen eraginkortasun horri eustea, eta Bilbo Basket jaurtiketak huts egiten hasi da. Deseroso aritu da PAOKen defentsaren kontra. Greziarrak, aldiz, asmatzen hasi dira erasoan. Horren ondorioz, aldea asko murriztu da: bi punturena zen laurdena bukatzeko bi minutu eta erdi falta zirela (31-29). Zorionez, De Ridderrek jarraian egindako bi birrintzeek bisitarien susperraldia eten dute. Atsedenaldian, zazpi puntu zen aurretik Bilbo Basket: 38-31. Ondo ari zen, baina asko falta zen. 

Freyk bederatzi puntura handitu du aldea (40-31), baina orduan hasi da etxekoen txakalaldia. Saskira gerturatu ezinik, itsutu egin dira hirukoak jaurtiz. Baina ez dute asmatu. Aldiz, PAOK aise hasi da puntuak sartzen, eta, konturatu orduko, emaitza irauli du: 44-48, 28. minutuan. Joera txarra hartzen ari zen lehia, baina Bilbo Basket gai izan da suspertu, zortzi puntu jarraian sartu eta berriro aurretik jartzeko: 52-48. Hirugarren laurdenaren amaieran bi punturena zen abantaila etxekoen alde: 52-50. Oso estu zihoan partida.

Baina azken laurdena hasi, eta Pantzar azaldu da lehenbizi, Frey gero, eta De Ridder jarraian, aldea hamar puntura handitzeko: 63-53. Sei minutu eta erdi falta ziren. Sufritzen jakinda eutsi diote greziarren azken ahaleginari. Azkenean, zazpi punturen aldeagatik irabazi du Bilbo Basketek. Pozik amaitu dute taldeko kideek eta zaleek, ametsa gertuago baitago. Baina ez dago inor pentsatzen duenik erraza izango denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.