Europa Kopa

Bilbo Basket Europa Kopako finalerdietan da, markagailua iraulita

Ponsarnauren taldeak 19 punturen aldea irauli dio final-laurdenetan Legia Varsoviari Miribillan. Finalerdietan Chemnitz izango du aurkari. Hilaren 27an jokatuko da joanekoa, Bilbon, eta apirilaren 3an itzulikoa, Alemanian.

(ID_13700121) (Marisol Ramírez/@FOKU) 2024-03-13, Bilbo. Saskibaloia, FIBA Eurocupeko final-laurdenetako itzuleko neurketa: Bilbao...
Hilnason, atzo, lortutako saskiratze bat ospatuz. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 14a
09:45
Entzun

Bilbo Basket FIBA Europa Kopako finalerdietara sailkatu da. Jaume Ponsarnauren taldeak jipoia eman zion Poloniako Legia Varsoviari final-laurdenetako itzuliko partidan. Joanekoan 19 punturen aldeagatik irabazi zuten poloniarrek, eta markagailu hori irauli behar izan zuen Bilbo Basketek. Gogotik egin behar izan zuen lan, baina Miribillako zaleen aurrean partida bikaina jokatu zuten. 28 punturen aldearekin amaitu zen partida: 81-53. Finalerdietan aurkari zaila izango du: Chemnitz, Alemaniako Ligako liderra. Martxoaren 27an jokatuko da joanekoa, Bilbon, eta astebete geroago, apirilaren 3an, itzulikoa, Alemanian.

Ez zeukan lan xamurra Bilbo Basketek. Kolpe galanta hartu zuen iragan astean Polonian 19 punturen aldeagatik galdu ostean. Horri buelta ematea ez da erraza izaten, eta asteburuan ere galdu egin zuen Granadan. Hala ere, zaleen erantzuna ikustekoa izan zen, eta giro aparta sortu zuten Miribillan, Europa Kopako final-laurdenetako partidan. Zaleen aupada lagun hartuta, ikustekoa izan zen Bilbotarren erauntsia. Lehen minutuetan indarrak neurtu zituzten bi taldeek, eta bi aldeetan ikusi ziren saskiratzeak. Lehen laurdenaren amaieran eta bigarren laurdenaren lehen erdian, ordea, kolore bakarra izan zuen partidak: bilbotarren beltza. 15-10etik 40-18ra joan zen markagailua, zortzi minutu eskasean. Poloniarrak hamabi puntura ere hurbildu ziren une batean, baina atsedenaldira 48-32 joan ziren, 16 punturen aldearekin.

Aldageletatik bueltan kosta egin zitzaien bi taldeei. Batak ez zuen markagailuan zeukan aldea galdu nahi, eta besteak alde hori handitzeko gaizki hautatutako jaurtiketa asko egin zituen. Zalantzak sortu zitzaizkien bilbotarrei, eta saski azpian ere huts ugari pilatu zituzten. 11 eta 10 puntu besterik ez zituzten sartu hirugarren laurdenean. 59-42 erakusten zuen markagailuak; bi punturen aldea zeukan oraindik ere Poloniako taldeak. Laugarrenean, ordea, alde hori handitu egin zuen Bilbo Basketek. Sacha Kileya-Jones, Melwin Pantzar eta enparauek nahi zuten erritmoa ezarri zuten pistan, eta poloniarrek ezin izan zuten haien jokorik egin. 81-53 amaitu zen partida, eta taldeko jokalariek eta prestatzaileek zaleekin batera ospatu zuten garaipena.

Finalerdietan, Chemnitz

Finalerdietara indarberrituta iritsiko da Ponsarnauren taldea, baina aurkari handia izango du aurrean: Chemnitz, Alemaniako Ligako liderra. Lau partida besterik ez ditu galdu ligan, Bayern Munichek adina, eta Alba Berlinek baino bat gutxiago. Hortaz, Euroligako bi taldeen aurretik dago ligan. Final-laurdenetan Zaragoza kaleratu dute, aise: 64-98 gailendu ziren Zaragozan, eta 102-86 irabazi zuten etxean. Martxoaren 27an jokatuko da joanekoa, Bilbon, eta astebete geroago, apirilaren 3an, itzulikoa, Alemanian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.