Bikote sendoak direla berretsi dute hala Ezkurdiak eta Rezustak nola Elordik eta Zabaletak

Lehenengoek 22-14 hartu dituzte mendean Peña II.a eta Albisu, eta bigarrengoek, 22-21 Laso eta Iztueta.

Joseba Ezkurdia pilota jotzen, artxiboko irudi batean.
Joseba ezkkurdia pilota jotzen, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2024ko abenduaren 21a
21:36
Entzun

Binakako Txapelketako bikote sendoenak direla berretsi dute bai Ezkurdiak eta Rezustak eta bai Elordik eta Zabaletak. Lehenbizikoek 22-14 hartu dituzte mendean Peña II.a eta Albisu, eta partidarik galdu gabe daude. Elordik eta Zabaletak, berriz, lehenengoa galdu zuten, baina hurrengo hirurak irabazi dituzte. Ez dute nolanahiko garaipena lortu gaur, tanto baten aldeaz irabazi baitiete artean neurketarik galdu gabe zeuden Lasori eta Iztuetari: 22-21.

Ezkurdiak eta Rezustak nagusitasunez irabazi dute. Aurrelariak ondo baliatu ditu aurreko koadroetan izandako aukerak, eta argi izan du noiz amaitu tantoa. Atzelaria, berriz, nagusi izan da. Hala, 3-0 aurreratu dira. Peña II.ak eta Albisuk, berriz, ez dituzte aprobetxatu partidan sartzeko izan dituzten aukerak, zalantzati jardun dute, eta irabazleak aldea handituz joan dira: 7-2.  Partida gogortu egin da hortik aurrera, baina hor ere hobeto moldatu dira Ezkurdia eta Rezusta. Bai kolpez, bai fisikoki freskoago zeudela nabaritu zaie, eta garaipena bideratzen jarraitu dute. 

Arriskatuz eta bizi jokatuz saiatu dira aldea apaltzen galtzaileak, batez ere Peña II.a. Baina ez dute lortu. Ezkurdiaren eta Rezustaren nagusitasunaren seinale, 13-5ekoarekin pilota bakarra zuten galdua. Aurkariek ondo mugitzen jarraitu dute, eta errenta ondo kudeatzen. 16-6koarekin lortu dute ordu arteko alderik handiena. Azken txanpan, Peña II.ak eta Albisuk emaitza txukuntzea lortu dute.

Lehia estuagoa izan da Elordiren eta Zabaletaren eta Lasoren eta Iztuetaren artekoa. Hasiera parekatu baten ostean, lehen etenera 11-9 iritsi dira aurretik Elordi eta Zabaleta. Baina, gero, galtzaileek buelta eman diote partidari, eta 15-19koarekin, bazirudien partida ondo bideratua zutela. Elordik eta Zabaletak, ordea, ondo eutsi diote, eta hortzak estututa buelta eman diote partidari. Gaur jokatuko dute jardunaldiko azken partida Altuna III.ak eta Arangurenek, Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra, Arrasaten (18:00, ETB1).

Lehia estu batekin abiatu da Ados pilotaren Binakako Txapelketa ere. Aranburuk eta Mujikak 22-19 irabazi diete Oskozi eta Agirreri. Lau pilotariak ondo aritu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.