Bikote osoenaren bila

Herri kiroletako Binakako Txapelketa antolatu dute. Harri jasotzean, aizkoran, txinga eroatean, ingude altxatzean eta trontzan lehiatuko dira

Herri kiroletako Binakako Txapelketan ariko diren kirolariak, atzo, aurkezpenean. BASQUE SPORTS.
Julen Etxeberria.
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Herri kirolei bultzada emateko asmoz sortu zuten Basque Sports enpresa. Iazko azaroan, aizkorako Larrakoetxea Saria antolatu zuen, Loiun (Bizkaia), eta bertan Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Xabier Orbegozo Arria V.a aritu ziren. Ordukoari segida emateko asmoz, Basque Sportsek beste lehiaketa bat antolatu du. 5 Kirol izena du, eta berritzailea da, aizkolari batek eta harri jasotzaile batek osatutako lau bikotek neurtuko baitituzte indarrak bost kiroletan: aizkoran, harri jasotzean, txinga eroatean, ingude altxatzean eta trontzan. Inoiz ez da halakorik egin.

Mikel Larrañaga-Xabier Peña, Arria V.a-Xabier Eizmendi, Atutxa II.a-Inhar Urruzuno eta Xabier Zaldua-Jexus Mari Iruretagoiena Izeta III.a: horra lehian ariko diren lau bikoteak. Egin beharreko lana, berriz, hau izango da:100 kiloko kopa bat ehun aldiz altxatu; 45 ontzako hamabi enbor moztu; txanda librean, 50 kiloko txinga banarekin hamabi plaza egin; txanda librean, hemezortzi kiloko ingudea 150 aldiz altxatu; eta, biek batera, 45 ontzako enbor bati hamar mozketa egin.

Larrañaga-Peñak eta Arria V.a-Eizmendik jokatuko dute lehen finalerdia, apirilaren 6an, Maruri Jataben (Bizkaia), eta Atutxa II.a-Urruzunok eta Zaldua-Izeta III.a-k bigarrena, astebete geroago, Gatikan (Bizkaia). Finala, berriz, maiatzaren 1ean izango da, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Saio guztiak 12:00etan hasiko dira. Bikote irabazleak txapel bana eta 1.200 euro jasoko ditu. Sarrerak salgai daude jada www.basquesports.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.