Bikote mistoek jokatuko dute Donostia Hirian

Irribarria-Albisu eta Olaizola II-Zabaleta ariko dira, besteak beste, torneoan. Feria lau aurrelariren arteko desafio batekin hasiko da

Eneko Goia Donostiako alkatea, ferian jokatuko duten pilotariekin. J.U./FOKU.
Donostia
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Aspek eta Asegarcek feria erakargarria antolatu dute aurten Donostiarentzat. Torneoan bi enpresetako pilotariak nahasita arituko dira, eta, horren aurretik, lau aurrelarien arteko desafioa jokatuko da. Formula horrek emaitza ona ekarri du azken urteetan, eta errepikatu egingo dute. Feria abuztuaren 28an hasi eta irailaren 1era arte jokatuko dute.

Lehen eguneko erakargarri nagusia KPilota Txakolin desafioa izango da. Partida berezia izango da, lau aurrelari izango dira kantxan. Aspek Altuna III.a eta Ezkurdia elkartuko ditu. Asegarcek, berriz, Artola eta Olaizola II.a.Ez da ohikoa bi aurrelari atzeko koadroetan ikustea. Atanora hurbiltzen direnek aukera paregabea izango dute Ezkurdia eta Olaizola II. atzelari lanetan ikusteko. Irabazleek 600 txakolin botila eskuratuko dituzte. Partida horrez gain, Peña II.a eta Etxeberriak lau eta erdian eta Victorrek eta Elezkano II.ak buruz buru osatuko dute jaialdia.

Hurrengo bi egunetan ere partida ederrak ikusteko aukera izango da torneoko finalerdietan. Aspek eta Asegarcek bikote mistoak osatu dituzte. Abuztuaren 29an jokatuko da lehen finalerdia: Irribarria-Albisu bikote goierritarrak Arteaga II.a eta Rezustaizango ditu aurrean. Bigarren finalerdia abuztuaren 30ean jokatuko da: Altuna III-Imaz eta Olaizola II-Zabaleta bikoteak izango dira lehian finalean izateko. Finala irailaren 1ean jokatuko da, larunbata, 18:00etatik aurrera.

Gaur, Gasteizko finala

Donostia Hiria torneoa iritsi aurretik ere izango da pilotaz gozatzeko aukerarik. Urrunago joan gabe Aspeko bi bikotek Andre Maria Zuriaren Torneoko finala jokatuko dute gaur, Gasteizen, Ogeta pilotalekuan (17:30, ETB1). Ezkurdia-Rezusta eta Altuna III.a-Zabaleta ariko dira nor baino nor gehiago. Azken horiek herenegun lortu zuten finalera sailkatzea, Olaizola II.a eta Albisuri eta 22-15 irabazita. Zabaleta izan zen laukoteko onena, huts askoko partida batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.