Frantziako Tourra Euskal Herrian

Bikiak, eta beste denak

Adam Yatesek irabazi du Bilbon, haren anaia Simonen aurretik. Pogacar izan da hirugarren, eta Landak ondo eutsi dio. Piken puskatu da etapa

Bikiak, eta beste denak.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Hasiera bizi eta bortitza izan du Tourrak Euskal Herrian. Atzo jokatu zen lehen etapa, Bilbon hasi eta buka, eta, Tadej Pogacarren (UAE) eta Jonas Vingegaarden (Jumbo Visma) ordez, Adam Yates (UAE) eta Simon Yates (Jayco) bikiak izan ziren bi handiak. Pikeko igoera igarota alde egin, eta euren artean jokatu zuten etapa Zumalakarregi etorbidean. Anai eta etsai: bakarrak irabaz zezakeen, eta Adam erritmo hutsez nagusitu zitzaion leher egindako Simoni. Hortaz, datozen asteetan Pogacarren ezkutari nagusia izan beharko lukeenak jantzi zuen lasterketako lehen maillot horia. Buruzagia ez zuen urrun eduki: hirugarren izan zen Pogacar, beste hautagaiei esprinta irabazi eta lau segundoko gainsaria harramazkatuta. Hamabi segundora iritsi zen multzo hori, eta bertan izan zen Vingegaard, baita Mikel Landa ere (Bahrain). Pello Bilbao (Bahrain), ordea, ezin izan zen sartu desio zuen lehian.

Bete egin zen esperotako gidoia: Pikeko malda pikoek puskatu zuten etapa; edo, zehatzago esanda, malda horietan Adam Yatesek jarri zuen erritmoak. Bizikleta gainean altxatu, eta arerioak izerditan jarri zituen ohiko pedal kolpe dantzariaz. Pogacarrek segida eman zion, eta ondo itsatsi zitzaion Vingegaard, baita Victor Lafay ere (Cofidis), festako ezusteko gonbidatua. Tontorra igarota, haiekin bat egin zuten Yates anaiek, baita Landak, Jai Hindleyk (Bora), David Gauduk (Groupama) eta Wout van Aertek ere (Jumbo Visma), besteak beste. Alabaina, jokoz kanpo gelditu ziren izen handi asko: Julian Alaphilippe (Soudal), Mathieu van der Poel (Alpecin), Tom Pidcock (Ineos), Ben O'Connor (Ag2r), Bilbao bera... 33 segundoren galera izan zuten helmugan. Enric Masek (Movistar), ordea, ez zuen Bilbora iristerik ere izan, Ganguren jaisten erori, eta erretiratu egin baitzen. Richard Carapazek ere (Education) lurrean bukatu zuen, eta hamabost minutu galdu.

Txirrindulariei agurra dantzatu zieten San Mameseko irteeran, eta 12:30ean hasi ziren pedalei eragiten. Pasealdia egin zuten Bilboko karriketan, lehen 11 kilometroak neutralizatuak baitziren. Bide bazterrak zalez eta ikurrinez beteta zeuden ordurako. Iparralderantz egin zuen tropelak, eta, lehiari ekin eta berehala, bost txirrindularik hanka egin zuten multzo nagusitik: Simon Guglielmik (Arkea), Pascal Eenkhoornek (Lotto), Jonas Greegardek (Uno-X), Valentin Ferronek (Total) eta Lilian Calmejanek (Intermarche). Aise osatu zuten ihesaldia, txirrindulari gehiagorekin zalapartaka ibili behar izan gabe.

Ibilbide aldetik, Tourrak aspaldian izan duen estreinako etaparik gogorrena izan zen: ziklistek 3.300 metroko desnibela metatu zuten hanketan. Muino ugari eta bost mendate puntuagarri gainditu behar izan zituzten. Laukiz izan zen horietatik lehena, eta Greegard iritsi zen gailurrera lehen postuan. Borroka handia izan zuten iheslariek igoeretan puntuak zakuratzeko, eta Gaztelugatxen, Eenkhoorn izan zen indartsuena. Gernikako tarteko esprinta ere hark irabazi zuen. Atzean ere izan zen lehia, eta Mads Pedersen (Trek) eta Peter Sagan (Total) igaro ziren buruan.

Bigarren mailako sailkapenak lehiatzeaz landa, ezer gutxi egin ahal izan zuen aurreko boskoteak. Tropelak ez zion inolako aukerarik eman etapa garaipenarekin amets egiteko: aldeak nekez gainditu zuen bi minuturen langa, eta kilometro askoan minutu eta erdi ingurukoa izan zen. Kontrol lanean zintzo aritu ziren Alpecin, Soudal eta Jumbo taldeetako txirrindulariak, eta aurrekoak harrapatzear izan ziren 75 kilometroren faltan, Ibarrangelu inguruan. Iheslariek tartea zabaldu zuten atzera ere, baina idatzita zegoen haien patua. Azken 50 kilometroetara iristean egin zuen haienak.

Jaitsierak erabakigarri

Batera iritsi ziren Morgako gainera. Gangurenen, baina, bukatu egin ziren berriketak, Mikkel Bjerg (UAE) tiraka hasi orduko. Estutu handia egin zuen, eta, indarrak ahitu zitzaizkionean, Jumbo taldeak hartu zion txanda. Erritmoa gogorregia izan zen Omar Frailerentzat (Ineos), eta oso atzean agertu zen Bilbao. Eta, maldan behera, zoritxarrarekin tupust egin zuten Masek eta Carapazek, Tourreko podiumera igotzeko hautagai nagusietako bik. Kolpe handia hartu zuten lurraren kontra. Akabo Tourra Masentzat, eta Carapazek, etapa bukatu arren, zail du jarraitzea.

Hurrengo jaitsiera ere erabakigarria izan zen, bertan egin baitzuten eraso Yates anaiek. Adamek lanerako atorra jantzi zuen Piken, baina erantzi egin zuen gero, maillot horia soineratu nahian. Atzean, bildu egin ziren Vingegaarden babesleak, bikiei jarraikiz. Alabaina, anaitasunez jokatu zuten anaiek, eta eutsi egin zioten tarteari Bilborabidean. Bukaerako aldapan, Adamek ez zuen ordaindu Piken egindako ahalegina. Erraz gailendu zen. Aurreneko garaipena du itzuli handi batean. Zaindari ahaltsua izango du Pogacarrek. Esloveniarra bera indartsu agertu zen atzo, Vingegaard eta Landaren gisara.

Saio luzea eta gogorra

Klasiko kutsuko beste etapa bat jokatuko da gaur, Gasteiz eta Donostia artean. 209 kilometroko saioa izango da, aurtengo Tourreko luzeena. Bost mendate izango ditu bidean: Udana, Aztiria, Alkiza, Gurutze eta Jaizkibel. Lehen 70 kilometroak ordekan eta maldan behera egingo dituzte, baina, gero, gora eta behera ariko dira ia etenik gabe. Jaizkibel Hondarribitik igoko dute (8,1 kilometro eta %,5,3ko pendiza), eta, behin tontorrera iritsi eta gainsariak hartuta, 16,5 kilometro geldituko zaizkie helmugara iristeko, Zurriola hiribidera. Aurrerago, Bulebarrean, Donostiako Klasikoa irabazi zuen Adam Yatesek 2015ean. Maillot horiari eusten saiatuko da bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.